I. Bilbo Blues Festival sortu da
2022-02-03 12:22 MusikeaGaragarrilaren 29, 30 eta 31an egingo da.
Lehenengo edizinoa garagarrilaren 29, 30 eta 31an egingo da, Bilboko Arenalean baina uriko beste bazter batzuetara be zabalduko da, kalejira eta formatu txikiko saio akustikoen bidez, berbarako, han-hemenka egingo dituen kalejirei esker.
Bob Stroger abeslari eta bajista mitikoak bere ibilaldiaren autortza jasoko dau eta blusaren beste musikari gogoangarri batzuekaz joko dau, besteak beste, Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Sayegaz batera.
Bilboko Udalak hitzordu handi hau bultzatzen dau eskaintza kulturala dinamizetako eta musikaldi hau munduko panorama musikalaren topaketa nagusien artean finkatzeko. Jaialdia aire zabalean egingo da eta hogei kontzertu eta jarduera baino gehiago izango ditu, horreek guztiak doban. Bilboko Alkate Juan Mari Aburtorentzat eta Jaialdiko zuzendari Carlos Mallesentzat, aukera parebakoa da.
Umeek kontzertu pedagogiko alkarreragileez gozau ahal izango dabe, baita emakumeei eta bluesari buruzko berbaldi bat be.
Bizkaiko uriburua eta musika ona beti egon dira lotuta, kulturearen alde, Bilboko Udalak sortu dau uria dinamizetako eta Euskadiko hitzordu hau mundu mailan erakusteko helburuari eutsiz. Uriko bihotza blues banda ospetsuenen erritmoan ibiliko da.
Honezkero badakigu kontzertu nagusietako bat Chicagoko All Stars-ena izango dala; bertan, iparramerikar uri horretako hainbat blues-musikari ospetsuk beteko dabe, Bob Stroger, Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Saye mitikoak, hain zuzen be.
Bilboko Alkate Juan Mari Aburtoren ustez, aukera parebakoa da udan hitzordu musikal garrantzitsu bat izateko, bluesagaz, honek indartzen baikaitu estilo horretako ekitaldien katean. Lehenengo edizino honek oso elementu erakargarriak izango ditu: izen handiko musikariak, aire zabalekoa eta dobakoa izatea eta Bilboko bihotzean bertan. Espero dogu jaialdia urian gustukoa izatea eta bisitari asko erakartea.
Beste alde batetik, Carlos Malles, Bilbao Blues Festivalaren zuzendariak adierazo dauenez, generoaren nazinoarteko izar ospetsuak Bilbora ekarriko doguz. Gure amesa da datozen urteetan hitzordu hau urian finkatzea eta jenteak propiotzat hartzea.
I. Bilbao Blues Festivalak helburu bikotxa dau: bluesa maite dauen publikoak Europako biretan normalean parte hartzen ez daben artistez gozetea eta genero hori (rock, pop, indie, soul eta beste batzuen oinarri dana) deskubriduten laguntzea: “Nahi dogu jenteak estilo musikal hau ezagutzea. Blues kontzertu bat jente guztiari gustetan jako, generoaren ohiko konsumitzailea izan ez arren, musikeagaitik eta inguratzen dauen giroagaitik be”, dino Mallesek.
Bob Stroger
Bob Stroger (Haity, Missouri, 1929) blues-musikari ospetsuak, bajista eta abeslariak, Bilbao Blues Festival Saridunaren erakusgarria dan txapela jasoko dau. Ibilbide luzean, Stroger XX. mendeko bigarren zatiko banda garrantzitsuenetako batzuen partaidea izan zan: Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins...
70eko eta 80ko hamarkadetan, American Folk Blues Festivalen biren sail erritmikoa osotu eban, Oddie Paynegaz batera eta, besteak beste, Carey Bell, Lousianna Red eta Jimmy Rogersegaz ibili zan. 90eko hamarkadan, Strogerrek banda propioa gidatzen hasi zan eta kontzertuak emon zituan munduan zehar.
Atontzaileak
Jaialdiaren eragileek nazinoarteko sariak irabazi ditue genero musikal honen bultzadeari jagokonez: Eragile onenarentzako BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Unionek 2019an Azores Ugarteetan emonda eta nazinoarteko jaialdien atonketa onenaren K.B.A. SARIA (Keeping the Blues Alive), munduko autortza gorena, Blues Foundationek 2015ean Memphisen emondakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!