'Itunak hezkuntzearen gehiengoaren eskaria jaso behar dau'

Bizkaie! 2022-02-18 12:04   Euskerea berbagai

Kontseiluak 18 ekarpen aurkeztu deutsoz hezkuntza-itunaren zirriborroari.

Hezkuntza komunidadeko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzeak abenduaren 16an Gasteizen eginiko agerraldi bateratua. | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzo ekarpenak egiteko epearen luzapena jakinarazo bazan be, Euskalgintzearen Kontseiluak gaur aurkeztu ditu zezeilaren 8an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko batzordeburuak helarazotako Euskal hezkuntzearen eraldaketarako oinarrien txostenaren zirriborroa izeneko txosten-proposamenaren zuzenketak. Hamazortzi zuzenketa aurkeztu ditu euskerearen normalizazinoaren aldeko 30 gizarte erakunde batzen dituan Euskalgintzearen Kontseiluak multzo bitan sailkatuta. Lehenik eta behin, hezkuntza komunidadeko eragile nagusienakaz adostutako Euskeraz Hazi Bardintasunean Hezi adierazpenari lotutako ekarpen bi eta, bestetik, Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamena oinarri gainerako hamaseiak.

Eragileen adostasunari ezin zaio muzin egin

Ekarpenen dokumentuan, Kontseiluak azpimarratu nahi izan dau abenduaren 16an EHIGE, EHko Ikastolak, HEIZE, Kristau Eskola, Hik Hasi, ELA, LAB eta STEILAS eragileek, Kontseiluagaz batera, ekarpen bateratua aurkeztu ebela eta horren barri emon ebala Kontseiluko idazkari nagusiak abenduaren 21ean Eusko Legebiltzarrean. Kontseiluaren eretxiz, egun, eragile sozialen, sindikalen eta euskalgintzearen aldetik ez da lortuko holako adostasunik hitzarmenaren beste edozein puntutan. Horrexegaitik, hezkuntzearen gehiengoaren eskaereak oinarrien zirriborroan jaso ez izana harriduraz  hartu dau Kontseiluak.

Holan, aitatutako eragileek adostutako adierazpena ekarpen bitara ekarri dau Kontseiluak. Lehenaren arabera hitzarmenak jaso beharko lueke orain dala momentua aurrera egin eta hizkuntza-ereduen sistema segregatzailetik eredu inklusibora salto egiteko. Bigarrenak, barriz, hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskera gaitasun egokia bermatuko deutsen eredu orokortua ezarriko dauela jasoteko eskatzen dau. Gizarte eragileen ahotsa jasota egongo bada, beharrezkoa da hizkuntzearen gaian eragile garrantzitsuenakaz lortutako adostasunaren ondorioak jasotea. Adostasun
ikaragarri handia dago ekarpen horreen atzean, eta ezin dira ukatu.

Belaunaldi berri euskaldun eleaniztuna

Eragileakaz adostutako ekarpen bi horreez gan, Kontseiluak beste hamasei ekarpen egin deutsoz dokumentuari. Horreetan guztietan oinarri izan da 2008an hezkuntzako eragile nagusienakaz jorratutako Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamena. Kontseiluaren eretxiz, txostenak hainbat zehaztapen falta zituan eta horre osotzeko asmoz datoz aurkeztutako ekarpenak.  Beharrezkoa da testuan agertzen dan euskerea ardatz dauen sistema eleaniztunaren ezaugarriak modu zehatzagoan jasotea, baldin eta hizkuntza bardintasuna helburu izango dauen legea idatziko bada. Beraz, egungo zirriborroa hobetzeko hainbat ekarpen jaso ditu Kontseiluak dokumentuan.

Amaitzeko, Kontseiluak dei egin deutse alderdiei hurrengo legearen oinarri izango dan hitzarmenean ikasle guztiei euskerea ezagutzeko eskubidea bermatzeari lehentasuna emotea, inor atzean itxi barik. Aukera ikaragarria zabaldu da EAEn justiziaren, bardintasunaren eta kohesinoaren alde egiteko. Eta hori guztia ez da etorriko ikasleak hizkuntzearen arabera bereizten jarraitzen bada. Gitxiago dauenari gehiago emonez eta eragileen adostasuna ardatz, belaunaldi barri euskaldun eleaniztunak lortzeari jagokon garrantzia emotea eskatu dau Kontseiluak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu