Maite Larburu, BBK Music Legends girotzeko

Bizkaie! 2022-02-02 12:48   Musikea

Martiaren 10ean joko dau, Bilboko Kafe Antzokian.

Bagilean egingo dabe BBK Bilbao Music Legends Fest, baina aurretik, giroa berotzen hasteko, beste kontzertu ugari antolatuko ditue urian, Warming Up izenburupean. Jaialdiaren aurreko zikloan parte hartuko dauenetako bat da Maite Larburu hernaniarra, antolatzaileek zabaldu dabenez.

Martiaren 10ean emongo dau kontzertua Larburuk, Bilboko Kafe Antzokian (20:00etan). Antolatzaileek 24 gonbidapen emongo ditue, interesa dabenek mezua bialdu behar dabe mlf@dekkerevents.com helbidera. Zezeilaren 28ra arteko epea dago gonbidapenak eskatzeko. Bestela, sarrerak 10 euroan dagoz aurresalmentan (gastuak kontau barik).

Maite Larburu musikari polifazetikoa da, formakuntza klasiko zabalekoa. Biolina joten dau, beste instrumentu batzuen artean, eta antxinako musikan espezializau da. Bestelako proiektu batzuei be heldu deutse azkenaldion, lehenengo Neighbor bikotean eta ondoren bakarka. Krak da bere azken diskoa, bakarkako bigarrena; bere ahotsari gehitzen deutsoz gitarra klasiko, elektriko eta biolinaren doinuak.

BBK Bilbao Music Legends Fest bagilaren 24an eta 25ean egingo dabe, Bilbao Arenan. Warming Up dalakoan, Bilboko hainbat agertokitan nazinoarteko eta bertako artisten kontzertuak programauko ditue. Jaialdia Bilbon zehar zabaldu eta ikusarazotea da Warming Up-en helburua, uria bera nabarmentzeko, izan be, BBK Bilbao Music Legends Fest lehenengo aldiz atonduko da Bilbon, jaialdiaren babesle ofizialak diran Bilboko Udalaren eta BBK-ren babesari esker.

Maite Larburugaz batera, Warming Up-eko kontzertuen zerrendan dago The Steepwater Band, Chicagoko blues-rock taldea. Maiatzaren 26an izango da kontzertua, hori be Kafe Antzokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu