Euskerearen alde 'handira jokatu' beharra azpimarratu dau Kontseiluak

Dabi Piedra 2022-02-02 13:43   Euskerea berbagai

Hezkuntzea, administrazinoa eta eremu sozioekonomikoa jo ditu lehentasuntzat.

Euskalgintzearen Kontseiluak urteroko agerraldia egin dau Bilbon, 2021eko txostenaren barri emoteko. Bertan batu ditue igaz euskerearen inguruan izandako gorabeherak eta normalkuntzearen bidean dagozan hutsune nagusiak. Euskal Herria hiru administrazino nagusitan banatuta dagoanez, balantzea be holan egin behar dala dino Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskerearen aurrerabideak 2021ean topau dituan erronken artean, hiru nagusi aitatu ditu Bilbaok. Lehenik eta behin, administrazinoko langileen hizkuntza-eskakizunak jopuntuan egon dira. Bigarrenik, hezkuntzearen arloan zabaldu diran aukerak eta arriskuak. Hirugarrenik, ikus-entzunezkoetan euskereak dauen lekua. 

Egoera gitxituan dagoan edozein hizkuntzaren normalizazinoan hezkuntzea zutabea da, adierazo dau Bilbaok. Horren kontura, EAEn handira jokatzeko eskatu dogu, Ipar Euskal Herrian txalotzeko modukoa da Seaskak eta eskola publikoak egindako lana, eta Nafarroan oztopoak modu sistematikoan jarten jakoz euskereari

Epaileen jarrerea be txarretsi dau Kontseiluak. Potere judizialak epaien bidez ezarri nahi dau hizkuntza-politika barria, dino Bilbaok, eta horren adibidetzat jo dau asteon zabaldu dan ebatzia, epaile batek funtzionario baten hizkuntza-eskakizuna balio barik ixtearen alde emondakoa, euskerea hizkuntza gatxa dalakoan. 

Halako jarreren aurrean, Kontseiluak azaldu dau euskalgintzea plazak beteten hasi dala, eskubideak aldarrikatzeko, bidebakokeriak salatzeko zein euskeraz bizi izateko nahia lau haizetara zabaltzeko. Bide horretan batasuna be beharrezkoa danez, Paul Bilbaok gogora ekarri dau 2021eko helburua bete dauela Kontseiluak: hizkuntza-politiketan adostasun soziala.

Etorkizuneko hizkuntza-politiken helburua zehaztu genduan, erabilera erosorako espazioak bermatzea, bai eta helburu horretara heltzeko politiken norabidetzea be: ezagutzearen unibersalizazinoa eta erabilera erosorako espazioak sortzea. Askotariko eragileak erakartea lortu genduan adostasun horren bueltan, zehaztu dau Bilbaok.

2022an be lan egiteko gogoz agertu da Bilbao. Igaz lortutako adostasunera eragile gehiago batzen segitzea da erronketako bat. Ganera, arloz arlo hasi nahi dabe lehentasunak zehazten. Preminaz jarduteko hiru eremu be identifikau ditu Kontseiluak: administrazinoa, hezkuntzea eta eremu sozioekonomikoa. 

Era berean, Paul Bilbaok azaldu dau adostasun soziala arlo politikora be zabaldu nahi dabela. Jarraituko dogu hizkuntza-politiketako lehentasunak eragile sozialakaz adosten, baina gure asmoa da udazken aldera adostasun politikorako saltoari ekitea.

Urteko txostena aurkezteko ekitaldian, erakunde publiko eta eragile ugariren babesa izan dau Kontseiluak. Agerraldian honeek izan dira: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaran, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, hiru foru aldundietako ordezkariak, UEMA, EUDEL, Udalbiltza, EHU, Deustuko Unibersidadea, Mondragon Unibersidadea, Arartekoa eta Etxepare Institutua.

Alderdi politikoei jagokenez, EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak izan dira. Sindikatuen artetik, ELA, LAB eta STEILAS joan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu