Industria musikalaren inguruko tailerra dakar Bilborockek

Bizkaie! 2022-01-31 09:40   Musikea

Igandays, Freskure, Bideo-Klippa eta Imaginautak programei eutsiko deutsie 2022an.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Gazteei zuzenduta, industria musikalaren eta produkzinoaren inguruko tailerra antolatu dau Bilborock aretoak lehenengo aldiz. Bilboko Udalak azaldu dauenez, horixe izango da 2022ko programazinoko nobedade nagusia, uriko gazteen artean sormena eta aisialdiko aukerak bultzatzeko atalean, behinik behin.

Tailerra martian eta apirilean egingo dabe, baina izena emoteko epea zezeilaren 7tik 20ra egongo da zabalik. 18 eta 30 urte bitarteko hogei gazterentzako lekua dagoala dino Udalak. Hiru orduko zortzi saio izango ditu ikastaroak, zapatu goizetan, eta amaieran, ikasitako guztia erakusteko ekitaldi berezia egingo dabe Bilborocken bertan.

Industria musikalaren inguruko azalpenak Sac Barriosek emongo ditu, kultur ekitaldien sustatzaile eta TRVP Aveneu Bilbao ekimenaren sortzaileak. Produkzino musikalaren arloko kontuak, ostera, Paul Sanchez bilbotarraren esku egongo dira. Hainbat artista ezagunen produktorea da Sanchez.

2022ko programazinoan, ganera, aurreko urteetan gazteen partetik erantzun ona izan daben beste jarduera batzuk sartu ditue:

- Igandays: hilean behingo goizeko kontzertuen zikloa. Udalak Bilboko gazteen musikearen alde egindako apustua da, eta arreta berezia jarten dau emakumeek lekua izan deien.

- Freskure-Bilbao Fresh Musika: Bilboko talde eta bakarlariei euren lana oholtza ganean erakusteko modua emoten deutsen zikloa. 2022an halako bost kontzertu atonduko ditue, eta beti talde amateurrek joko dabe.

- Bideo-Klippa: Talde eta bakarlari gazteek euren bideoklipak plataforma digitalez aparteko beste gune batzuetan aurkezteko programea da. Bideoklipak pantaila erraldoian proiektauko ditue, eta ondoren barriketaldia egongo da.

- Femme Bilbao: Kontzertu eta barriketaldien saioak dira, online eta aurrez aurreko formatuak buztartuta. Saio bakotxean, emakume artista gazte eta beterano banak hartuko dabe parte. 

- Imaginautak: Adierazpide kultural ugari lantzen dituen gazteak alkartzeko eta euren proiektuak konpartiduteko espazioa emoten dau ekimen honek. Streaming bidez zabaltzen ditue saioak.

- Gazte Egunak: 18 eta 35 urte bitarteko gazteek formatu txikiko ekitaldi eta jarduerak antolatzeko aukerea dabe Bilborocken. Erabilera anitzeko gelea eta bertako baliabide teknikoak erabili leikiez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu