Museoen Mapeak Bilboko hamar museoen jarduerak erakutsiko deuskuz
2022-03-04 11:17 KultureaMuseoen Mapea proiektu pozgarria da, gure museoak oinarrizkoak izan baitira, Bilbo gaur egun ezagutzen dogun uria izateko.
Museoen bultzadea ezinbestekoa izan da Bilbo eraldatzeko eta kultura-uri bihurtzeko. Gideak urian zeharreko ibilbidea eskaintzen dau, museoz museo. Museoen Mapeari esker urian dagozan hamar museoei buruzko informazinoa izango dogu.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendu dau aurkezpena eta honako honeek be izan dira bertan: Miguel Zugaza, Arte Eder Museoko zuzendaria; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoaren eta Berreginen Museoko kudeatzailea; Jon Ruigomez, Itsasmuseum Bilbaoren zuzendaria; Juan Manuel Gonzalez, Eleiz Museoaren zuzendaria; eta Asier Arrate, Athletic Club Museoko zuzendaria.
Alkatearen esanetan, Museoen Mapea proiektu pozgarria da, gure museoak oinarrizkoak izan dira, Bilbo gaur egun ezagutzen dogun uria izan daiten. Harrotasun handiz erakusten deutsagu munduari gure uri kosmopolitea, kulturala eta modernoa. Nazinoarteko ikuspegia dau Bilbok, baina sekula ez dau ahaztute nondik datorren; ez ditu ahaztuten sasoi bateko bere ezaugarriak, sustraietan errotuta ditu oinarrizko balioak.
10 museo Bilbon
Katalogoan, honako honeei buruzko informazinoa dago: Arte Eder Museoa; Guggenheim Bilbao Museoa; Euskal Museoa; Berreginen Museoa; Itsasmuseum Bilbao; Eleiz Museoa; Zezenketa Museoa; Arkeologi Museoa; Pasino Irudien Museoa eta Athetic Club Museoa.
Gideak, beraz, museo horreetan guztietan zeharreko ibilbide bat erakusten deusku. Hasierea Bilboren bihotz historikoan dago, Zazpi Kaleen inguruan, han dagoz eta Euskal Museoa, Berreginen Museoa, Eleiz Museoa, Arkeologi Museoa eta Aste Santuko Pasino Irudien Museoa. Eta, itsasadarraren bideari jarraituz, Abandoibarran topauko ditugu Bilboko pinakoteka handi biak: Guggenheim Bilbao Museoa, nazinoarteko artearen eta arkitekturearen erreferentea eta Arte Eder Museoa, Europako onenetakotzat joten dana.
Ibilbidea osotzeko, Itsasmuseuma, uriaren iragan itsasontzigile eta itsas nabgazinokoaren lekuko; Athletic Club Museoa, San Mamesen, futbolaren katedralean, eta Zezenketa Museoa, Vista Alegre zezen-plazan.
Bizkaiko uriburuko kultura-zentro horreei esker, bisitariek eta bilbotarrek aukerea dabe uriaren zazpi mendeko historia ezagutzeko eta lehengo eta oraingo Bilbora hurreratzeko.
Etorkizunera begira, alkateak hiru gako emon ditu, uriaren eta arte-zentroen kultura-kudeaketan estrategikotzat joten dituanak: ahalegin kolektiboa egiten jarraitzea, gure museoak herritarrakandik gero eta hurrago egon daitezan; kulturea bultzatzea, gizartea egituratzeko elementu legez, kulturan inbertidutea eta uriko museoak, XXI. mende honetan, ekipamendu hutsak baino, agente eragileak izan daitezala gure inguruko gizarte-eraldaketetan eta jatozkuzan erronketan.
Gidea, 4 hizkuntzatan
Gidea euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago. 19 orrialde ditu, erretratu eta testuakaz. Uriko hamar museoen gaineko informazinoa emoteaz gan, beren historia eta berezitasunak jasoten ditu.
Museoen Mapea eskuragarri dago museoetan eta Bilbao Turismoren bulegoetan. Bersino digitala be deskargatu daiteke eta irakurketa errazeko formatua be bai —ulertzeko zailtasunak dituenentzat—.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!