Brebeta eta baxoa azterketak euskeraz egitea onartzeko eskatu dabe

Bizkaie! 2022-02-03 13:46   Euskerea berbagai

Frantziako agintariei eskatu deutse Euskaltzaindiak. 

Erretratua: Ipar Euskal Herriko Hitza. | Ikusi handiago | Argazki originala

Frantziako hezkuntza sisteman dabizen ikasleek azterketa adierazgarri bi gainditu behar izaten ditue: Brebeta, kolegioan hondarreko ikasturtea amaitu ostean eta bestetik, baxoa, hiru urte irauten dauen bigarren hezkuntzako zikloa amaitzean, ikasleen ibilbide akademikoa baldintzatzen dauen azterketea. Azkena berebizikoa da ikasleentzat goi mailako ikasketak egin nahi dituen gazteen geroan.

2017. urtera arte, brebeta euskeraz egiteko aukerea eben kolegioko ikasleek. Ordutik aurrera, barriz, galdu egin da aukera hori, zientziak frantsesez ikastera behartu ditue-eta ikasleak. Beste alde batetik, Frantziako Hezkuntza Ministerioagaz baxoa azterketearen zati bat euskeraz egiteko adostasuna jadetsi bazan be, ez da urratsik egin. Kontuak kontu, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzeak kezkaz ikusten dau hau guztia.

Euskerearen Akademiaren aburuz, onartezinak dira, ikasketak euskeraz egiten dabizen ikasleek azterketa bi horreek euskaraz osorik egin deiezan, Frantziako Administrazinoak jarten dituan trabak eta, ikasleen aukera bardintasuna urraturik, hondarraldian atzera egin dituan urratsak. Euskaltzaindiaren eretxiz, onartezina da jarrera hori, onartezinagoa aniztasuna horrenbeste goraipatzen dauen eta, estaduek berezko hizkuntzak babesteko helburuz, eginahalak egin deiezan aldarrikatzen dauen Europan.

Arlo horretan, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzeak Frantziako herri-erakundeei eskatzen deutse brebeta eta baxoa azterketak euskeraz egiteko konpromsoa hartu eta hori segurtatzeko baliabideak jarri eta urratsak egin deiezan. Eta ahaleginak egin daitezan, gutun bana bialduko deutse Ipar Euskal Herriko erakunde adierazgarrienei, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari. Era berean, Euskaltzaindia hartu-emanetan jarriko da Frantzian hizkuntza gitxiagotuen eremuan lanean dabizen gainerako akademia eta antolakundeakaz gaia batera aztertu eta Europako erakundeen aurrean ekimen bateratuak egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu