Zinema Euskerazek ‘Ainbo: Amazoniako gerraria’ filma estreinauko dau

Bizkaie! 2022-02-25 08:26   Euskerea berbagai

Gaur, zezeilak 25, EAEko eta Nafarroako zinema-aretotan.

EAEko eta Nafarroako sei zinema-aretotan Zinema Euskeraz programak bultzatutako Ainbo: Amazoniako gerraria filma estreinauko dabe. Peruko filma da, Richard Clausek eta José Zeladak zuzendua eta zazpi urtetik gorakoentzat gomendatua.

Zineuskadik sustatuta, Zinema Euskeraz programearen barruan aurten estreinauko dan bigarren filma da, Ilargirantz lanaren ondoren. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi dabe atontzaileek. Egitasmo honi esker, ume eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketea bultzatzen dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta euskerea sustatzen dau zinemagintzan. Beraz, Zinema Euskeraz programeak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko helburua dau, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Moana eta Frozen bezela, Ainbo: Amazoniako gerraria heroi epiko baten zeharkaldia da, Amazoniako herri indigenen bizi-eremuan barrena egiten dauena. Mezu ekologista garbia dakar, naturea neurriz kanpo ustiatzen dabizan horreen aurrean. Ainbo txikia Amazoniako oihan sakonean bizi da. Ama galdu ondoren, herrixkako nagusiakaz hasarretu da arkulari gaztea eta bidaia bati ekingo deutso bere herria gizon zuriaren handinahi suntsitzailetik salbetako. Ainbo heroi gazte baten eta bere espiritu gidarien bidaia epikoa da: Dilo, armadilo txiki eta olgetazalea; eta Urde, tapir mardula. Alkarregaz ekingo deutse bilaketeari, Amazoniako oihan zoragarriaren erdian dagoan euren bizilekua salbetako.

Ondoko zinema-aretoetan proiektauko dabe filma: Golem Alondiga (Bilbo) eta Golem La Morea (Iruña), Antiguo Berri Zinema (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Zugaza Zinemak (Durango) eta Getxo Zinemak (Getxo).

Era berean, datozen hileotan publiko zabalari zuzendutako hainbat film izango ditugu ikusgai eta Barrazkiloa eta balea filma estreinautuko dabe martiaren 25ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu