Ingurune digitalean euskerearen erabilerea indartzeko alkarlana aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-02-21 12:41   Euskerea berbagai
Iñaki Goirizelaia eta Bingen Zupiria | Ikusi handiago | Argazki originala

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazinoak Bilbon egindako prentsaurrekoan aurkeztu ditue erakunde bien arteko alkarlana. 2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea ingurune digitalean sustatzea eta .EUS domeinuaren presentzia indartzea da. Horretarako, 2022. urtean Eusko Jaurlaritzeak 50.000 euroko ekarpena egingo deutso PuntuEUS Fundazinoari eta laguntza teknikoa be eskainiko deutso jorratuko dituan egitasmoak aurrera eroateko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazinoko burua aurkeztu daben programeak helburu nagusi bi ditu:

· Eremu sozioekonomikoa: enpresetan .EUS domeinuaren erabilerea indartu eta euskerearen erabilerea euren ingurune digitalean areagotzea.

· Arlo personala: erabiltzaileen gailu elektroniko personalak euskeratzea.

Eremu sozioekonomikoan lau esparruren arabera atondu dira lehentasunak. Batetik Hizkuntza Politika Sailburuordetzeagaz hartu-emon zuzenak dituen erakunde pribatu askotarikoak dagoz; bestetik enpresa alkargoak eta bazkideak, hirugarrenez merkataritza eta ostalaritzea finkatu dira eta azkenik enpresa txiki eta ertainak.

Esparru ezsberdinetako erakunde eta enpresen domeinuak aztertu, .eus domeinua txertatzeko bidea landu eta euren eremu digitalean euskerea sustatzeko estrategiak nahiz emon beharreko pausuak zehaztuko dira. Zeregin horreetan Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta .EUS domeinua alkarlanean ibiliko dira erakunde zein erakundeak erakarriz eta jarraipena eginez. Honetan laguntzeko trebakuntza saioak egingo dira eta behar dabenei laguntza teknikoa eskainiko jake. Horretarako PuntuEUS Fundazinoak hainbat baliabide eskainiko dieutsee enpresa eta erakundeei, besteak beste, .EUS domeinua doban edo webgunea era automatikoan itzultzeko plugin-a.

Arlo personalari jagokozan ekintzak zehazteko, hau da, eremu digitalean euskerea erabiltzaileen hizkuntza nagusia izatea sustatzeko, egoerearen azterketa bat egingo da; ondoren hainbat komunikazino ekintza egingo dira .EUS domeinuaren erabilerea sustatzeko edo eta nabegatzaileak eta gailu elektronikoak euskeraz konfiguretako.

Euskerea eremu digitalean

Gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, hizkuntzearen bizitasun digitalari erreparau behar deutsagu ezinbestean gaur egun, horrek erakutsiko deuskulako neurri batean hizkuntzearen osasuna zein dan. Eta bizitasun digitala eskaintzeagaz lotuta dago batetik, komenidu dalako euskerazko eduki digitalak handitzea, ahalik eta gehienak izatea sarean. Baina bestetik, ezinbestekoa da euskerazko eduki digital horreek konsumiduteko ohiturak indartzea.

Iñaki Goirizelaia PuntuEUS fundazioko buruak PuntuEUS-ek gaur egun euskal gizarteak bizi dauen egoereari erantzuteko ardurea dauela azpimarratu dau: gizartearen transformazino digitala biziten gagoz eta azken urte bietan, premineak bultzatuta, prozesu hori asko azkartu da. Guk, bide horretan dagozan personak eta enpresak laguntzen ditugu: domeinuagaz batera tresnak, trebakuntzea, laguntzea eta zibersegurtasuna eskainiz eta euskeratik egiten dogu. Transformazino digitalari euskeratik erantzuten laguntzen deutson proiektua da PuntuEUS. 2017ko neurketearen arabera, Euskal Herriko webguneen % 16k eukan edukiren bat euskeraz, eta % 1,3 egoen euskera hutsez. .Eus erabilten daben webguneen artean, barriz, % 84 dago euskeraz, izan be, .Eus erabilteak sano laguntzen dau gure gizartearen digitalizazinoa euskeraz, tokitik eta segurtasunez garatzen.

Euskereak Ingurune Digitalean dauen ikusgarritasuna handitzeko, euskereak bolumena eta datu kopuru esanguratsua sortzeko, eremu bi hartu behar dira kontuan: ezinbestekoa da webguneak euskeraz izatea eta euskera sarean ordezkatzen dauen .EUS domeinuaren presentzia indartzea. Baina, aldi berean, erabagigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean be lehen berbea euskeraz emotea. Zupiriak azaldu dauenez, eskaintzea eta konsumo-ohiturak handitzeagaz batera, ez da ahaztu behar erabagiorra dala ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean be lehen berbea euskeraz emotea. Sareko lehen berba hori gure gailuek emoten dabe eta horregaitik da garrantzitsua erabiltzaileek gailuak euskeraz konfigurauta izatea. Euskerearen indar espezifikoa handitu behar dogu Interneten, holan erakutsiko deutsegulako enpresa handiei, web garatzaileei, robotei eta bestelakoei euskaldunok Interneten gagozala.

Eusko Jaurlaritzearen Euskera eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 dokumentuak zehaztutako proiektu bat da .EUS domeinua sustatzearena eta Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 txostenak zehazten dituan ekintzen artean dago euskereari eta euskerazko baliabide digitalei ikusgarritasuna emotea erabilerea indartzeko. PuntuEUS Fundazinoaren helburuak be bat egiten dau asmo horregaz eta gizartean bizi dogun transformazino digitalean euskeratik eragitea dau helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu