Martxan da Idazkide, Foru Aldundiko beharginentzat

Bizkaie! 2022-02-04 08:35   Euskerea berbagai

Erakundearen barruan euskerearen erabilerea handitzeko tresnea da. 

Lorea Bilbao eta Xabier Arauzo (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak martxan ipini dau Idazkide, erakundeko beharginei euskeraz idazten lagunduko deutsen tresna barria. Itzulpenerako eta konsultarako baliabideak emoten ditu eta dagoeneko 600 langile inguruk erabili leikie. Hurrengo hileetan Foru Aldundian dabizan guztien eskura egotea da asmoa.

Lantik enpreseak sortu dau Idazkide, ofimatikako oinarrizko programetan txertatzen dan tresna lez. Itzultzaile neuronalak emoten dituan gaitasunak erabilten dituanez, euskerazko eta gaztelaniazko itzulpenak egin leikez eta hizkuntza idatziaren inguruko zalantzak argitzeko modua be badabe erabiltzaileek. Foru Aldundiko Euskera Zuzendaritza Nagusiko talde teknikoak aztertu eta erantzungo ditu galderoak. 

Idazkide, oraingoz, Foru Aldundiko beharginen eta sailen arteko barruko komunikazinoan erabiliko da, lan eremuan euskerearen erabilerea indartzeko sortu dalako. Kanpora begira idazten diran dekretu, agindu, ebazpen eta iragarki ofizialak, orain arte lez, Itzulpengintza, Terminologia eta Hizkuntza Teknologia Atalera bialduko dira.

2021eko zemenditik probaldian egon da Idazkide, 50 langile ingururen esku. Honeen eretxiak onak izan dirala ikusita, Foru Aldundiko atal guztietara zabaltzen hasi dira orain. Martxan egon dan denpora laburrean, beharginek 1.300 aldiz erabili dabe itzulpenak egiteko eta 230 konsulta bialdu ditue.

Garapen teknologiko honen helburua Bizkaiko Foru Aldundiko langile guztiei baliabideak emotea da, autonomiaz testuak euskeraz be idatzi deiezen, euskerazko testuak egiteko izan leikien segurtasun eta ohitura falteari aurre eginez, adierazo dau Kultura eta Euskera Saileko diputadu Lorea Bilbaok, Idazkide aurkezteko agerraldian. Xabier Arauzo, Euskera Zuzendari Nagusia, be ekitaldian izan da. 

Bilbaok gogoratu dauenez, indarrean dagoan Euskerea Normalizetako Planari erantzunez, idatzizko hartu-emonetan euskerearen erabilerea ziurtatu eta idatzizko barruko komunikazinoetan euskerea sortze-hizkuntza izatea sustatu behar da. Eta Idazkidek horretan ekarpen handia egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu