Bilboko Txistulari Bandea + Amorebieta-Etxanoko Musika Bandea zezeilaren 19an
2022-02-16 10:50 MusikeaKontzertua 20:00etan izango da, Zornotza Aretoan.
Euskal Herritik bidaia izenburupean, talde biek euskal doinuen errepertorio zabala eskainiko dabe eta konpositore gazte bik sortutako obra bi estreinauko ditue: Eros Quesada zuzendari valentziar gaztearen Basajaun eta Aritz Labrador Zornotzako Musika Bandako zuzendariak berak konposatutako Jantzan.
Sarrerak 3 euroan erosi daitekez www.sarrerakzornotzaaretoa.com webgunean.
Euskalduna Jauregian egiten dabizen kontzertu-zikloaz harago, Bilboko Udal Txistulari Bandeak uritik kanpoko beste agertoki batzuk bisitetako asmoa dau denporaldi honetan, bitan, hain zuzen be. Lehenengo hitzordua datorren zapatuan izango da, hilaren 19an, 20:00etan Amorebieta-Etxanon.
Bilboko Txistulari laukoteak talde gonbidatu legez joko dau Zornotzako Musika Bandeagaz, Bandeagaz bidaian izeneko 2021-2022 denporaldiko hirugarren kontzertuan.
Idoia Kareagak, Gorka Zabaletak, Sabin Bikandik eta Asier Garciak osotzen daben Txistulari Bandea talde bakarlari lez joko dau Aritz Labradorrek zuzenduko dauen musika talde zornotzarragaz batera.
Kontzertura hurreratzen diranek Euskal Herrian zehar ibilaldi musikalaz gozetako aukerea izango dabe eta talde bien doinuek hainbat txokotara eroango dabe publikoa, Durangaldean eta Deban geldialdiak eginez, euskal doinuen errepertorio zabala entzuteko aukerea eskainiz.
Era berean, azpimarratu behar da kontzertuan konpositore gazte bik sortutako obra bi estreinauko dirala: Bata Eros Quesada valentziar zuzendari gaztearen Basajaun izenburukoa eta bestea Zornotzako bertako Musika Bandako zuzendari dan Aritz Labrador musikari gaztearen Jantzan. Biek be herri musikako doinuak hartu ditue lan barri horreek sortzeko oinarri.
Kontzertu hori egin eta egun bi aurrerago Txistulari Bandea Euskalduna Jauregira bueltauko da datorren zezeilaren 21ean, Haziak eroan ikuskizunagaz. Bandareen doinuak forma arin eta bihurrietan agertuko jakuz eszenatokian. Honako honetan Bandeak beren doinuak laguntzeko euskal inauteriaren elementuak sartuiko ditu Francisco Javier Larreina eszenografoaren laguntzaz. Sensazino musikalak eta ikus-entzunezkoak alkarlotuz entzuleak giro berezian sartuko dira. Kontzertua Gorka Zabaletak zuzenduko dau
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!