Bilboko txistulari Bandeak 'Eki Izpiak' eskainiko dau martiaren 7an
2022-03-04 10:27 MusikeaNeguari agur esateko kontzertua izango da.
Abesti herrikoiez gan, Xabier Saldiasegaz batera, ibilbidean zehar Egan taldea ospetsu egin daben abestietako batzuk entzun eta abestu ahal izango ditu publikoak. Iñar Sastre pianisteak eta Gorka Eskauriaza baxujoleak be parte hartuko dabe ikuskizunean.
Besteak beste, Euskal Herrian euskaraz, Oi ama Euskal Herri, Ikusi mendizaleak, Xalbadorren heriotzean, Egun da Santimamiña, Gora ta gora beti edo Mexiko entzungo dira kontzertuan.
Hitzordua 19:00etan izango da Euskalduna Jauregiko 0D aretoan. Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan erosi daitekez.
Plaza Barrian Aratusteetako azken kontzertua emon ondoren, Bilboko Udal Txistulari Bandea Euskalduna Jauregira bueltauko da datorren astelehenean, martiaren 7an, Eki Izpiak izeneko ikuskizunagaz neguko kontzertu-zikloari amaierea emoteko. Publikoaren parte-hartzea olinarrizkoa izango da, izan be, helburua ikusleakaz abestea da, euskal kantutegiko pieza zahar eta barriak.
Kontuak kontu, txistua, baxu elektrikoa eta pianoa protagonista dirala, Iñar Sastre, Xabier Otaolea eta Xanet Arozenaren moldaketakaz, danok ezagutzen ditugun euskal konposizino handiak interpretauko dira.
Datozen hileotan, hitzordu ugari izango dira aire zabalean, horreen artean apirilaren 14koa, Basque Fest jaialdiaren barruan. Batetik, Kantujira bat egingo da Bilboko Alde Zahar eta 7 kaleetan zehar (12:00etan) eta bestetik, 18:00etatik aurrera, Dizdira ikuskizuna eskainiko da Arriaga Plazan, Aitor Furundarena akordeoi jolea, Sestaoko Birakari konparsako erraldoiak, Oinkari Jantza Taldea eta Ohiana Iguaran bertsolaria lagun izango dabelarik.
Egungo osasun-egoerea dala eta, maskarea erabili beharko dabe bertaratzen diran guztiek, baita 3 urtetik gorako umeek be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!