Txistua, zirkua eta jantza akrobatikoak 'Sua Piztuz' ikuskizunean
2022-01-28 09:50 KultureaHitzordua Bilboko Euskalduna Jauregian da, urtarrilaren 31n.
Bilboko Udal Txistulari Bandearen denporaldi honetako proiektuen artean, Sua Piztuz zenekoa nabarmentzen da, ikuskizunaren erakargarritasunagaitik. Zirkozaurre bilbotar konpainiak eta Txistulari Bandeak euskal musikea, zirkua eta sustraiak buztartzen dituan ikuskizuna taularatuko dabe datorren astelehenean, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Sua piztuz izenburupean, Txistulari Bandeak ohiko errepertorioko pieza batzuk eskainiko ditu, Garikoitz Mendizabalen gidaritzapean. Tartean, Zirkozaurreko artistek euren magia ekarriko dabe. Ikuskizunean koreografiautako eta sinkronizautako malabare saio bat egongo da, baita aireko akrobazia ikusgarriak be. Holan, ikusleek indarrez eta sensibilidadez betetako proposamen batez gozetako aukerea izango dabe.
Zirkozaurre Konpainia
Zirkozaurre Bilboko Zorrozaurre auzoan kokatutako zirku arteen gunea da. Zirkua sortzeko, praktiketako, erakusteko, ikasteko eta profesionalizetako pasinoa dauena. Hamar 10 urte daroez beharrean. Irabazi-asmorik bako alkartea da, zirkuagaz, inguruneagaz konprometidutakoa. Zirku diziplina ugari erakusten ditue euren eskolan, taldean dituen irakasleen jakinduriagaz. Ikuskizun propioak sortzen ditue eta euren instalazinoetan hainbat proiektu jasoteko prest dagoz, zirkuaren berezitasunetara egokituta. Hango eta hemengo artistek sormen prozesuetan aurrera egiteko beharrezko egoitza artistikoak ditue Zirkozaurren. Gainera, neurrira diseinatutako tailerrak, ekitaldiak eta jaialdiak atontzen ditue, erakunde publikoakaz eta pribatuakaz alkarlanean, sektorearen alde.
Bilboko Udal Txistulari Bandea
Ondokoak dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Bidebarrieta Kulturgunean hainbat kontzertu eskaini ondoren, Euskalduna Jauregian joten hasi ziran eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen dau; bertan, txistularien bandearen saioakaz batera goi mailako profesional eta taldeakaz lankidetzako saioak buztartu ditue. Bandeak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Bandea (2004); Alos Quartet Harizko Laukoteagaz Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan (2008) txistularien errepertorio birtuosoa batzen ebana; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralagaz; Plazan (2014) erromerietako eta jantzaldietako musika-lanakaz; Xabier Zabalagaz Gogoeta eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa hamargarren urteurrena ospatzeko.
Bigarren kontzertu honetarako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan erosi daitekez, euro 2an, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro), publiko orokorrarentzat.
Ikuskizun honen ondoren, txistulari boskotea zezeilaren 9an bueltauko da oholtzara ‘Ilargi malkoak’ izenburuko kontzertuagaz. Oraingo honetan, Bilboko Udal Txitulari Bandeak txistu errepertorio tradizionala eskainiko dau, proiektautako irudien laguntzaz, atmosfera intimoa eta sensualagoa ekarriz. Kontzertu honetan Xabier Zabalak (teklatua, akordeoia eta konposizinoak) eta Miren Fernandezek (abeslaria) parte hartuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!