Artelanen izenak euskeraz zelan esan arautu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2022-02-07 13:17   Euskerea berbagai

Esate baterako, Gernika da Picassoren koadro ezagunaren forma onartua.

Pablo Picassoren 'Gernika' koadroa (Museo Reina Sofia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Artelanen izenak euskeraz idazteko orduan egon leitekezan zalantzak argitzeko, 194. araua onartu eta plazaratu dau Euskaltzaindiak, Exonomastika Batzordearen bidez. Pinturea, argazkigintzea eta eskulturea hartzen ditu kontuan arau barriak, izan be, Historiaurreko eta Antxinaroko artelanak eta arkitekturea aurreko beste arau batzuetan jaso zituen, 191.ean eta 193.ean, hain zuzen. 

Arau barrian, beraz, pinturak, eskulturak eta argazkigintzako piezak euskera arautuan zelan esan jakiteko erespide orokorrak emoten dira. Izan be, artelanaren arabera, gauza asko aldatu leitekez: letra etzunez ala zuzenez idatzi behar dan, jatorrizko izenburua euskeratu behar dan...

Erespide nagusiaren arabera, obren izenburuak euskerara itzulita emon behar dira, beste hizkuntza batzuetan ohikoa dan lez. Badagoz salbuespenak, adibidez, izenburuaren adierazkortasunerako inportantea danean jatorrizkoari eustea. 

Leku-izenak dakarzen izenburuetan be, Euskaltzaindiak dino euskerara egokitu behar dirala. Pablo Picassoren koadro ezaguna, jatorriz Guernica, modu askotara ikusi dogu idatzita, baina 194. arauak beren-beregi dakar euskera jasoan Gernika izan behar dala, Bizkaiko uriaren izen arautuagaz bat etorri daiten. 

Erespide orokorrak emoteaz gan, 194. arauak artelan ezagun batzuen zerrendea dakar, ehun pintura eta 18 eskultura (tartean Gernika). Zerrendan topauko doguz Mona Lisa/Gioconda (forma biak dira balekoak), Puppy, Neska perladuna, Manneken Pis, MeninakDavid...

Zerrendako artelan guztien euskerazko forma arautua emoteaz gan, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokideak be badatoz, bilaketak errazteko eta hizkuntza batetik besterako aldeak agirian ixteko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu