Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskarri digitalera ekarri da

Bizkaie! 2022-02-28 13:17   Kulturea

XX. mendeko bizimodua erakusten duen 40 urte baino gehiagoko ikerketa oparoa sarean da.

Gaur goizean Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren webgunea aurkeztu dabe Itsasmuseumeko Daniel Zuloagaren muralaren aurrean: Atlas Etnografikoa osotzen daben zortzi liburukiak digitalizau dira eta orain edonoren eskura dagoz.

Aurkezpenean izan dira: Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentea, Francisco Javier Zubiaur Etniker Euskalerria Taldeen ordezkaria eta Igone Etxebarria Labayru Fundazinoaren zuzendariak. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskal kulturea eta bizimoduari buruzko ikerketea da, hainbat gai batzen ditu zortzi liburutan. Ikerketearen eduki osoa webgune bakar batean
jaso da, lan honen emoitzea konsultau nahi dauen edozeinek informazinoa eskuragarri izan daian sarean. Lan honek Euskal Herriko ondare kulturala hobeto ezagutzeko aukerea emongo dau.

40 urtetan egindako lanaren digitalizazinoa:

Orain arte Euskal Herriko Atlas Etnografikoa liburu euskarrian zabaldu da. Labayru Fundazinoaren eta Petronor enpresearen arteko lankidetza hitzarmenaren ondorioz, barriz, zortzi liburuak digitalizau egin dira, liburuki guztiak batera egon ahal izateko eta gaien konsulta eta bilaketak errazteko. Horretarako, webgune bat sortu da: atlasetnografico.labayru.eus.

Testua osorik gaztelaniaz badago be, kapitulu eta atal garrantzitsuenen sarrerak hiru hizkuntzatan itzuli dira: ingelesez, frantsesez eta euskeraz.

Proiektuaren digitalizazinoak lau helburu nagusi ditu:

● Euskal Herriko ondarearen erreferentziazko bilduma bilakatzea.
● Hezkuntzarako baliogarri izatea ondareari buruzko transmisinoa bideratzeko.
● Euskal Herriko bizimodua, sinismenak eta ohiturak modu errazean zabaldu
eta konsultetako ataria izatea.
● Euskaldunon ondarea eta izakerea mundura zabaltzea.

XX. mendean José Miguel de Barandiaranek abiatutako egitasmoa, 2022ra ekarri da:

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa José Miguel de Barandiaran lantzen hasi eta Etniker Taldeek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Iparraldean eta Nafarroan egindako ikerketea da. Honen helburua XX. mendeko bizimodu tradizionala jasotza izan da gero, gizarteari transmitiduteko eta edonoren eskura jarteko.

Ikerketa honi 70eko hamarkadearen hasieran ekin jakon. Industrializazinoak eraginda, bizimodu tradizionalean aldaketa handia jazo zala eta, ordura arteko bizimoduaren barri jasoteko helburuari eusteko sortu zan egitasmoa. Ordutik 100 ikertzailek baino gehiagok parte hartu dabe ikerketan. Bertatik, 8 liburu tematiko, 8.000 orrialde eta 2.000 irudi inguru argitaratu dira. Euskal Herriko Atlas Etnografikoak ondoko gaiak jorratu ditu: Elikadurea (1990, 2. arg. 1999), Haur jolasak (1993, 2. arg. 2005), Heriotza ohikuneak (1995), Ohikuneak jaiotzatik ezkontzara (1998), Abeltzaintzea eta artzaintzea (2000), Herri medikuntzea (2004), Etxea eta familia (2011) eta Nekazaritzea (2018).

Ekimenak erakundeen eta Petronor enpresearen babesa izan dau

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa proiektua martxan jarri ebenetik finantzazinorako hainbat ekarpen izan ditu, erakundeetatik batez be. Denporan luzaroen lagundu izan dabe Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak. Horrezaz gan, beste laguntza batzuk be izan dira, batez be, liburuen argitalpenetarako (Akitaniako Lurralde Kontseilua, BBK Fundazinoa, HAZI, Arabako Foru Aldundia...).

Azkenik, Petronorrek babestu dau (2017-2019) liburuki guztiak digitalizetea eta sarean batuta zabaltzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu