'Askatasun eguzkia baino beharrago' liburua plazaratu dabe
2022-02-22 10:35 KultureaJulene Azpeitiaren gorabehera guztiak jorratu ditu Xabier Altzibarrek.
Zezeilaren 23an, eguaztenean, Zumaiako Alondegia Kultura Etxean (Oxford Aretoa) Xabier Altzibar Aretxabaleta ikerlariaren, Askatasun eguzkia baino beharrago izenburuko liburuaren aurkezpena izango da, 18:30ean. Liburuan Julene Azpeitia idazle zumaiarraren bizitza eta obrearen gainean Altzibarrek egindako ikerketa eta azterlan sakona emoten da ezagutzera, azaltzen baitau emakume aitzindari baten ibilbide luze eta oparoa, 1936ko Gerra zibilak bete-betean zartau eta baztertu ebana. Aurkezpenean izango dira Xabier Altzibar, Ane Jalon eta Jon Unanue.
Lau urte luze behar izan ditu Xabier Altzibarrek ikertzeko eta argitara ekarri dau euskal literaturearen historian ibilbiderik luzeenetakoa izan dauen idazlearen sorkuntza osoa, gerra aurreko garaietatik hasita, eretxi emoile eta pedagogia gaietako aditu lez, gehienbat ipuinetan ondu eban literaturgintza bikaineraino.
Altzibarren lanak emakume aitzindari baten nortasun aberatsaren, aiurri biziaren eta produkzino zabalaren barri emoten deusku; gerra aurreko Pizkundearen giro aberatsa, gerrearen eta gerraostearen zauri sakona eta 60ko hamarkadako susperraldiaren aldaketak bizi zituen emakumea, sarri kontraesanen menpean burrukan egin behar izan ebana.
900 orrialde inguruko lana, Altzibarrek Azpeitiaren bizitza eta obrearen barri samur eta erakargarri emoteaz gan, idazle zumaiarraren antologia jaso dau eranskin lez, haren hainbat ondorioren lekukotasuna emoteko. Gerra zibilak eta Frankismo luzeak idazlearen ibilbidea eteteaz gan ezkutau egin eben, hutsik neurri batekoa izanik berari buruz orain artean izan dogun irudia. Zumaiarra jaiotzez eta gogoz, Bizkaian lan egin eta bizi izan zan gehienbat eta Durango, Abadiño eta Ea herriakaz lotura bizia izan eban. Ia bizitza bezain luzea da (1888-1980) haren idazle ibilbidea, 1907. urtean hasi eta heriotzeak eroan eban arte luzatu ebalako.
Ez jatzu damutuko. Emakume aitzindaria ezagutuko dozu; Pizkundeko protagonistea, ume eta gazteen hezibidea helburu izan ebana, Emakume Abertzaleen Batzako kidea...
Erraz irakurri eta aurrera egin ahala erakargarri eta pizgarri egingo jatzu guztiz, Xabier Altzibarrek maisutasunez eta ikuspegi barriak zabalduz landu baitau irakurlearen gogoan txitximurkadea egiteraino.
Liburua, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitaratua da, Saiakera bilduman. Ikerketea Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak 2018an eta 2020an emondako dirulaguntzei esker egin ahal izan da, baita Andoaingo Udalak 2020 eta 2021ean Garagorrienea ekimenaren bitartez emondako dirulaguntzei esker be.
Zumaiako Udalak liburuaren zabalkunderako laguntzea emon dau.
Askatasun eguzkia baino beharrago liburua www.larramendibazkuna.eus webguneko online dendan erosi daiteke; hori dau zabalkunde bide nagusietakoa. Edozelan be, liburudendetan salgai izango da. Aurkezpen egunean merkeago eskuratu ahal izango da Alondegia Kultur Etxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!