Xabier Altzibar: 'Euskerea eta umeen mundua izan ziran Juleneren pasinoa'.
2022-03-07 07:55 BarriketanAskatasun eguzkia baino beharrago plazaratu barri dauen idazlea.
Etxebarrian (Bizkaia) jaio zan 1951ko abuztuaren 18an.
Filologia Erromanikoan lizentziaduna eta Euskal Filologian doktorea.
Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasle katedradun ohia (UPV-EHU) oraintsu, 2021eko abuztuaren 21ean, jubilau zan arte.
Euskaltzain urgazle izentau eben 1996ko martiaren 29an. Euskal filologia lanak eta edizino kritikoak argitaratu ditu, baita ikerketa lanak euskal literatura eta literaturgileez.
Ondoko batzordeetan parte hartu dau: Literatura Ikerketa (1991-2007) eta Euskal Literaturearen Antologia egitasmoa (2018- ).
Zenbait idazlan argitaratu ditu: Bizkaierazko idazle klasikoak (1992), Ipuinak / Juan Antonio Mogel [arg.] (1995), Amodioaren martirra / Ernest Daudet [arg.] (2013), Jan Hiriart Urruti - Ni kazeta-egilea naz (2004) eta egunotan plazaratutako Askatasun eguzkia baino beharrago, Julene Azpeitia ardatz dauena. Ikerlana bultzatu eta argitaratu dauen Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren online dendan erosi daiteke dagoeneko.
1.- Maistra eta idazle lanetan ibili zala badakigu baina nor izan da Julene Azpeitia?
Maistrea, idazlea, euskaltzalea, pedagogoa eta euskerea maite ebana, euskerearen alde sutsua. Zumaian jaio zan 1888ko urtarrilaren 8an eta 1980ko zezeilaren 5ean Bilbon hil zan 92 urte zituala. Maistra izateko ikasketak egin ondoren, hemeretzi urte zituala hasi zan zeregin horretan eta lehenengo egunetik umeen artean euskerea maitatzeko ardurea sortzea zan helburua. Aizarnazabalgo eskolan ekin eutson maistra jarduereari baina apendizitisak jota hilzorian egon zan eta bizipen haren ondorioz, leku haretatik joatea erabagi eban. Aizarnazabaldik, Bizkaira joan eta Abadiñoko eskolan ekin eutson; 1908 eta 1911 urteen artean barriz, Bilbo eta Zumaian ibili zan maistra lanetan. Valladoliden 1911. urtean egin ziran oposizinoetan lehenengo postuan geratu eta Bilboko ikastoletan hasi zan arlo pedagogikoa lantzen.
2.- Orain egun batzuk argitaratu dozu Askatasun eguzkia baino beharrago liburua Julene Azpeitia zumaiarraren gorabeherak batzen dituan liburua. Izenbururako hautagai bat baino gehiago izan dozuz aukeran?
Bai. Izenburuak ugari nituan eta burukomin handia izan zan bat hartzea; alderdi edo arlo ugari jorratu zituan emakumea zan Julene, nortasun handikoa eta alde batetik, pedagogo lez aintzat hartua zan eta, bestetik, idazle moduan gitxitxuago aztertu izan da. Kontuak kontu, Askatasun eguzkia baino beharrago izenburua ipinteko arrazoien artean, Julenek idatzi eban: Euskerea degu geure aberritasunaren ezaugarri bereziena, askatasun eguzkia baino beharrago; eta idea hori hartu neban Sabino Aranagandik, izan be, Julenek esan eban moduan, euskerea da Askatasun eguzkia baino beharrago eta esan gura eban euskera barik ez dagoala aberririk eta ze arrazoi hoberik horixe titulua ipinteko liburuari. Herri baten nortasunari jagokonez, hizkuntzearen indarra ezinbestekoa da, hizkuntzearen eskubideak ez badira errespetetan aurrez aurrekoak sortzen dira eta, duda barik, hizkuntzeak emoten dau indarra.
3.- Liburu potoloa da, 900 orrialde ingurukoa eta hiru bat urte egin dozuz datu eta pasadizo guztiak zehaztu eta atontzen. Informatzaileakaz barriketan, batze lana eta bestelakoakaz gustora ibiliko zinan. Zeozeren faltea ete dago liburuan, jorratu bako gairen bat?
Bai, hiru bat urte egin dodaz, dokumentazino aztertu, informanteakaz barriketan, Juleneren idazlanak aztertzen, ordenetan emon ditut orduak. Eta, jakina, topau ez dodazanak be egongo dira, 200 artikulu inguru dira, 5-6 liburu, idazle emonkorra, bai gerra aurrean, baita gerra ostean be. Bitxikeriatzat hartu daiteke baina orain dala ehun bat urte sukaldaritzearen gaineko liburu bat idatzi eban: Osasuna, merketza eta janaritzaz.
Jorratu bako gairik ete dagoan dinostazu eta, jakina, badagoz arloak, liburuak, artikuluak eta ez ditudanak irakurri, 900 orrialde gitxi litzatekezalako, milatik gora beharko neukazalako [Barreka]. Serio esango deutsut, gerrea, gerra ostekoa eta enparauak etorri ziranean, euskereagaz eta euskal usaineko obra guztiak lurpean sartu zituen, diktadurea gogor ebilen eta Julenek Euzkadi aldizkarian idatzitako guztietatik, pare bat baino ez ziran geratu, gordeta, ezkutauta eta izan zituelako batzuk.
4.- Maistra ikasketak egin eta Donostian, Zumaian, Bilbon, Durangon, Markina eta Gorlizen ibili zan, beti be ikasleen artean euskerea maitatzeko helburua
sustraitzeko gogoz...
Ibilbide luzea Julene Azpeitiarena, Aizarnazabaldik Bizkaira, Bilbon, Astorkia etxean eta ibili zan eskolak emoten baina Valladoliden oposizinoak atarateko asmoagaz ebilen eta 1991n aurkeztu eta lehenengo postuan geratu zan eta berehala Ea herri dotorera joan zan eta urte batzuk emon zituan hor. Julenek berak esaten eban sekula ez dauela ikusi hain herri ederrik.
Aurrerago Mexikora ezkondu eta han be lau bat urte egin zituan; han ezkondu zan bilbotar bategaz eta umea be izan eben. 1918an bueltau zan BFAk atondutako landa eremuko auzoetako eskolak gaia ardatz hartuta eta proiektu horretan be sartu zan Julene eta emakume irakasleen zuzentzaile jarri eben. Hortik aurrera lan hori baztertu eta joan zan Zornotzako Dudea auzora, Abadiñoko Mendiola auzoko eskolara eta aurrerago Abadiñoko Matienara. Hamar bat urte egin zituan Matienan baina gerreak erbesteratu beharra ekarri eta Iparraldera egin eban salto eta hor ibili zan, hara eta hona; aurrerago Gorlizeko gaixoetxean izan eban aukerea eta hor urte bi egin zituan. Gorabeherak gorabehera, Burgos aldera be joan zan. Azken urteak, barriz, Markina-Xemeingo Urberuaga auzoko eskolan emon zituan.
5.- Mexiko aldean be urte batzuk egin zituan eta bertan hasi zan idazten. Edozelan be, Arritokietan ezizena erabiliz, ehunka arkitulu idatzi zituan Euzkadi, Karmel, Yakintza, Egan eta Zeruko Argian...
Bai. Lehen be esan deutsut Mexikon egin zituan lau urte eta ezkondu be egin zan han bilbotar bategaz eta ume bat be ekarri eben mundura.
Ganerakoan, idazteari ez eutson itxi eta makinatxu bat artikulu argitaratu zituan bertan.
6.- Sariak be irabazi zituan, besteak beste, 1925ean, Irakurri matte lanagaz lehenengo saria irabazi eban eta 1933an, barriz, Euli baten edestia lanari esker Kirikiño Saria irabazi eban eta bigarren sariak be irabazi zituan. Baina beste batzuk be nabarmendu daitekez. Zeintzuk?
Esan dozuzan horreek dira, akaso, entzutetsuenak baina gehiago be badira, pedagogia arlokoak eta. Autortzen artean, Osasuna, merketza ta yanaritza saritu eutson Euskaltzaindiak 1935ean; Amandriaren altzoan liburuari esker bigarren geratu zan 1955eko Kirikiño Sariketan; Goizeko Izarra ipuinak 1959an Miarritzeko Kulturearen Alde alkartearen lehiaketan bigarren saria irabazi eban eta Auntza Baratzan ipuinagaz lehenengo saria hartu eban.
Bizkaiko Diputazinoak pedagogia gaien gainean 1925ean atondutako lehiaketan Irakurri matte lanari esker lehenengo saria irabazi eban.
7.- Julene Azpeitiak plazaratutako liburuen artean, besteak beste, 1961eko ipuin-bildumea eta Umien Adizkidea umeentzako liburuxkea nabarmenduko daitekez...
Asko idatzi zituan. Odolak odolari dei ipuin luzea, batzuk nobelea zala esaten eben eta Martxela be bai. Lehen nabarmendutako Amandriaren altzoan eta Irakurri, matte eta Zuentzat eta Goizeko Izarra aitatuko deutsudaz. Haren sasoian ume-literaturearen arloan egoan hutsunea beteten ahalegindu zan, euskerea eta umeak maite zituan.
8.- Loiola Herri Irratian eta Arrate Irratian be entzun zan Julene Azpeitiaren ahotsa. Zelan sartu zan irratigintzan?
Euskerea zabaltzeko tresna ziran irratiak eta edozeinengana heltzeko bidea. Urte asko egin zituan Loiola eta Arrate irratietan; astero ordu-erdiz egiten zituan emonaldiak eta 74 urte zituala be, oraindino bialtzen zituan lanak Arrate eta Loiola irratietara. Arrate Irratian, astean behin umeei ipuinak kontetan eutsezan, izan be, umeen idazketa sariketa, lehiaketa eta holakoetan ibilten zan gustora. Euskerearen alde beti.
9.- Zumaian zein Durangon, Julene Azpeitia literatur eta ipuin lehiaketak be ugaldu egin ziran. Zelako harrerea izan eben?
Ona, Zumaiako ipuin sariketea eta Durangoko literatur lehiaketea be estimadu ditue herritarrek.
Durangon be, Julene Azpeitia Lehiaketea indar handikoa zan, umeak eta euskerea buztartzeko, euskerearen normalizazinoa sarri aitatzen dogun sasoian, orain mendi erdi hainbat ahalegin eta ekimen egin ziralako euskerearen transmisinoa bermatzeko: Julene Azpeitia honen lekuko.
10.- 2004. urtean, Durangoko Udalak haurtzaindegia zabaldu eban eta Julene Azpeitia Ume Eskolea izena jarri eutson...
Bai. Horrek erakusten dau durangarrek maite ebela Julene Azpeitia. 2004. urtean izan zan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!