Euskera Bizia Batzordeak gazteriari jarri deutso arreta berezia

Bizkaie! 2022-03-04 08:04   Euskerea berbagai

Euskerea bizitza sozialaren erdigunean jarri eta herritarrakan hurrekotasuna eta ilusinoa biztea da asmoa.



Euskalduna Jauregian Euskera Bizia Batzordearen aldiroko bilerea egin dabe bart. Organo aholku-emoile hau Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako lurraldeko alkarte eta erakunde-sareko ordezkarien topalekua da, eremu sozial guztietako jentea batzen dauena, euskerearen aldeko jarrerea sustatu eta euskerearen erabilerea bultzatzeko programak lantzen dituenak.

Euskera Bizia Batzordea ohiko bileran batu da bart; batzarrari Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak emon deutso hasierea eta sailaren 2022 urteko lan-arlo nagusien azalpena egin dau. Diputaduak adierazo dau Aldundiaren helburua dala euskerea bizitza sozialaren erdigunean jarri eta herritarrakan hurrekotasuna eta ilusinoa biztea. Etxe barrutik hasi behar danez lanean euskerearen plan orokorra foru administrazinoko sail guztietan zabalduko da eta barruko komunikazinoan erabilerea sustatzeko proiektu barritzaileak sortzen jarraituko dogu, langileen euskerazko Komunikazinoa erraztuz. Horrezaz gan, gizartera begira, erronkea izanik Bizkaian euskerearen erabilerea esparru estrategiko guztietan sustatzea, urte honetan euskerearen bizi indarra sustatzeko egitasmoak martxan jarri edo sendotuko ditugu batez be gazteen artean zein kirolean, esparru sozioekonomikoan eta IKTetan. Gainera kontuan izanik pandemia egoeratik urten ahala susperraldia bultzatzea jagokula ahalegin berezia jarriko dogu euskerazko sorkuntzan.

Euskera Bizia Batzordearen batzar honetan, Bizkaian gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeko zer egin dan izan da eztabaidagai nagusia eta, horren harian, martxan dagozan lau proiektu eraginkor aurkeztu eta landu dira: Zirimola Ikastolen Aisialdi Taldearen eskutik Emon Hegoak proiektuaz berba egin dau; Kurkuluxetan Alkarteak, barriz, ume eta gazteen euskerearen erabilerea sustatzeko egitasmoak azaldu ditu: Egizu Getxo Euskaldun alkarteak Gazte Saltsa! Proiektua erakutsi dau eta azkenik Ahize-AEK alkarteak Periferiako gazteak eta euskerea proiektua ezagutarazo dau.

Saioa probetxuzkoa izan da eta zabaltzeko moduko praktika onak eta ideak proponidu dira eta, horren harian, maiatzean gai honi jarraipena emongo deutso Euskera Bizia Batzordeak.

Batzordearen jarduera nagusia da Bizkaiko Lurralde Historikoan gizarte-alor diferenteetan euskerearen erabilerea sendotzeko bultzatu daitekezan ekimenak identifikau, sendotu eta lantzeas. Era berean, gomendioak eta proposamenak be egiten ditu Euskera Bizia Batzordeak eta alkarte eta erakundeen arteko hartu-emonetarako eta komunikazinorako foroa be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu