Alaitz Arenzana: 'Geure burua birpentsau eta berrasmetako aukera ugari dagoz'

Koldo Isusi Zuazo 2022-02-14 07:55   Barriketan

Zinegoak-en zuzendari artistiko barria.

2022ko zezeilaren 28tik martiaren 7ra egingo dabe 19. Zinegoak, Bilboko LGTBI+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia eta dagoeneko badakigu zuzendari artistiko barria, Alaitz Arenzana dala, orain arte Pau Guillenena izan dan zereginari eutsiko deutsona.

Lander Telletxea bermeotarrak diseinau dau 19. Zinegoak-eko kartela, lesbianei eta LGTBI+ kolektibokoei esateko erabilten diran euskerazko berbetan oinarrituta. Horretarako, Euskal Herri osoan ibili dira berbak batzen Itxaro Borda, Eli Pagola, Danele Sarriugarte, Ainara Artetxe eta beste asko: Marioker, lumatza, soropila, kapaza eta kuir dira kartelean agertzen diranetako batzuk. June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak gidatu dabe berbak batzeko proiektua eta mezua da kanpotik ezarritako etiketak alboratu eta lesbianek euren burua izentau ahal izatea, izenak izana egiten dauelako: Beharra dogu geure burua barriro izentau, erakutsi, identifikau eta munduan geure lekua egiteko da jaialdiaren aldarrikapena.

Lander Telletxeak, kartelaren egileak, lehendik be lotura estua izan dau Zinegoak jaialdiagaz. Irudiaren eta katalogoaren egilea izan da aurreko edizinoetan; diseinatzailea ogibidez, euskal kultureagaz lotutako erakunde eta proiektu ugarigaz kolaborau dau Telletxeak eta 2013ko Donostiako Zinemaldiko New Directors sailaren kartela berak egin eban.

1.- Orain arte, Pau Guillen izan da zuzendari artistikoa baina aurtengo edizinotik aurrera zeuk beteko dozu kargu hori. Zinegoak-en tripak ondo ezagutzen dozuz baina bestelako zeregin eta ardurak izango dozuz.
Zeintzuk?

Orain dala lau urte hasi nintzan Zinegoaken lanean, zuzendaritza taldean koordinazinoan laguntzen, hasiera ekitaldia atontzen... Orain nire egiteko nagusia alde artistikoari begira egongo da eta ilusino eta ardura handiagaz jaso dot. Zinegoakek erronka ugari ditu etorkizunean eta zorionez oso lantalde profesionala dogu horreei danei aurre egiteko. Horretan gabiz!

2.- EHUn Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasi zenduan eta proiektuen kordinazinoaren arloan sariak be irabazi izan dozuz...

Bai, ikus-entzunezko komunikazinoa ikasi neban. Ordutik hainbat eta hainbat proiektu artistiko,
ikus-entzunezko, eszeniko eta askotarikoak egin ditut, batzuk enkarguz, besteak geugandik sortuak. María Ibarretxe eta biok Sra. Polaroiska taldea osotzen dogu eta horregaz sorkuntza lan, tailer eta esperimentu ugari egin ditugu, baita hainbat sari jaso be. Horrezaz gan, ikus-entzunezko industriari oso lotuta egon izan naz beti eta azken urteetan zinema festibaletako programatzaile eta kudeatzaile moduan be banabil.

3.- Bilboko LGTBI+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia da Zinegoak. Igaz 18.000 ikus-entzule batu zituan eta aurten marka hori bardintzea da helburua?

Gure lehenengo helburua izan da jaialdia aurrez aurre antolatzea eta badirudi azkenean horretarako aukerea izango dogula. Zinegoaken aukerea egoten da bertatik bertara hainbat errealidade ezagutzeko, protagonisten bidez: zinema zuzendariak, epaimahaiak, boluntarioak... Jaialdian danok batzen gara eta horri eustea ezinbestekoa izan da guretzat.

Beste alde batetik, ikus-entzule gehien erakarri gura dogu eta horregaitik atontzen ditugu proiekzino eta jarduerak ondoko aretoetan, besteak beste, Bilborock, Golem Alondiga, BilbaoArte, Arriaga eta La Fundiciónen. Eta betiko filosofiari eusten deutsagu ZG Hedapenagaz. Sexu-aniztasuna eta zinemea ahalik eta herri gehienetara eroaten dogu, batzuetan herri txikietan gatxagoa dalako holako edukiak topetea.

Edozelan be, kantidadeak ez gaitu horrenbeste kezkatzen: kalidadeko jaialdia da gurea, hurrekoa, edukiz jositakoa eta mamitsua.

4.- Beharra dago geure burua barriro izentau, erakutsi, identifikau eta munduan geure lekua egiteko. Aurrera egin dogu ala bardin antzean gagoz?

Aurrera egin dogu, jakina. Zorionez gaur egungo egoereak ez dauka zerikusirik orain dala hamarkada batzuetakoakaz konparauta. Gazte batzuk euren identidadea zelako askatasunagaz bizi daben ikustea besterik ez dago. Baina horrek ez dau esan gura dana lortuta dagoanik, ezta gitxiago be. Horren adibide dira azken hileotan gurean jazotako erasoak, azkena aurreko astean, Gasteizko ikastola bateko horma-irudian. Burrukan jarraitu behar dogu eta hor ezinbestekoa be bada gure nortasunaz hausnartzea eta horrek dituan etiketen inguruan: gure burua izentetako eskubidea izatea nahitaezkoa da baina guk nahi dogun moduan, ezelako inposizino barik. Hori izan da gure aldarria aurtengo kartelean.

5.- Sail Ofizialean 26 film labur izango dira aurten hainbat ataletan banatuta: Emakume zuzendariak, Erroak, Umezaroa eta nerabezaroa, Maitasunezko poliedroak eta Transizinoak. Zeinetan izan da erantzun onena?

Egia esan urtero bezela oso proposamen interesgarriak heldu jakuz, gai ugari lantzen dituenak. Urtero atondutako ziklo bi izango dira: Umezaroa eta Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak. Horrezaz gan, ziklo barri bi be eskaintzea da asmoa: Maitasunezko poliedroak (hartu-emon afektibo-sexualak izateko moduen ingurukoa ) eta Transizinoak (trans errealidadeak lantzen dituenak).

Azkenik, zelan ez, Erroak saila nabarmenduko neuke, azken urtean Euskal Herrian sortutako lanak jasoten dituana, guretzat oso garrantzitsua, geure helburua baita sortzaile berriei ikusgarritasuna emotea.

6.- Aurten Ohorezko Saria Albertina Carri argentinar zinemagile eta aktibisteak jasoko dau. Ezagutzen ez dauanarentzat nor da Albertina Carri?

Guretzat ohore handia da Albertina Carri aurtengo Zinegoakeko Ohorezko Sariduna izatea. Zinemagile argentinarra erreferente bat da Hegoamerikan, baita Europan be; Carriren filmografia oso aberatsa eta esanguratsua da eta lanik ezagunena Las Hijas del Fuego da, Zinegoaken orain dala urte batzuk izan genduana; edozelan be, artistearen ibilbidean lan interesgarriak zuzendu ditu, oso lan personalak egiten ditualako, Argentinako diktadureagaz lotuta adibidez. Hori dala eta, Carri Bilbon izango da, bertatik bertara bera ezagutzeko aukerea izango da eta ziklo berezi bat eskainiko deutsagu BilbaoArten haren lan esanguratsuenak ezagutzeko, martiaren 1etik 4ra. Era berean, zezeilaren 27an, inaugurazino ekitaldiaren bezperan, Zinegoak-ek Las hijas del fuego proiektauko dau, 18:30ean, BBK Aretoan. Albertina Carrik barriketaldian parte hartuko dau Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministeagaz batera.

7.- Pornografia lesbofeministea da adierazo dau Carrik. Zein da zure eretxia?

Beharrezkoa da Carrik egiten dauen lana, askotan holako lanetan emakumeen gorputza eta sexualidadea gizonezkoen begiradatik baino ez da sortzen; horregaitik ezinbestekoa be bada Carriren lana, emakume batek sortutakoa dalako, emakumeen ikuspuntutik, prozesu guztian zehar emakumeen eretxia eta
ikuspegia ardatza dalako. Hori be inportantea izan da guretzat Ohorezko Saria emoterako orduan.

8.- XIX. Zinegoak honetan danean ibiltea izango da zure ardurea baina zer da galduko ez dozun jarduerea?

Ba gatx egiten jat galdera honi erantzutea, gure egitarauan agertzen diran jarduera guztiak begitantzen jataz oso interesgarriak. Jaialdia hasi baino lehen, 3, 2, 1... Zinegoak! aurre jaialdian, zezeilaren 26an oso saio berezia izango dogu Bilborocken: Ez amour ezta Toujours; kontzertu-kabareta izango da, kontzientzia feministaz jositakoa eta danok ezagutzen ditugun abestien irakurketa kritiko eta dibertigarria egingo dabe Irantzu Varelak, Cris Lizarragak, Aranzazu Callejak, Maite Arroitajauregi; Mursegok, Actea Jimenezek eta Esther Lopezek. Artista talde zoragarria Bilboko aratusteen arrastirako, plan bikaina!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu