MIN Sarietan hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2022-02-08 11:14   Musikea

Euskerazko diskorik onena da kategorietako bat.

MIN Sariak emoteko ekitaldia (argazkia: Etxepare Euskal Institutua) | Ikusi handiago | Argazki originala

2022ko MIN Sariak emoteko ekitaldia apirilaren 27an egingo dabe, Iruñean. Hortaz, antolatzaileek hautagaiak aurkezteko epea zabaldu dabe kategoria guztietan, tartean euskerazko diskorik onenaren atalean. Espainiako Unión Fonográfica Independiente alkarteak emoten ditu sariok, musika independentean dabizan artistei autortzea egin eta euren sorkuntzak zabaltzeko.

Euskerazko diskorik onenaren kategoriak Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoa dau. Erakunde honek jakitera emon dauenez, hautagaitzak aurkezteko epea zezeilaren 18an amaituko da. 2021ean argitaratutako diskoak, EPak edo singleak dituen artista eta zigilu independente guztiek hartu leikie parte. 

Hautagaitzak artistek eurek aurkeztu leikiez, edo, bestela, diskoetxeek, argitaletxeek edo kudeatzaileek. MIN Sarien webgunera jo behar dabe horretarako.

Igazko edizinoan, euskerazko diskorik onenaren kategorian, Ruper Ordorikak irabazi eban, Bakarka lanari esker.

MIN Sariak 2009an sortu zituan Unión Fonográfica Independientek, musika independentea sustatzeko. Artista eta diskoetxe txikien lanak zabalduta, kultur aniztasuna, sorkuntza artistikoa eta talentua bultzatu nahi ditue antolatzaileek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu