Arantza Santestebanen '918 Gau' filma gaur estreinauko da Portugalen

Bizkaie! 2022-02-17 11:15   Zinemea

Filma Lisboan proiektauko da zezeilaren 17tik 23ra.



Arantza Santestebanen 918 Gau filma zezeilaren 17an estreinauko da Lisboako Cinema Ideal zinema-aretoan. Proiekzino guztiak 21:30ean izango dira 5€-ko prezioan. Bihar, eguena, 918 Gau-ren estreinaldian filmaren zuzendaria egongo da proiekzinoa aurkezten eta ondoren bertaratutako ikusleakaz barriketan. Barikuko proiekzinoak Isabel do Carmo mediku eta aktibista politiko portugaldarra izango dau aurkezle.

Portugalen egingo dan filmaren estreinaldia 6.doc programan kokatzen da. Programa honek DocsLisboa jaialdiaren azken edizinoan estreinautako filmetako batzuk aurkezten ditu eta Santestebanen opera primak Nazinoarteko Saileko Film Onenaren saria irabazi eban. Torino Film Festivaleko Nazinoarteko Dokumental Onenari eta Pontevedrako Novos Cinemas Nazinoarteko Jaialdiko Latexos saria be ezin ahaztu, L'Alternativa - Bartzelonako Cinema Independent Jaialdian parte hartzeaz gan.

Lisboatik igaro ondoren, apirilean, 918 Gau Porto urian, Cinema Passos Manuel aretoan ikusi ahal izango da, Há Filmes na Baixa! Programearen barruan, Porto/Post/Doc jaialdiagaz lankidetzan. Gainera, martiaren 14tik 19ra Iruñan egingo dan Punto de Vista - Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko Jaialdiaren 16. edizinoko Sail Ofizialean lehiatuko da filma.

Euskeraz filmau eta 65 minutuko iraupena dauen filma Arantza Santestebanek idatzi eta zuzendu dau eta Irati Gorostidi (Unicornio, Euritan, Pasaia Bitartean) da zuzendari laguntzailea. Maddi Barberrena (Jo Ta Ke, Urpean Lurra, 592 Metroz Goiti) da Erretatugintza zuzendaritzea, Mariona Solék (Pa 'lante, El Rastro Firme, Inefable, Lo de Évole) muntaketea eta Alazne Ameztoyk (2020ko Goya saria La trinchera infinita lanarengatik) zuzeneko soinua. Iker Álvarez zuzendaritza artistikoaren arduraduna da. Marian Fernández Pascal eta Marina Lameiro (Young & Beautiful eta Dardara filmen zuzendaria) dira produktore exekutiboak. Aktoreen artean Arantza Santesteban bera, Mirari Echavarri, Mercé Salom, Manon Praliné eta Maryann Peony dagoz.

Filma 2019 eta 2020ko hainbat hilebetetan filmau eben eta denoora horretan, zinemagilearen artxiboa filmau zan, haren biografiako leku garrantzitsuak bisitau ziran, berbarako Segura edo Berlin eta espazio batzuk birsortu ziran.

918 Gau Txintxua Filmsek (Intimidad, Hondar Ahoak, Oreina, Amama, Bertsolari) eta Hiruki Filmak (Enero, Los Caballos Mueren al Amanecer, Paraíso) produzidu dabe. EITBren parte-hartzea dau eta ICAA, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoa. Filmak Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zinema Eskoleak bultzatutako Ikusmira Barriak 2018 programan parte hartu dau, baita Donostia Zinemaldiko Work in Progress Europe 2020 foroetan eta Abycine Lanza Work In Progress 2020 foroetan be, MAFIZ saria irabazi ondoren. Filma 2022an estreinauko da, Begin Againen banaketeagaz.

Zuzendariaren eretxiz, narrazino zatikatu honek kolektibidadearen zentzuaren galerea eta bizitza barri baten saiakerea ekarten ditu gogora. Pertsonaiak soslaiz agertzen dira beti eta hori ez da kasualidadea. Ez da aurrez aurre begiratzen dauen begirada bat, begirada ezegonkor bat baino eta horrek tolestura ugariko narrazino ibiltaria sorrarazoten dau. Garrantzitsua iruditzen jatan aktibismo politikoei buruzko istorioen gainean eratzen diran kontakizun erromantizatuak dudan jartea. Kontau nahi izan dodan istorioak, kontakizun heroiko bat hauspotzeaz harago, subjektu politizatuak irudikatzeko ohiko logiketatik iges egin nahi dau.

Sinopsia

2007ko urriaren 4an, Arantza, filmaren zuzendaria, atxilotu eta espetxeratu eben. Hainbat gomuta gordeten ditu egun hareetatik: patioko joan-etorri amaibakoak, ugeriketa-lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan... 918 gau giltzapetuta emon eta gero, Arantza libre geratu zan. Handik aurrera, grabagailu batean jaso zituan bere gomutak eta dudak eta filmean zehar azalduko jakuz, memoria zatikatu baten eran.

Arantza Santesteban

Euskal Herriko Unibersidadean Historian lizentziaduna, Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan Sortze Dokumentaleko diplomatureagaz eta Carmen Ávalos, Víctor Erice eta Patricio Guzmanekin ikastaroak eginez osotu dau prestakuntzea. 2017an, Arte Garaikideko Huarte Zentroak hautatu zuen, egoitza/ikerketa kuratoriala garatzeko. 2018an, Irudiak bidez: gatazketako irudiei buruzko hausnarketak Nazinoarteko Mintegia komisariau eban. 2019tik, doktoregoa idazten dabil Lisboako Arte Eder Unibersidadean Susana De Sousa Dias eta Ana Longonigaz, zinemagintzearen irudikapenari, feminismoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa bategaz. Iruñeko Uriartea Kultura Garaikidearen Zentroko koordinatzaile lanak be egin ditu eta Arte Garaikidearen Uharteko Zentroko (Huarte, Nafarroa) Arte Praktiken eta Kultura Ikasketen Masterreko koordinatzaile be ibili da. Honako pieza honeek sinatu ditu: Liluraren Kontra (2021), Euritan (2017); Passatgeres (2012), Gorputz grafiak (2015).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu