Bilbao Orkestra Sinfonikoak mendeurreneko ekitaldiak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2022-03-03 08:53   Musikea

Hilaren 9an, ONCEren kupoiak orkestrearen mendeurrena izango dau protagonista.



Bilbao Orkestra Sinfonikoa
k (BOS) hasierea emon deutse gaur mendeurreneko ekitaldiei eta aurreikusitako jarduera-egitarau zabalaren barruan, kontzertuak, berbaldiak eta erakusketa ibiltari bat atondu, uriko horma-irudi erraldoi bat sortu, komiki oroigarri bat argitaratu eta plaka oroigarria erakutsiko da Arriaga Antzokian, BOSek 1922ko martiaren 8an emondako lehenengo kontzertua gogora ekarriz. Gainera, datorren eguaztenean, hilaren 9an, ONCEren kupoiak Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena izango dau protagonista.

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mende beteko ibilbidea ospatzeko egitarauaren ekitaldi nagusia BOSek martiaren 10 eta 11n eskainiko dauen Mendeurreneko Kontzertua izango da, Leonard Slatkin estadubatuarraren zuzendaritzapean eta Bilboko Koral Alkartearen, Miren Urbieta-Vega euskal sopranoaren eta Isabelle Druet mezzosoprano frantsesaren partaidetzaz.

Gainera, BOSek Guggenheim Bilbao Museoaren 25. urteurreneko ospakizunakaz bat egin eta Modest Mussorgskyren Erakusketa bateko koadroak joko dau, baita Augusta Holmès frantsesaren Andromeda poema sinfonikoa be.

2022-2023ko abonu-denporaldiaren barruan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak El Señor de los Anillos: La Comunidad del Anillo filmaren jatorrizko bersinoaren (ingelesez, euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluakaz) kontzertu-proiekzinoan parte hartuko dau, Oscar bat irabazi eban Howard Shorek sortutako soinu-bandea zuzen-zuzenean eskaintzeko.

Hitzordua abenduaren 15ean eta 16an izango da eta astebete geroago, hilaren 22an eta 23an, Bilboko Udal Bandearen eta BOSen arteko topaketa-kontzertua egingo da, talde biek batuta egin eben 20 urte inguruko ibilbidearen oroimenez.

Azkenik, 2022-2023 denporaldi honetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak mendeurrenagaitik bertako konpositoreei enkargautako hiru obra estreinauko ditu: 2023ko martiaren 9an eta 10ean, BOSek piano eta orkestrarako kontzertua eskainiko dau, Musikearen Sari Nazionala irabazi barri dauen Gabriel Erkoreka bilbotarrak sortutakoa. Eta datorren urteko apirilaren 28an eta 29an, BBVA Fundazinoaren 2020ko Leonardo Bekea jaso eban Javier Quislant musikagile bilbotarraren Tiempo silente zertxobait obra estreinauko dau.

Kontuak kontu, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurreneko jarduera-programearen barruan, berbaldi-zikloa atondu dabe da Deustuko Unibersidadeagaz batera, igazko abenduaren 14tik aurtengo maiatzaren 24ra eta bertan parte hartuko dabe, besteak beste, Maite Aurrekoetxea Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioko Zuzendariak, Miren Iñarga Musikeneko Zuzendariak, Jorge de Persia ikertzaile eta musika-kritikariak eta Luis Gago editore eta musika-kritikariak.

Horrezaz gan, martiaren 17an, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenari buruzko erakusketa ibiltaria inaugurauko da Arriaga Antzokiko Plazan eta bertan izango da ikusgai hilaren 30era arte, Bizkaiko geografia osoan zehar egingo dauen ibilbideari ekin baino lehen.

Erakusketearen inaugurazinoagaz batera, plaka oroigarria ikusgai egongo da Arriaga Antzokian, BOSek 1922ko martiaren 8an eskainitako lehenengo kontzertua gogora ekarriz.

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena ospatzeko aurreikusitako bestelako jardueren artean, beren-beregi nabarmendu behar dira Bilboko orkestrearen ehun urteko ibilbide musikalari buruz irailean argitaratuko dan komikia, Enrique Martínez-Inchausti (Kike Infame) marrazkilari ezagunak egina, edota ehun metrotik gorako horma-irudiaren sorrerea Jesusen Bihotza Plazaren ingurutik Olabeaga auzoraino doan horman, Pablo Astrin arte urbanoko espezialistearen eskutik.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

Joan den mendeko 20ko hamarkada Bilbao Orkestra Sinfonikoaren jaiotzaren lekuko izan zen, izan ere, orkestraren jendaurreko lehen emanaldia Arriaga Antzokian 1922ko martxoaren 8an eskainitako kontzertua izan zen, berrikitan sortua zen Musika Kontserbatorioko zuzendari Armand Marsick-en batutapean.

Garai hartan, Bilbok beste bi musika-erakunde ospetsu zituen, 1886an sortutako Koral Elkartea eta 1896an eratutako Elkarte Filarmonikoa, baita gerrarteko Bilbo hartako bizitza-kulturaren funtsezko bultzatzailea izan zen Kurding Club ezaguna ere.

Egun, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sortutako irabazi-asmorik gabeko Juan Crisostomo de Arriaga-Bilboko Orkestra Sinfonikoa Fundazioak kudeatzen du.

BOSen mendeurreneko ekitaldien aurkezpenean izan dira Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kulturako Zuzendaria, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroleko Foru Diputadua, Ibon Aranbarri Bilbao Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Nagusia eta Miguel Arbelaiz BOSeko Enpresa Batzordeko Presidentea.

Prentsaurrekoaren ondoren, biolinen arteko trio baten emonaldiaz gozetako aukera izan da, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren hiru belaunaldi ordezkatu dituen Giulia Brinckmeier kontzertinoa, Stefan Madru lehen biolina eta Azer Lyutfaliev bigarren biolinaren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu