Arabako Bertsolari Txapelketea apirilean hasiko da

Bizkaie! 2022-02-04 09:25   Bertsolaritzea

Finala Gasteizen izango da, bagilaren 11n.

2019ko edizinoko finalaurrekoetako saioa, Zigoitian (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtarrilean zan hastekoa 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketea, baina Covid-19aren zabalkundeak eta osasun neurri zorrotzek dana hankaz gora ipini eben. Arabako Bertsozale Alkarteak hitzordua atzeratu eban, egoera aproposagoaren zain. Pentsau leiteke gauzak garbiago dagozala orain, ze erabagi dabe txapelketea noiz egin: apirilean hasi eta bagilean amaituko da.

Apirilaren 1ean jokatuko da lehenengo saioa, Amurrion. Finala Gasteizen izango da, bagilaren 11n. Bitarte horretan, bertsolaritzarik onena herririk herri ibiliko da Araban, kanporaketarik kanporaketa, zaleen gozamenerako.

Lau fase izango ditu txapelketeak. Final zortzirenetan 30 bertsolarik kantauko dabe; final laurenetara 18 baino ez dira helduko eta finalaurrekoatara, 12. Azkenik, finalean sei onenak izango dira. Bertsolariak eta publikoa ezinbestekoak dira txapelketan, eta honeei batuko jakez 11 gai-jartzaile eta sei epaile. 

Hortaz, pandemiak behartutako etenaren ostean, martxea hartzen hasi da barriro Arabako Bertsolari Txapelketea. 15. edizinoa izango dau aurtengoa. Antolatzaileek argibide gehiago eta zehatzagoak emongo ditue martiaren 19an egingo dan aurkezpen-ekitaldian. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu