Urko Olazabal: 'Maixabel Lasa superheroia da'

Bizkaie! 2022-02-28 07:55   Barriketan

Maixabel filman Goya irabazi dau Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onenaren kategorian.

Iciar Bollainen Maixabel filmak hiru Goya Sari eroan ditu: Maria Cerezuela, Emakumezko Aktore Barri Onena, Urko Olazabal, Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena eta Blanca Portillo, Emakume Aktore Onenarena.

Urko Olazabal bilbotarrak Urretxindorra Ikastolan ikasi eban eta Bizkaiko Antzerki Ikastegian be ibili zan. Ordutik zineman eta telebistan egin dau lan, film laburrak be egin ditu baina Maixabel filman egindakoagaitik irabazitako Goya saria izan da aktore gazteak izan dauen autortzarik handiena.

Orain, barriz, Bizie Bilboko Zine-Interpretazino Eskolea abiarazo dau eta, oso okera ez bagagoz, pelikula edo proiekturen bat dauka buruan bueltaka.

1.- Zorionak Urko. Egun batetik bestera entzute handiko aktore bihurtu zara. Valentziako burbuila haretan, kanpoko zein hemengo aktore handi, txiki, beterano, hasibarri eta holakoen erdian zelan sentidu zinan?

Ondo. Pozarren nago. Bizitzan hauxe da nire pasinoa, horretarako egin dot lan eta holako aukera baten aurrean ezin neban kikildu edo bildurtu. Sariak emoteko hitzorduan lasai egon nintzan, ezelako lotsa eta bildur barik inguruan entzute handiko emakume zein gizon aktoreak ibili arren, zuzendariak be baebizen bueltaka eta oso gustora ibili naz, ondo portau dira.

Bitxikeria lez esango deutsut Goya Saria Bizie Eskolan dagoala, ikasleek eta ikusi deien; edozelan be, han eta hemen ibiliko da, lagunartean zeozertxu egingo dogu eta Muskizera be eroan beharko dot, han bizi nazelako orain; gainera, harrerea egingo deust Muskizeko Udalak eta oso pozik nago. Ez neban espero holako deskalabru edo erantzunik.

2.- Luis Carrasco, ETAko kide baten papelean egindako lanagaitik jaso dozu Goya saria. Pertsonaiaren barruan sartzeko eta interpretazinoaren prozesuan zer kostau jatzu gehien?

Testuingurua ezagutzea nahiaezkoa da baina interpretau behar dozun personaia ezagutu, zer egin eban, zergaitik eta beste galdera batzuei erantzuten jakin behar dozu. Aktore batek ezin dau epaitu personaia eta ez epaitze horretan iruntsi behar dozu tipo horrek egin ebana, normalizau egin behar dozu egoera hori eta Luis Carrasco ETAkidearen barruan sartu eta egin ebanaz harro egon.

3.- Iciar Bollainen filmak Maixabel Lasaren barri emoten dau, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargunarena. Gaia ez da edozelakoa, jazoera errealetan oinarrituta baitago; mesedegarria ala kaltegarria izan da hori aktoreentzat? 

Mesedegarria, nire ustez pelikula hau beharrezkoa zan, itsututa egozan asko askatu egin dira, Maixabel Lasa da gatazka askoren sinboloa, gorrototik

maitasunerako bidea egin dau eta hori txalotzekoa da. Maila horretara heltzea ez da erraza baina harro nago, Lasak izan dauen enpatia beharko geunke askok, eskuzabal jokatu dau eta gizartean beharrezkoa da jarrera hori muturreko jarrerak estututeko.

4.- Filmaren gorabeherak, sariak eta enparauak hurretik ikusi eta zer esango zeunskio Maixabel Lasari?

Eskerrik asko Lasa. Niretzako benetako superheroia zara. Inteligentzia emozional hori beharko geunke neuk eta danok Euskal Herrian aurrera egiteko. Nork pentsau leike senarra hil deutsun Etakideagaz aurrez aurre berba egitea, gogoetagai izatea... Erraz egiten dauela emoten dau baina hor ez dago artifiziorik, ez dau plantarik egiten, erreala da eta gainera, aitatu ETA kideakaz hartu-emonetan jarraitzen dau, benetan txalotzekoa da.

5.- Zerk eraginda aurkeztu zinan Maixabel filmarako aktore bila ebizenean?

Josu Bolinagarena egiten nenbilen hor nonbait eta agenteak deitu eta azaldu eustanean Iciar Bollain ni ezagutzeko gogoz egoala, zurtz eginda geratu nintzan, Bollainen fanatiko hutsa nazelako baina hara joan nintzan Iciar ezagutu eta bidebatez casting edo aprobea egiteko. Bollain ezagutu eta gustora bueltauko nintzan Bilbora baina kontua da ze ordubete inguruko barriketaldia egin genduala Maixabel filmaren gaineko gorabeherak aztertzen eta bestelako kontu batzuk jorratzen; hori gitxi ez eta aproban gustora geratu nintzan. Neu hartzea Carrascorena egiteko, filma egin, Goya sarietarako izentapena eta bestelako burukomin batzuk tarteko, ezin sinistuta nago, gaztea naz eta holakorik ez neban espero.

6.- Luis Tosarrek baino zeregin hobea, aberatsagoa izan dozula dinoe batzuk. Zuk zer dinozu?

Ez. Jenteak ikonoak goitik behera bota gura ditu baina nire ustez Tosar handia da, sekulako lana egin dau Maixabel filman eta balantzan jartea aktoreen lana ez da bidezkoa, Tosar ibilbide luze eta emonkorrekoa da eta Maixabel filma Tosarren estiloko lanetatik kanpokoa bada be, inoiz baino hobeto ikusi dogu, bigun, hartzaile, papelean sartuta, emozionauta... Gauza guztien gainetik beti defendiduko dot Tosar.

7.- Zinemea beti izan da zure pasinoa eta oso oker ez bagagoz, klasikoak gustetan jatzuz. Gizon zein emakume, ze aktore nabarmenduko zeunke?

Bai. Bat aitatzearren, John Wayne handia, gauza gitxigaz zenbat emoten eban. Horrezaz aparte, Errol Flinn, James Stewart eta zerrendea luzea da klasikoak zeozergaitik dira klasiko, sasoian sasoikoa, lehen aukera gitxi egoan baina gaur egun makinatxu bat kate, plataforma daukazuz eta zorionez badago non aukeratu.

8.- Film laburrak egin izan dozuz hemen eta munduan. Ze gai interesetan jatzuz?

Nire gaiak beti izan dira sozialak. Gustetan jat zinemearen bitartez zeozer kontetea. Kanpoan be ibili naz eta Mongolian egin neban film labur bat eta Indian bste bat, zinema soziala zeozer erakutsi guran, arteari eta emakumeei be protagonismoa emonez; maisu be ibili naz eta badakizu bakotxak bereari eusten deutso [Barreka].

9.- Minbizia atzean itxi indarbarrituta ekin zeuntsan lanari. Zelan eragin eutsun bizienak?

Jota ixten zaitu, heriotzea hur sentiduten dozulako baina lehenengo erantzuna izan zan belozidadea moteldu, galgea emon eta bizimodua patxadaz edo kalmaz hartu. Bizitzan zer ez dot egin edo zer egin gura neuke pentsetan hasten zara, buruan jirabira ugari jabiltzu eta holakoetan zentzunez jokatzea da bidea.

Bizitzan egindakoetan eta ez egindakoetan pentsetan dozu sarri eta behin lurrera zatozenean, orduntxe pentsetan dozu hemendik aurrera egingo dot benetan gura dodana, inori kalterik egin barik, jakina.

10.- Arte eszenikoak (BAI) Antzerki Eskolan egin zenduzan eta oraintsu sortu dozu Bizie, Bilboko Zine-Interpretazino Eskolea. Zein da zure asmoa?

Oso gustora ibili nintzan Arte Eszenikoak Antzerki Eskolan baina hortik aurrera norberak ekin behar deutso, hara eta hona ibiltea nahitaezkoa da.

Bizie Zine-Interpretazino Eskolearen harian, gauza asko daukaguz egiteko. Badakizu zinemea gustoko dabenak asko dira gurean, aktore izan gura dabelako zein ikasketak egin gura dituelako eta holako kasuetan, Madrilera edo Bartzelonara joatea izaten da gehienek egiten dabena, han baitago erdigunea, akademiak, kontaktuak, hartu-emonak eta bestelakoak. Egoera horren aurrean, Carmen emazteak eta biok pentsau genduan Bizie sortzea, Bilboko Zine-Interpretazino Eskolea, hain zuzen be, bertoko sortzaile eta zinema zaleei lehenengo pausuak emoten laguntzeko. Pozik gabiz.

11.- Film luze bat be badago, antza, zure buruan bueltaka. Zuzendaria nor ete dan edo filmaren gaia zein izango dan aurreratuko zeunke?

Ezin neike ezer esan, produktorak berak be ez ei daki gauza handirik eta, beraz, gauzea argitu arte ezin deutsut ezer esan. Hori bai, Maixabel filmagaz ez dau zerikusirik izango, zinema soziala dala aurreratuko deutsut eta Euskal Herritik kanpora joango nazela filmaketa lanak egiten. Eten barik gauza barriak ikastea da nire helburua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu