Ia-ia normaltasun osoz ospatuko dabe San Balendin Eleizondon (Zeanuri), zezeilaren 13an

Bizkaie! 2022-02-09 10:37   Kulturea

64 urte beteko ditu artea neutzearen tradizinoak.

Domekan, zezeilaren 13an —San Balendin bezperan—, San Balendinen omenezko jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzunean (Bizkaia). Igaz, pandemiaren kontuak gorabehera, Eleizondo auzuneko bizilagunek jaia era pribatuan ospatu eben, beste urte batzuetako jente pilaketak ebitau eta aurten ia-ia normaltasunera bueltauko dira, baina barauskarri barik.

Jaia ospatzeko egitarau apala, baina, aldi berean bitxia atondu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko. Jarraian ermitearen aurreko
artearen neurketeari ekingo deutse eta neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak —Irantzu Aranak—, datorren urtekoari —Rosi Ipiñazarri— agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz.

Beste urte batzuetan, ostean barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatzen izan da bertara hurreratzen diranen artean, baina COVI-19a dala eta aurten ez da barauskarrik egongo. Ekintza horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala hirurogeta lau urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hamase urte —aldi batean bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsen ekintzea: Piedadeko artearen neurketea: Pedro Lejarza eleizondotarraren arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben.

Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta(+) arduratzen zan eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten eben. Zeferinoren koadernoetan lehen Andra Mari parrokiatik ermitara eroaten da santua prozesinoan eta hurrengo urtera arte bertan egon da.

Orain dala 64 urte hasi ziran Piedadeko artea neurtzen eta urtero errepetiduten da tradizinoa.

Urteetako neurketen zehetasunak

Lehenengo neurketea 1959koa da eta ondokoa irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos: Grueso a la altura de 1,50: 0,18. Tradizinoa apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak (+) egin eban 1999an; papeltxo batean idatzi eban: Piedadeko artea.
99-2-14. a 1,50 zirkunferentzia.: 1,50”.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek eta Pedro Lejarzak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro eta 2008an neurtzeaz gainera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honeri, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Gainera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (+) aurduratu izan da 2005era arte. Gregorio 2015ean hil egin zan eta 2016an Gregorioren lekukoa Igor
Intxaurraga eleizondotarrak hartu eban. Aurrerantzean bera izango da neurtzailea.

Igaz arteari hartutako neurria honako hau izan zan: 189,70 cm-ko perimetroa eta 150 cm-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu