Euskaraldiak hizkuntzeagaz lotutako portaeretan eragiten dau

Bizkaie! 2022-02-03 13:50   Euskerea berbagai

2020ko edizinoaren azterlan soziologiko zehatza egin dabe.

Bilbon batu dira emoitzak eta balorazinoa aurkezteko (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo edizinoan egin eben lez, Euskaraldiaren bigarren aldian, 2020an, ikerketa sakona egin eban Siadecok, ekimenak eragiten dituan hainbat alderdiren inguruan, parte hartu eben herritarren zein entidadeen ikuspegitik. Emoitzak azaldu eta balorazinoa egiteko, Bilbon agerraldia egin dabe Euskaraldiko koordinazino mahaiko kideek. Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila), Ana Ollo (Nafarroako Gobernua) eta Kike Amonarriz (Topagunea) izan dira bertan, baita Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariak be.

Azterlana egiteko, inkestak egin jakez 2.800 norbanakori, eta 45 alkarrizketa; hamaika eztabaida-mahai be antolatu ditue. Entidadeen kasuan, 600 inkesta, 45 alkarrizketa eta sei eztabaida-mahai izan dira. Bestetik, 350 batzorderen eretxia be batu dabe. 

Esan behar da, 2020ko Euskaraldiak lehenengo edizinoak baino parte-hartzaile gitxiago izan zituala, 178.184 lagun izan ziran ahobizi edo belarriprest. Pandemiak eragina izan dau datuan, Siadecokoen ustez. Dana dala, bost parte-hartzailetik batek lehenengoz emon eban izena 2020an. Ahobiziak gehiago izan ziran belarriprestak baino, eta parte-hartzaileen heren bi emakumeak izan ziran. 

Ikerlanak dakarrenez, Euskaraldian parte hartu daben gehienek euskeraz sarriago berba egiteko helburua bete dabe. Kalean, konpromisoak betetea gatxagoa dan arren, aurrerapausu sendoa egon dala dino Siadecok. 

2020ko edizinoaren barritasuna ariguneak izan ziran, ariketea modu kolektiboan egin ahal izateko eremuak. 24.363 arigune sortu ziran Euskal Herri osoan, 8.000 entidade baino gehiagoren ekimenez. Kanpo-ariguneak diralakoak martxan jartea errazago egin jake entidade gehienei, barrura begirakoak baino. Bigarren kasu horretan, lanketa sakonagoa egin behar izan dabe.

Ganera, inkesteak dino euskerearen aldeko konpromisoa izan dala ariguneak sortzeko arrazoi nagusia. Euskerearen erabilerea handitzeko gogoak ez dau horrenbeste pisu izan entidadeen erabagian. 

Euskaraldiaren antolatzaileek baikortasunez hartu ditue datuak, pandemiak ariketea guztiz aldrebestu dauen arren. Kaleko presentzia asko gitxitu da pandemiaren eraginez, eta bagenkian horrek ariketan bertan be eragingo ebala, onartu dau Topaguneko Kike Amonarrizek. Partaideek egin daben balorazinoa bizipenei lotua dago, norberak egin dituan aurrerapausuei eta gizartean ikusten diran jokabide aldaketei lotuta

Datuek behera egin arren, parte-hartzea masiboa izan dala aitatu dau Bingen Zupiria sailburuak, baina gehiago zabaltzeko modua be ikusten dau, batez be urietako kaleko giroan eraginda. Hirugarren edizinoan, belarriprest eta ahobiziak eragile aktibo izatea nahi dogu, ganerakoentzat eredu izan daitekez parte-hartzaileen bizipen eta lorpenak.

Inkestearen emoitza batzuk be jorratu ditu Zupiriak: Partaideek autortu dabenez, portaera batzuk errazago aldatzen dira beste batzuk baino. Lehen berbea euskeraz egitea edo euskeraz dakienari euskeraz egitea dira errazenak. Aurretik erderazkoak edo elebidunak ziran alkarrizketak dira aldatzeko gatxenak

Nafarroako Gobernuko Ana Ollok ohartarazo dau ariguneak sendotzen segidu behar dala hirugarren edizinoan. Salto kuantitatibo eta kualitatiboa egiteko aukerea dogu, ariguneen zeregina garrantzitsua dalako; erakundeek euskerearen inguruan pausu barriak egitea ahalbidetzen dabe eta gizarte-sektore zabalagoetara heltzen dira.

Irakurri ikerketearen datu nagusien txostena hemen (PDF)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu