Araban euskerea ikertzeko bekak, Mikel Perez eta Iker Ondartzarentzat

Bizkaie! 2022-02-04 11:17   Euskerea berbagai

Gazteen erabilerea eta herrialdeko euskalkia aztertuko ditue, hurranez hurran.

Arabako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk Henrike Knörr bekak emon ditue, Araban euskerearen erabilerea aztertzea helburu daben ikerlanak bultzatzeko. Lehenengo edizino honetan saritu bi egon dira, Mikel Perez eta Iker Ondartza. Gasteizko gazte elebidunen hizkuntzen erabilerea eta herrialdeko euskalkiaren ezaugarriak eta aldaerak hobeto ezagutzera bideratuko dabe laguntzinoa, hurranez hurran.

Araban euskaldunak aktibau eta hareen arteko sareak jostea da Foru Aldundiaren helburuetako bat, aspaldiko urteotan, baita euskeraz bizi ahal izateko politikak ezartea be. Helburu hori beteteko ikerkuntzea eta ezagutzea be ezinbestekoak diralakoan, EHUgaz bat egin eta aurten emon ditue lehenengoz bekak. Henrike Knörr euskalari arabarra zanaren omenezko izena ipini deutse. 

Deialdi honetan, master amaierako proiektuak lehenetsi dira, baina baita ikerketako edo gradu amaierako proiektu monografikoak be, ondorengo tesiak bultzatzeko helburua badabe eta ikergai nagusia euskerearen erabilerea bada, edozein jakintza-arlotatik aztertuta. Kasu guztietan, unibersidadeko irakasle doktore batek proiektua bermatu beharko dau.

Lehen aintzatespena Mikel Perez Martinezek jaso dau. Gasteizko gazteek berba egiten dabenean kodeak zelan aldatzen dituen aztertu nahi dau, uriburuko gazte elebidunen ezaugarri soziolinguistikoak sakonago ezagutzeko. Gaztelaniatik euskerara salto egitea fenomeno zabaldua da, eta Perezek jakin nahi dau gazteek ze eretxi daben horretaz.

Ikerketa enpirikoa egingo dau Mikel Perezek: batetik, kode-alternantziaren erabilerea eta jarrerak ikertzeko galdetegia emongo jake parte-hartzaileei, eta, bestetik, onargarritasun-ariketa bat egingo jake, txandakako esaldiakaz. Jarraian, galderen erantzunak eta onargarritasun-ariketea alderatuko dira, Gasteizko gazte elebidunen profilaren, kode-alternantziaz daben jarrerearen eta txandakako esaldiakaz daben onarpenaren arteko loturea ezagutzeko.

Bigarren bekea Iker Ondartza Padiernak irabazi dau. Arabako euskalkian sakontzeko erabiliko dau laguntzinoa, ezaugarri linguistikoak identifikauta. Definizino horretatik abiatuta, Arabako euskerearen hedadurearen irudi bat marraztuko dau, alderdi geografikoaren zein kronologikoaren ikuspegitik. Euskalkiaren kanpoko mugea edo zabalkunde osoa kokatzeaz gan, eremuaren barruan dagozan ezbardintasunak eta balizko zatiketak azaleratzea da Ondartzaren asmoa, kontuan izanda ezaugarriok denporeagaz aldatu egiten dirala, ganera. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu