Herriz herriko eskaintza zabala dakar 22. Korrika Kulturalak

Bizkaie! 2022-02-09 13:10   Euskerea berbagai

Kulturalaren programea landuko da AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekearen inguruan.

Korrika Kulturala aurkeztu dabe Asier Amondo eta Aitziber Balantzategi AEK/Korrikako bozeroaileek gaur, Derioko Baserri Antzokian eta hainbat artistaz lagunduta. Aurtengo protagonisten artean, besteak beste, Ruper Ordorikaren Hautsi da Anphora ikuskizuna (Loraldia Festibalagaz alkarlanean eskainia);
baita eRRe eta Antigone antzezlanak be. Barrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Kulturalaren Menua, hain zuzen be, herriz herriko ekitaldi kulturalak programetako AEK-k egindako katalogoa.

Asier Amondok nabarmendu dauenez, 22. edizino hau transizinotzat dabe eta hemendik aurrera Kulturalaren programea landuko da AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekearen inguruan. 23. Korrikatik aurrera, dino Amondok, Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekeagaz taiutuko dogu. AEK-k lan bat sarituko dau urte birik behin; euskal sortzaileentzat izango da, diziplina asko edo bakarra barrubatuz eta lanaren emonaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dabe. Aurtengo proposamenak jaso ditue dagoeneko eta epaimahaiaren esku dagoz. Apirilean emongo dabe bekearen irabazlearen barri.

Edozelan be, bekearena hurrengo KORRIKArako gaia da momentuz eta «22. edizino honetan azken urteotan sarri erabilitako formuleari helduko deutsagu barriro, alkarlanari, hain zuzen be», esan dau Amondok. Esangura horretan, Loraldia Festibala izango da Korrika Kulturalaren bidelagun eta Hautsi da
Anphora ikuskizuna beren aurtengo edizinorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua da, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldeagaz alkarlanean egina. Prentsa-agerrialdian Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkaria be egon da eta, aurreratu dauenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahal izango da Hautsi da Anphora: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.

Era berean, bestelako sorkuntza-lanak sustatu eta hainbat herritara eroaten lagunduko dau Korrika Kulturalak, besteak beste, “eRRe” ikuskizuna (Lanku kultur zerbitzuen eskutik); eta Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bersino librea. Azken obra honen
lagin txiki bat ikusteko aukerea izan dabe aurkezpenera bertaratutakoek, Xanti Agirrezabala aktorearen eskutik. Agenda osoa konsultau daiteke korrika.eus webgunean.

Herriz herriko Menua osotzeko katalogoa

Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak aitatu dauenez, Korrika Kulturala jaio zan AEK-k Euskal Herriari KORRIKAren alde egindako lana eskertzeko, kalidade handiko kultur eskaintza zabala bueltan emonez. Esangura horretan, herriz-herri atontzen diran ekitaldiak be eroan gura ditue agendara AEK-koek: Harago joan nahi izan dogu aurten, azaldu dau Amondok eta Korrikaren webgunean Menua izeneko baliabidea txertatu, hau da, 22. Korrika Kulturalaren barruan atondutako ekintzen katalogoa, edegia. Menu horretan topau daitekezan artista eta ikuskizunen adibide da Eñaut Zubizarreta Trigger musikaria; aurkezpenean parte hartu dauen bigarren artistea.

Menuaren gaineko informazino guztia korrika.eus-en dago, Kulturala atalean. Horrezaz gan, webguneak Korrika Kulturalaren barruan programauko diran ekitaldi guztien barri be jasoko du, Agendea atalean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu