David Rivasek Bilboko Musika Bandarako sortutako 'Miradas' diskoa saritu dabe Kalifornian
2022-02-02 09:54 MusikeaGlobal Music Awards saria irabazi dau.
David Rivas musikari eta konpositoreak beste errekonozimendu bat jaso eban nazioartean. Miradas izeneko albumak, Bilboko Udal Musika Bandeagaz grabautakoa, José Rafael Pascual-Vilaplana maisuaren zuzendaritzapean, zidarrezko domina bat irabazi dau San Diegoko (Kalifornia) Global Music Awards sarietan. Albumeko bost konposizinoen kalidadeak eta Bilboko Bandako musikarien interpretazino bikainak liluratu egin eben AEBetako epaimahaia. Bost domina irabazi ditu Zamorako artisteak, zidarrezko hiru eta brontzezko beste bi. Konpositoreak Akademia Awards bi ditu Amerikan, Los Angeleseko Jerry Goldsmith Award bat eta New Yorkeko LIT Award bat be bai.
José Rafael Pascual-Vilaplana maisu handiagaz eta Bilboko Udal Musika Bandako irakasleakaz lan egin ahal izateak emon deustan esperientzia oso aberasgarria izan da, bai arlo personalean, bai profesionalean. Duda barik, ohorea. Gainera, Juan Ferrer, David Muñoz eta María Zubimendi lako maisu eta lagunak bakarlari ibiltea be zoragarria izan da. Horreei guztiei nire errespetua eta esker on amaibakoa adierazo dau Rivasek bere albumean. Saritua izan zala jakin ebanean, Toroko konpositoreak azpimarratu eban autorpen hori, guztien lan bikainaren emoitzea dala eta, horregaitik, poz personal eta kolektibo izugarria sentiduten dauela.
Rivasek bere igarotako sasoietara begiratu nahi izan dau, lan barri eta esanguratsuenetara, baina bere musikea beste persona batzuek daben begiratzeko moduari be egiten deutso erreferentzia. Emoitzea lan monografiko bat da eta hor artistearen bost lan sinfoniko jasoten dira: La ruta del Cid, Anam, Los últimos días de Troya, Barbarroja eta Cabaret Órbigo.
Miradas
Musikea: David Rivas Domínguez.
Interpreteak: Bilboko Udal Musika Bandea, Juan Ferrer (klarinetea), David Muños (tubea) eta María Zubimendi (akordeoia).
Zuzendaritzea: José R. Pascual-Vilaplana.
Obrak:
• La ruta del Cid.
• Anam (Juan Ferrer, klarinetea).
• Los últimos días de Troya.
• Barbarroja (David Muñoz, tubea).
• Cabaret Órbigo (María Zubimendi, akordeoia).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!