Joxan Artzeren poesiaren antologia aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-01-28 10:03   Kulturea

Usurbilgo sortzailearen ondarea zabaltzea da asmoa.

Pello Otxoteko, Agurtzane Solabarrieta eta Felipe Juaristi (argazkia: Balea Zuria) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nahi baino beranduago argitaratu dau Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeren poemen bildumea, pandemiaren aurretik hasitako egitasmoa dalako, baina azkenik esku artean dogu usurbildarraren obrearen antologia aberatsa, Covid-19ak eragindako atzerapen guztiak gaindituta. Usurbilgo Udalak lagundu deutso Balea Zuriari liburua argitaratzen.

Donostian aurkeztu dabe Enborretik. Antologia poetikoa izeneko lana. Han izan dira Balea Zuria argitaletxeko ordezkariak, Pello Otxoteko eta Felipe Juaristi; Artzeren alargun Carmen Esteban; baita Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta be. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputadua, Harkaitz Millan, ez da ekitaldian izan, baina idatzi bat bialdu dau. 

Joxan Artzek sortutako ondare literarioa, kasu honetan poesiaren arlokoa, zabaltzea, publikoari hurreratzea eta transmitidutea da argitalpen barriaren helburu nagusia. Agurtzane Solabarrieta alkateak, ganera, nabarmendu dau antologia hau aproposa dala Artzeren uniberso berezia gogoratu, ezagutu eta sentiduteko.

Poesia apurtzailea zan Artzerena, formaz zein edukiz. Olerki batzuk mugarri izan dira euskal literaturan, baina, beste batzuk, antologia barriari esker ezagutu ahal izango ditu publikoak. Izan be, Carmen Estebanek Balea Zuriakoei emon deutsez argitaratu bako hainbat poema, datu interesgarriez eta argazkiez gan. 

Harkaitz Millanen ustez, beharrezkoa da Artzeren obrea gogora ekartea. Poemak eta abestiak oraindino lagunartean abesten eta gogoratzen dirala be aitatu dau aurkezpenera bialdu dauen idazkian. Felipe Juarisitik irakurri ditu Millanen berbak.

Joxan Artze (1939-2018) Ez Dok Amairu taldeko kidea izan zan 1960ko hamarkadan, txalapartea joten eban, besteak beste. Hortaz, euskal kultureari arnasea eta modernidadea ekarri eutsazan mobimentuko kide izan zan. Ondoren, sorkuntzarako bide barriak jorratzen segidu eban, esate baterako Ikimilikiliklik proiektuan. Idazle oparoa izan zan, eta, batez be, poesian eta kantuetako berbak idazten nabarmendu zan. Mikel Laboak kantau zituan Artzek idatzitako kantu ezagun batzuk (Txoria txori, Gure bazterrak eta abar). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu