V. BBK Bilbao Music Legends Fest-ek kartel osoa iragarri dau

Bizkaie! 2022-02-16 13:05   Musikea

Alan Parsons Live Project izango da bigarren kartelburua.

Alan Parsons, musikearen ikono ospetsua eta rock progresiboaren maisua, The Beatles, Pink Floyd, The Hollies eta The Wingsegaz ibili da soinu-injineru lanetan, beste artista askoren artean. Grammy 1 irabazi dau, 13 izentapen ditu eta hainbat sari. Ia 70 disko plazaratu ditu eta Alan Parsons Live Project-a ekarriko dau Legendsera.

Alan Parsonsen iragarpenagaz bat egiten dabe Londresko mitikoek, Girlschool, hard rockaren eta heavy metalaren izarrek. Batu egin dira ere Walter Trout bluesman estadubatuar handia, oraindino jardunean dagoan blues rock gitarra-jotzailerik onena.

Shirley Davis artista britainiarra, jamaikar jatorrikoa, soularen diva barrietako bat dana bere The Silverbacks taldeagaz, Maika Makovski mallorcarra, bere azken lan bikainagaz, “MKMK”, AEBn grabautakoa, Anari euskal abeslari eta konpositorea, PJ Harvey edo Cat Power lako artistakaz konparau dabena eta Mikel Renteria & Walk On Project Band talde bilbotarra.

Artista horreek dagoeneko iragarri diran Status Quo, Hawkwind eta Paul Carrack artistakaz bat egingo dabe.

Jaialdiaren azken edizinoan, Voodoo Child Bar-ak izan eban harrera bikaina dala eta, aurten be gune honetako giro ederragaz gozetako aukerea izango da eta hortxe Micky & the Buzzen, Gonzalo Portugalen, Javi Stillsen & Co. eta Santiagoren eta Runaway Loversen kontzertuak be izango dira.

Bagilaren 24an eta 25ean Bilbao Arenan egingo dan jaialdiak gaur jarriko ditu salgai eguneko sarrerak 55 euroan (+ gastuak) eta egun biko bonua 90 euroan (+ gastuak). 

Jaialdirako eguneko sarrerak eta egun biko bonuak Kutxabanken eta www.musiclegendsfestival.com jaialdiaren webgune ofizialean erosi ahal izango dira.

Warming Up

Aurten Bilbao Arenan egingo dan BBK Bilbao Music Legends Festaren atontzaileek, orain aste batzuk iragarri eben jaialdiaren babespean, eta motorrak berotzen joateko, hainbat kontzertu egingo dirala Bilbon, besteak beste, Chicagoko The Steepwater Band, maiatzaren 26an eta Maite Larburu (Hernani-Gipuzkoa), martiaren 10ean, Bilboko Kafe Antzokian. Horreei artista gehiago gehituko jakez jaialdirako sarrerak edo bonuak erosita dituen guztientzako abantailakaz(informazino gehiago webgunean eta Sare Sozialetan).

Warming Up-erako sarrerak Kafe Antzokiaren webgunean eta webgune ofizialean eskuratu ahal izango dira ondoko helbidean: www.musiclegendsfestival.com.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu