Hamaika proposamen eta kultur adierazpen 8. Loraldian

Bizkaie! 2022-02-24 07:55   Kulturea

Hautsi zen anphora! goiburupean, martiaren 7tik 27ra.

Hamazortzi egunetan, Bilboko 14 gunetan, danetarik izango dan eta, ohikoa danez, diziplinen arteko bat-egitea be proponiduko dau. Erreferente kulturalak eta talentu barriak eta gazteak batuko dira, izan be ere, egun oso bat eskainiko jako gazteenen sorkuntzeari.

Loraldiaren aurkezpenean izan dira Kultur Alkartearen zuzendari artistikoa Imanol Agirre eta Amaia Ocerin, komunikazino arduraduna, Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol foru diputadua eta Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea; bidelagunen artean, EKE (Euskal Kultur Erakundeko Johanes Etchebest zuzendaria; Asier Amondo, Korrikako arduraduna; EHAZEko ikusle klubako Matxalen de Pedro izan dira. Sortzaileen artean, Bernardo Atxaga, Getari Etxegarai, Alaine Agire eta La Basu izan dira.

Hautsi zen anphora! da aurtengo edizinorako aukeratutako lemea. Orain lau hamarkada luze Atxagaren Etiopia lehen liburutik abiatuta, Ruper Ordorikak lan horretako hainbat poema kantu bihurtu eta Hautsi da anphora aurkeztu eban. Berritzaileak diran poema eta kantu hareek badabe zer kontau gaurko garaiotan. 1980an bezela, joandakoari agur eta mila ispilutan gure sormen garaikidea islatzen da.

Bilboko 15 gunetan 26 ekintza izango dira. Ohikoa danez euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, besteak beste, Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor, Elia Abaitua. Horrekaz batera, egungoak oholtzan, besteak beste, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi eta Aukeran Jantza Konpainia. Eta aurten gazte sormenaren harrobi barria proponiduko dau Loraldiak Zorrotzaurreko islan, gazte eta talentu barriei plazea eskainiz eta, horretarako, beren beregi sortutako hainbat produkzino propio aurkeztuko ditue, euskeraz egindako kulturearen zabalkundea eta emakume sortzailearen aldarrikapena ardatz.

110 artista baino gehiago izango dira eszenatokietan

Musikeari jagokonez, Hautsi da anphora izango da lehen musika proposamena festibaleko egitarauan: Martiaren 11an Euskalduna Jauregian aurkeztuko dau Ruper Ordorikak lan horren bersino barria, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurten dauen bitartean.

Hautsi da anphora Loraldiaren produkzinoa da eta Korrikagaz alkarlanean sortu da. Korrika kulturalaren barruan birea egingo dau Euskal Herriko zenbait herritara: martiaren 6an Senperen hasi eta Iruñea, Bilbo, Eibar, Gasteiz eta Oreretara helduko da.

Martiaren 16an Laboaren irudia berreskuratuko dogu eta bidegurutzean aurkeztuko jakuz arte bisualak, musika garaikidea eta kantua. Laboa. Lekeitiotik hegan Loraldiaren produkzinoa da eta hiru arte diziplina horreek batuko dira Laboaren esperimentazinoaren bidean. Kuraia ensamblek musika garaikidea eskainiko dau, Elektrart-ek arte bisuala proiektauko dau eta Maddi Oihenartek kantau egingo dau.

Martiaren 23an musikea eta literaturea buztartuko ditu Belar hostoak, Walt Whitman-en proposamenak. Loraldiaren produkzinoa da, Amaia Lasa, Urbil Artola eta bere bandea alkartuko ditu oholtzan. Amaia Lasa poeteak Walt Whitman deskubridu eta mirestu eban gaztetan. Urbil Artolak, barriz, aitaren Belar Hostoak diskoaren bitartez izan eban Iparramerikako poetearen barri.

Martiaren 26 eta 27an Ixiar Rozas, Ainara Legardon eta Rafael Martínez del Pozo izango dira protagonistak, Unisonoa aurkezteko.

Hurrengo egunean, martiaren 26an, Muguruza Mani-fest kontzertuak Fermin Muguruza jarriko dau ikusmiran. Irungo barritzaile nekaezinari begira, kolpez kolpe, beste hiru sortzaile erabarritzaile: Juantxo Arakama & Asmathic Band, La Basu & Basatiak eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa.

Teatroaren arloan, Loraldiak produkzino propio bat sortzen dau urtero eta aurretik, Anton Abbadia, Elkano edo Iparragirreregaz egin eben legez, Eulalia Abaitua sormen garaikide baten bidez eroango dabe taulara. Mira-hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan lana da proposamena eta martiaren 15ean taularatuko dabe.

Jantzearen arloan, Haatik konpainiak hamargarren urtemugea ospatzeko sormen barria dator: Ur koreografiak Koldo Izagirre idazlearen gidoia dau, musikda Pascal Gaignek sortu dau eta Olatz Beobide arduratu da jantzariek berba eta testuak modu sentikorren interpretauta kontakizuna beste dimensino batera eroateaz.

Martiaren 19an ikusteko aukerea izango da Guggenheim Bilbao Museoko atrioan.

Ondoko egunetan be makinatxu bat barrikuntza eta saio interesgarri izango dira. Informazino gehiago eta egitaraua irakurri hemen.

Babesleak

Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak eta horreekaz batera, Laboral Kutxaren laguntzea be ezin ukatu.

Alkarlana

Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoa, TopARTE, Berria, Elkar, ZAWP, Kuraia, Izar&Star, Dantzerti, Euskal Herriko Antzerkizale Alkartea eta La Fundición.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu