'Hezkuntza akordioa hobetu behar da'

Bizkaie! 2022-02-09 08:14   Euskerea berbagai

Ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jo behar da.

EAEko Hezkuntza Lege barrirako oinarriak jasoko dituan lehen zirriborroa aurkeztu dabe Legebiltzarrean. Hezkuntza lantaldeko presidenteak atondu dau txostena, alorreko ehun bat aditugaz eta eragilegaz alkarrizketak egin eta horreen ekarpenak jaso ondoren.

Euskalgintzearen Kontseiluak abenduaren 21ean aurkeztu eban Legebiltzarrean bere ekarpena, bai eta hezkuntza-komunidade eragile nagusienakaz hizkuntzearen esparruan adostutako eskaerea be.

Legebiltzarreko lan-taldeak aurkeztutako txostenean euskerea ardatz dauen sistema eleaniztunaren alde egiten da. Lehen balorazinoan, Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu dau kontzeptu horrek ardura handiak sortzen deutsezala: Kontua da akordioan bertan jasoten dala, egun, euskal hezkuntzea euskerea ardatz dauen sistema eleaniztuna dala. Ondorioz, ez jaku argi geratu ia proponiduten dan sistemeak zelako aldea dauen egun indarrean dagoan sistemeagaz konparauta, hau da, ia egun indarrean dagoan ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko dauen ala ez azaldu dau Bilbaok, izan be, ez dau zehazten ze ondorio zehatz dauen euskera sistema eleaniztunaren ardatza izateak eta Kontseiluaren arabera, hor dago akordioaren edukiaren muina. Arrazoi horregaitik, Kontseiluko eledunak akordioagaz lege artikulatua jorratu ahal izateko, beharrezkotzat jo dau hezkuntza-sistemeak eredu orokortu eta bakarra izango dauela berariaz jasoteari: Egun indarrean dagoan sistemea etorkizunekoaren bardina izateak eta horregaitik uste dogu hitzarmenean berariaz jaso behar dala hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskerea gaitasun egokia bermatuko deutsen eredu orokortua ezarriko dala» azaldu dau. Bilbaok gogoratu dau proposamen hori adostasun zabalaren emoitzea dala: «Esan genduan eta holaxe berresten dogu, hitzarmenak jasoten dituan elementu nagusienei jagokenez, ez dala egongo horrenbesteko adostasunik izango dauen punturik. Horregaitik, hizkuntza ereduen korapiloa askatzeko lortu genduan askotariko eragile garrantzitsuenek bat egitea azaldu dau. Eta, beraz, hitzarmenean eskaera hori berariaz agertu beharra aldarrikatu dau.

Bilbaoren arabera, Legebiltzarreko taldeak aurkeztutako proposamenak baditu kontuan hartu beharreko hainbat elementu: Egia da, bai, euskerearen ikaskuntza-prozesuari buruzko gako asko jasoten dituala dokumentuak: helburuak, erronkak, erronkek behar dituen gakoak, hizkuntzen trataerea... Interesgarria da Euskerearen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrerea be adierazo dau Kontseiluko eledunak. Kontuk kontu, horreek guztiek atzean ikasteredu orokortuaren planteamendua beharrezko dabela erantsi dau Bilbaok: Hezkuntza-sistemea ziklo barri batean sartuko bada, nahitaezkoa da hizkuntzearen esparruan be anbizinoz jokatzea, salto egitea esan dau.

Horregaitik guztiagaitik, Kontseiluko eledunak dei egin deutse alderdiei akordioa hobetu deien eta etorkizuneko belaunaldiak euskaldun eleaniztunak ekarriko dituan ikasteredu orokortua oinarri izatea: Beste gai edo esparruetan lez, kasu honetan be bardintasuna bermatzeko oinarrizko bidea izan behar dau gitxien dauenari gehiago emotea. Horregaitik dinogu, oinarrizko euskera-gaitasuna belaunaldi barri guztiei bermatuko deutsen eredu barri orokortua ezartzea dala aukerarik justuena eta bardinzaleena eta lehen akordio honek hori jaso beharko leuke. Egun dagoan ereduen sistemea gainditu behar dogu etorkizunean adierazo dau. Bilbaok gogoratu dau abenduaren 16an Gasteizen, hezkuntza komunidadeko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzeak aurkeztu ebela aldarri hori. Proposamenagaz bat egin eben Ikastolen Alkarteak, EHIGE guraso alkarteen federazinoak, Kristau Eskoleak, HEIZE zuzendarien federazinoak, Hik Hasik eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek. Abenduaren 21ean, Paul Bilbao Legebiltzarreko batzordera aditu lez gonbidatua izan zan eta bertan proposamena defendidu eban: Ezin deutse uko egin hezkuntza-komunidadearen gehiengoak egindako eskaereari. Ezin deutse uko egin holako adostasun zabalari. Ezin deutse uko egin hizkuntzearen korapiloa askatzeko askotariko eragileek mahai gainean jarritako aukereari. Orain da aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora salto egiteko momentua eta horixe eskatu nahi deutsegu alderdiei. Orain da momentua. Bestela, aukera galdu bat izango litzateke gaineratu dau Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu