Maryse Urruty: 'Beharrezkoa da zubiak eregitea'
2022-02-07 07:55 BarriketanItzulia Konpainiako zuzendaria.
Itzuli Konpainia zuzentzen dau Maryse antzerkilari amikuztarrak. Antton Lukugaz ekin eutson antzerkigintzeari eta aurrerago L’Ecole du Jeu antzerki eskolak amaitu eta Parisen konpainia sortu eban: 13r3p. Taldeagaz Behin Bazen Internet eta Bureau des Exils antzezlanak taularatu ditu. Edozelan be, Bilboko ATX Teatroa eta Donostiako Hika konpainiakaz be ibilten da, baita Baionako Entre les Gouttes eta Hecho en Casa taldeakaz be. 2017 an, Euskal Herrira bueltau eta Cyranorena egin eban Hecho en Casa konpainiaren euskerazko bersinoan. Gaur egun, Itzuli konpainia sortu eta zuzentzen dau eta ATX Teatroa, El Punto Gunea eta Itzuliren arteko koprodukzinoa dakar: Oihana, sorginen antzezlana, jantzea eta antzerkia buztartzen dituana, transmisinoa eta identidadea ardatz dituana; jantzak jakintza eta sorginen boterea izateko behar dan formula magikoa irudikatzen dau eta ideia horrek euskerearen aurrean dauen paralelismoa esanguratsua da, belaunaldi bat igaro zalako transmisinoa eten eta hizkuntzea guztiz galtzeko. Beraz, istorio hau euskeraz kontauta, zailtasun guztien gainetik iraun dauen transmisinoa omentzen da, baita gure hizkuntzen aniztasuna eta aberastasuna be.
ATX Teatroa, El Punto Gunea eta Itzuliren arteko koprodukzinoa da Oihana.
1.- Zezeilaren 6an estreinau eta 7an eta 8an be Angeluko Quintaou Aretoan eskaini dozue Oihana. Estreinaldian sarrera guztiak agortuta. Lehenengo hartu- emonak publikoagaz zelakoak izan dira?
Ikaragarria izan da erantzuna. Pozarren gagoz. Sarrera guztiak saltzea ez genduan espero eta ezin sinistuta gagoz. Antzezlana euskeraz eta, kasu batzuetan, azpitituluakaz emon dogu, euskerea eta euskerarik ez dakien publikoa buztartu doguz eta ederra da hori.
2.- Itzuli Konpainia zuzentzen dozu baina Parisen be ibilitakoa zara eta han be antzerki talde bat sortu eta pare bat obra eskaini zenduezan. Geldi egoten ez dakian horreetakoa zara...
Bai, bai, bai [Barreka], holakoa naz, ez dakit geldi egoten. Proiektuetan sartzea eta jentea ezagutzea gustetan jat. Parisen 13r3p konpainia eta antzezlan bi sortu ondoren, hona etorri eta beste konpainia bat sortu neban eta zorionez, hemengo beste talde batzuk ezagutu eta euskerea berreskuratu dot. Hori izan da nire ibilbidearen parte handia, hori guztia antzerkiari esker.
2.- Jantza-antzerkia da Oihana. Transmisinoa, identidadea, euskerea sorginen hizkuntzea... Sorginek euskeraz egitea deigarria bgitandu jaku baina zer kontetan dozue Oinana antzezlanean?
Oihana ibilbide errituala da, erdigunean, feminismoa, alkartasuna eta maitasuna ditualarik. Antzezlanak oihan biren istorio edo ipuina dakar, oihan fisikoa, basoa eta Oihana gure personaia nagusia, familia militante bateko alabea, burrukatzeko beste modu batzuk badagozala pentsetan dauena, ez dau gurasoen jokabiderik gura eta beste bide bat aukeratzen dau, jantzearena, jantza misteriotsua, guretzat euskerearen metaforea dana, basoen hizkuntzea da, maila bisualean jantzea eta antzerkia nahasten ditugulako; jantzea ikasi eta horri esker aurrera doa, ausardiaz eta kuriosidade haundiz, hizkuntza misteriotsua berba egiten daben emakumeak ezagutzera: Sorginak.
3.- Antzezleak Barbara Rivas, Arantxa Hirigoyen eta Joana Olasagasti dira. Antzezle talde polita osotu dozue eta, berbarako, Barbara Rivas beste antzezlan batzuetan be ikusi dogu, Altsasu, Amalur eta beste batzuetan. Zeintzuk izan dira taldea osotzeko zailtasunak?
Zailtasunik ez dogu izan. Oso gustora ibili gara, antzezleak lehendik ezagutzen nituan eta giro polita izan dogu, abenturea izan da guretzako.
Barbara Rivas gipuzkoarra ezagutu neban Cyrano obrea atontzen eta esperientzia handikoa da, Antzerki Fisikoko ikasketak Madrilen eta Londreseko Rose Bruford College-en be ibili izan da. Euskal Telebistan be bai, besteak beste, Goenkale eta Goazenen. Antzerkian Cyrano obran dabil lanean Baionako Hecho en casa konpaniagaz euskeraz, frantzesez eta gaztelaniaz. Bestalde, Arimaz konpaniarekin 3.urtez Donostiako ikastetxeetan bullying-ari buruzko antzerki-tailerrean sartuta eta Oihana ikuskizunaren sorkuntzan be ibili da Itzuli konpanian.
Arantxaren kasuan, neu nenbilen oholtzan eta eta Arantxa kanpoan begirale eta berehala jaubetu nintzan Arantxa ona zala oholtzarako eta aldaketea etorri zan, bion adostasunari esker.
Joana Olasagasti lagun handia da, baionarra, jantzaria eta koreografoa.
Bakotxak hartu dau behar eban lekua eta hirurek egin daben beharragaz oso harro nago.
4.- Musikearen arloan, Oihanaren loa abestia be plazaratu dozue. Musikagilea Paula Olaz Moratinos izan da baina zeuk be ahotsetan eta egin dozu ekarpena...
Bai edo. Kantau egiten dot, off ahotsa sartu dot ikuskizunean eta kantau be egiten dot. Musikea sano inportantea da Oihana obran, Paula Olazek sortu dau musikea, zinema, telebista, antzerki eta bideojokoetarako soinu-bandak egin dituanak, Berklee College of Music-en egin zituan ikasketak eta cum laude aitamena jaso eban graduondokoan; esperientzia polita izan da Euskal Rock Radikala be txertatu dogulako, Paularen amesetako musikak eta rock gogorragoa buztartu doguz; idazlea Martin Antxia Abasolo izan da, nahasketak Patrick Fischer-enak dira, Panderoa Madda Luzzik jo dau eta kantau, barriz, neuk eta Alaia Berhonde, Maialen Berra Zubieta, Sandra Lizarralde Papon, Madda Luzzi, Kattina Martin, Sandrine Mounier, Idoia Negrete Perez, Paula Olaz Moratinos eta Sandra Urrutyk egin dogu.
Jantzeari jagokonez, Eneko Gilegaz egin dogu lan, izan be, berak zuzendu ditu txatal guztiak. Mugaz gaindiko proiektua da hau, ATX teatroa, El Punto eta Itzuli batu garelako talde artistikoan eta produkzinoan.
5.- Noiz hasi zinien probak, saioak egiten? Zelako esperientzia izan da?
Aspaldi hasi ginan Oihanaren zertzelada guztiak atontzen baina probak edo saioak egiteko gure modua da egonaldiak egitea. Astebete edo bi egiten doguz danok alkarregaz, bertan bizi gara, otorduak eta lo be hor egiten doguz eta gure arteko hartu-emonak indartzen dira. Gauetan be Oihana antzezlana izaten da protagonista amesetan be eta, egia esan, burbuilan egoten gara, sano konzentrauta ze egunerokotasunagaz bat egin ezkero, gatxagoa da.
6.- Zelako publikoa espero dozue antzezlanetan? Antzezlan gehienak Ipar Euskal Herrian izango dira eta pare bat Donostian eta bakarra Bilbon...
Bai, pozik gagoz Hegoaldera be salto egingo dogulako eta espero dogu Nafarroan be hitzorduren bat edo beste izatea.
Publikoari jagokonez, danantzako antzezlana da Oihana baina hemen 10 urtetik gorakoentzako dala esaten dogu, ikusle helduentzako, hain zuzen be. Nerabe diranean be gozauko dabe Oihana obreagaz. Galderak sortzen diranean, nor naz, zetan nabil, zergaitik errakzionetan dot holan eta sortzen diranean, ez dogu bildurrik izan behar, betirako gaiak eta kontzeptuak dira eta ikusgarriak horixe jorratzen dau, nortasuna zelan eregiten dan, transmisioa, euskerearen indarra lakoak danontzako dira, ez dogu mugarik jarten.
7.- Baionako Entre les Gouttes eta Hecho en Casa taldeakaz be bazabiz eta Hegoaldekoen artean, Hika eta Atx nabarmendu daitekez. Baina zeure-zeurea Itzuli da. Zein da bizi dozuen egoerea?
Hemen, euskeraz sortzea ez da erraza; oso leku gitxik programetan dabe euskeraz eta, beraz, Itzuli konpainia hor dabil, lehen be esan deutsut, zubiak behar doguz geure lanak ezagutzera emoteko eta zeozelan, Iparraldekoa izanda, exotikoa sentiduko naz Hegoaldean eta Ipar Euskal Herriko jarduerek mugea zeharkatzen dabenean, exotiko sentiduko dira. Normalizau egin behar dogu hau guztia, Zuberoako berbetea zergaitik ez dogu ekarriko Bizkaia eta Gipuzkoara eta Aretxabaletako euskerea zergaitik ez dogu Lapurdira eroango, oso beharrezkoa da hori gure kulturea babesteko.
2017an sortua eta Baionan kokatua, Itzuli Konpainia, Baionan sortu zan orain urte batzuk eta antzezlana euskeraz izatea lehenesten dogu baina antzerkiaren pasinoa zabaltzea da gure asmoa, ikuskizunetan diziplinak buztartuz: Bideoa Behin Bazen internet obran (2018) edo musikea Erromako Zubia ipuinean (2020). Oihana proiektuak (2022), barriz, antzerkia eta jantzea buztartzen ditu.
8.- ATX Teatroa, El Punto Gunea eta Itzuliren arteko koprodukzinoa da Oihana. Sorkuntzeari jagokonez, Hegoaldean Iparralden baino hobeto?
Ipar Euskal Herrian ditu sare eta bide gehiago Itzuli konpainiak baina beste lagun batzuk behar nituan Hegoaldera salto egiteko eta horrexek dira, zeuk nabarmendu dozuzan horreek Donostia eta Bilbo. ATX taldeak difusinoa eta banaketea haru ditu beregan eta El Puntok, barriz, egonaldia atondu dau, astebeteko egonaldia Nafarroan, antzezlanaren gorabehera guztiak zehaztu eta fintzeko.
Kontua da ze, euskerazko produkzinoak egitea errazagoa dala Hegoaldean egitea. Alde handiak dagoz eta beharrezkoa da zubiak eregitea, euskeraz dabizen antzezle, talde, teknikari eta behargin guztiak laguntzeko.
9.- Bihar-etzirako zeintzuk dira zure erronkak?
Antzezlan gehienak Angelun, Luhuson, Hendaian eta Donapaleun eskainiko doguz baina Donostiako Antzoki Zaharrean be izango gara maiatzean eta Bilbon, urrian edo Harrobia Zentroan eta herri gehiagotan hitzorduak sortzea espero dot.
Beste alde batetik, Oihana obrearen mezua da alkar jagotea bai obran eta bai egunerokoan eta uste dot antzezlanak eskaintzeko egitarau potoloaren ondoren, deskantsua hartu beharko dogula, indarbarritu eta beste proiektu batzuk sortzeko. Itzuli konpiniaren izenean, nik neuk aktore lanak baditut berbatuta, Erromako zubia izeneko ipuin musikatuan eta Oihanagaz batera hor ibiliko gara.
Erretratuak: Nahia Garat.
Laguntzaileak: Euskal Hirigune Elkargoa, Euskal Kultur Erakundea, Hego Akitaniako Eszena Nazionala, Pireneo-Atlantikoetako Departamendua - Mikro proiektuak, Pireneo-Atlantikoetako Departamendua-Kultura, Baionako Herriko Etxea, OARA, Chimères Antzokia, Hendaiako Udala, UPCP-Métive, URFR Moulin du Marais, Itzuli, Atx Teatroa, El Punto Gunea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!