Porco Bravo, Sonic Trash eta Blackhearth, Koska Sarietan irabazle
2022-02-02 09:30 MusikeaBizkaiko rockari autortzea egiteko galea Euskalduna Jauregian izan da.
Bizkaian egiten dan rockaren sariak dira Koska izenekoak, eta 2021eko edizinoko irabazleen zerrendea ezagutu dogu, Bilboko Euskaldunan egindako galan. Urteko talderik onenaren saria Porco Bravorentzat izan da; 2021eko diskorik onena, ostera, Sonic Trashen King Kong Party; azkenik, talde hasibarrien atalean, Blackhearth izan da irabazlea.
Epaimahaian honeek egon dira: Antonio Refoyo, Andoni Basarrate, Cristina Alvarez, Cris Renedo, Edu Gascon, Josetxo Lopez eta Lino Prieto. Danek ezagutzen dabe Bizkaiko musikea zehatz-mehatz, batez be rocka.
Hiru kategoria horreetako irabazleez gan, lehendik aukeratutako beste musikari eta eragile batzuei be Koska Sariak emon deutsiez Euskalduna Jauregiko ekitaldian. Rockaren munduaren zabalkundean laguntzeagaitik, Zarata Mondo Sonoro atari eta aldizkaria saritu dabe antolatzaileek. Musika-ibilbide osoari emoten jakon saria, ostera, ex-aequo jaso dabe artista bikain bik, Roberto Mosok eta Hipolito Garcia Bolok.
Azkenik, 2021eko Koska Sari Berezia Rabba Rabba Band proiektuak irabazi dau. Talde horretako kide guztiak emakumeak dira eta euskal musikearen eszenea barritu eta astindu dabe azkenaldion. Horregaitik, gogoan hartu nahi izan ditue Koska Sarietan.
Koska Sarien helburua Bizkaian egiten dan rock estiloko musikea nabarmendu eta artistei autortzea egitea da. Vinilo FM, Musika Master eta Bizkaiko Foru Aldundia dira bultzatzaileak. Horregaitik, Euskaldunako ekitaldian hiru erakunde horretako ordezkariak arduratu dira irabazleei sariak emoteaz. Besteak beste, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua izan da oholtzan.
Ekitaldia girotzeko, zuzeneko musikeaz be gozau ahal izan dabe bertaratutakoek. Bizkaiko rockaren erakusgarri diran Basurita, Lorelei Green, Deep Sea Monk eta Tessee Rocking Boys izan dira oholtzan. Libe Urrutia eta Josetxo Rio Rojo izan dira galako aurkezleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!