Eskualdeko herrien indarra batuko dau Leartibai Fundazinoak

Bizkaie! 2022-02-04 10:09   Pil-pilean

Hogei urteko alkarlanean pausu bat gehiago da erakunde barria.

Alkateak, fundazinoko arduradunak eta Unai Rementeria (argazkia: Leartibai Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta sendotzeko sortu dabe Leartibai Fundazinoa, azken hogei urteotan eskualdeko erakunde eta eragileek alkarlanean egin daben bidearen hurrengo pausu lez. Lea-Artibaiko hamabi udalek egin dabe bat.

Markina-Xemeinen egin dabe fundazino barria aurkezteko ekitaldia, entidade pribadu eta publikoetako ordezkariak bertan dirala. Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputadua eta Cristina Mugica Lehiakortasun eta Turismo zuzendaria egon dira. Lea-Artibaiko hamabi udaletako alkateek be hartu dabe parte.

Leartibai Fundazinoaren gidari izango diranak ezagutzeko modua be egon da Markina-Xemeingo aurkezpenean: Luis Egurrola izango da lehendakaria (Markina-Xemeingo alkatea be bada) eta Ainhoa Arrizubieta zuzendaria.

Epe luzerako apustu sendoa da fundazinoa, aurkezpenean azpimarratu dabenez. Azken hogei urteotan Azaro Fundazinoak zein Lea-Artibai Garapen Agentziak egindako lana izango da ibilbide barriaren oinarria, baita eragile pribadu eta publikoen arteko alkarlana be.

Ainhoa Arrizubietak azaldu dauenez, sei helburu edo arlo nagusi izango ditu fundazinoak: ekintzailetzea, industriaren lehiakortasuna, merkataritzea, turismoa, enplegua eta landa eremuaren garapena. Lehenengo ardatzak horreek izanik, hurrengo urteotan egitasmoa proiektuz jantzi behar dala ganeratu dau zuzendariak. 

Eskualdeko herri eta eragileen arteko lankidetzea mende hasieratik martxan dagoala gogoratu dau Luis Egurrolak, eta mugarriz mugarri joan dirala: lehenengo, Azaro Fundazinoa sortu zan, hamar bat urte geroago Leartibai Barrikuntza Gunea heldu zan eta, orain, hamarraldi barrian sartuta, mugarri barri bat kokatzera datozala dino. 

Alde desbardinen eta pentsamendu anitzen arteko adostasunaren eta alkarlanaren emoitzea da honakoa, Egurrolaren esanetan. Indarrak batuz, sinergiak aprobetxatuz, alkar elikatuz eta alkarregaz eraginez, gehiago ez eze, indartsuago be bagarelako

Unai Rementeriak Leartibai Fundazinoa eredutzat hartu dau gobernantzearen eta inplikazinoaren aldetik: baliabideen eta erakundeen baturea baino askoz gehiago da; aukerak sortzen jarraitzeko behar dogun bultzadea da. Indartsu jaio dan erakundea da, eskualdeko garapen ekonomikoaren ikuspegi integralagaz, eta elementu bereizgarri bategaz, personek daben balioa eragile integratzaile lez

Lea-Artibaiko hamabi udalerriak honeek dira: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu