Lekeitio-Ondarroa: kostaldeko biderik politenetako bat
2022-02-15 09:57 Ibilian-ibilianBizikletan, korrika zein oinez.
Badira geure inguruetan itsasoaren kresala sentiduteko beharra asetzen deuskuezan leku eta ibilbide ederrak eta orain horreetako bati ekingo deutsagu. Estimadu daukat bide hau, ez baita onena kotxean ibilteko, kurbaz josita dagoalako eta arreta handiagaz ibili behar da bertatik bai bizikletan baita korrika edota oinez be. Bizikletan ibilteko be ez da munduko idealena kurba zarratuetan kotxeakaz kontu handiz ibili behar dalako eta oinez eta korrika ibilteko be kontuz. Halan eta guztiz be, ondoko berezitasun kontuan izanda, inperfekzino horrek egiten dau berezi eta horrek egiten dau itzel eta eder, Bizkaiko kostaldeko erreferenteetako bat bilakatuz.
Lekeitio, Mendexa eta Ondarroa, nahiko hur dagozan hiru herri, halan da be, bata bestearengandik oso ezbardinak diranak. Bakotxak bere jarrera, nortasun eta errealidade bereziak ditu. Bide honek, ostera, ez ditu hiru herri horreek zapaltzen, Berriatua (Berritxu) baita bidearen zati handi bat, nahiz eta herria bera bide honetan ez egon, bereak dira lurralde gehienak eta bidean topau geinkezan hondartza eta txoko gehienak. Ezustez betetako bidea, beraz. Ekin deiotsagun, bada.
Joan etorria alde batetik edota bestetik egin daitekeena izanik, oraingo honetan, Lekeition hasiko gara, portutik edota aparketako lekurik ez badago, Karraspioko hondartzatik bertatik be egin daiteke, nik nahiago izan dot eguerdiko orduetan joatea, lekua izateko eta lasai asko ibilteko baita bidean be. Behin Isuntza igaro eta Mendexara bidean dogun Lekeitio herriaren eta San Nikolas edota Garraitz isleren ikuspegi zoragarriaz gozau ondoren, lehen aldatzxari ekingo deutsagu Mendexarantz igoteko Karraspio hondartza ederra aldamenean lagaten dogularik. Aldatzei ez kasurik egin, horreek izango baitira ibilbidean zehar geure entretenimendua eta esfortzua baldintzatuko dabenak. Zeozer bada bertako ezaugarri horrexek ditugu, ikuspegiaz gan, jakina.
Distantzia aldetik, 27 bat kilometro markau eustazan bizkletako tramankuluak baina jakin badakit Ondarroatik Lekeitiora egiten dan asfaltoko proban 15/16 kilometro egiten dituela, halan da be, bueltatxoren bat gehiago emoten ei dabe eta akaso hortxe dagoz falta diran 3/4 kilometro horreek. Lasterketa hori irailaren amaierann izaten da eta kostaldeko bide honetatik egiten da. Erronka ederra asfaltotik eta aldatzetatik korrika egitea gustetan baldin bajatzu. Lasaiago ibiltea eta kilometro batzuk gehiago egitea baldin bada zeure afizinoa, ez larritu, oinez jente andana ibilten baita. Gehiegi baldin bada joan eta itzulerea buztartzea, kotxe bitan joan eta bakotxa herri batean itxita edota garraioan badago aukerea eta bestela, lasaiago hartuta, herri batera heldukeran, bertan lasai bazkaldu edota zeozertxu hartu eta bueltea gero. Bizikletan be, txirrindulari piloa ibilten da, bai Bizkaitik baita Gipuzkoatik be, ez danez trafiko handiko bidea, txirrindularien entrenamendu leku edota gozaleku bilakatu da.
Aukerak hainbat, asko eta ezbardinak. Ez dago atxakirik, beraz, Bizkaiko kostaldeko bide honi ekiteko, nahi dozun eran eta gura dozun moduan. Gozau daigun, bada, euskal kostaldeak eta Bizkaiak bere
horretan eskaintzen dituan aukerak, naturaz gozau ahal izateko, beti be, itsasoari begira!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!