Miren Agur Meabe da euskaltzain oso izateko hautagai

Bizkaie! 2022-01-29 09:04   Kulturea

Xabier Kintana euskaltzain emerituaren lekua beteko dauena zehaztea da helburua.

Miren Agur Meabe, ETBko 'Biba zuek' programan. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako Osoko bilkuran, Miren Agur Meabe idazle bizkaitarraren izena aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai. Gogoratu behar da Xabier Kintana emeritu izatera igaro zala 2021eko urrian eta hilebete horretan Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako Osoko bilkuran zabaldu zala hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzaindiaren barruko arauen arabera, hutsarteak beteteko proposamenak ondoko bi batzarretan aurkeztu daitekez (kasu honetan, zemendian eta urtarrilean).


Akademiaren arautegiaren arabera, zezeilaren 25ean egingo dan Osoko bilkuran, euskaltzain oso eta emerituen nagusitasuna lortu ezkero, euskaltzain oso barria izango da hautagaia. Bilkura hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izango da.

Gogoratu behar da euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok,
gitxienez, izenpetu behar dabela. Eta, proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak
aitatu behar ditue. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiei botoa emoteko aukerea izango dabe.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962)

Magisteritzea eta Euskal Filologia ikasi eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan ibili zan hainbat urtetan. Gaur egun, helduentzat nahiz ume eta gazteentzat idazten dau, bai prosa bai poesia. Kritikearen saria irabazi zituan 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuakaitik; eta Euskadi saria hiru aldiz irabazii dau, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan dago eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi eban, Nola gorde errautsa kolkoan lanagaitik.


Literatur itzulpengintzan be badabil Meabe eta, besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskerara.

Ohorezko autortzen artean, Lauaxeta saria (2007), Rosalia de Castro (2012) eta Deia-Hemendik (2015) aitatu behar dira. Haren testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli ditue. Euskaltzain urgazlea da 2006tik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu