Frantsesa-euskerea itzultzaile neuronala aberasteko hitzarmena

Bizkaie! 2022-01-28 08:35   Euskerea berbagai

EEP-ren corpus linguistikoa erabili ahal izango dau Itzuli-k.

Antton Curutcharry eta Miren Dobaran, Baionan (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta Euskerearen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharryk hitzarmena sinatu dabe Baionan, itzulpen neuronaleko Itzuli tresnea hobetzeko. EEP-ren corpus linguistikoa Jaurlaritzearen esku geratuko da, itzultzaileak erabili deian, zerbitzua aberasteko eta fintzeko asmoz. 

Kontuan izan behar da, itzultzaile neuronalek testu elebidunetatik ikasi eta euren emoitzak hobetzen dituela. Hortaz, zenbat eta corpus zabalagoa, hobea izango da itzultzaile automatikoaren zehaztasuna. Baionan sinatutako hitzarmenak Itzuli-ren frantsesa-euskerea eta euskerea-frantsesa aukerak hobetuko ditu.

Ganera, akordioak dakarrenez, EEP-k bere webgunean ipiniko dau Itzuli erabilteko loturea. 

2019tik dago martxan Itzuli, adimen artifiziala erabilten dauen itzultzaile neuronala. Itzultzaile orokorra eta juridiko-administratiboa ditu eta eskuko telefonoetan erabilteko be egokituta dago. Itzuli+ tresna-barrea instalau ezkero, erabiltzaileak itzultzaile neuronalerako, hiztegietarako eta euskerazko Wikipediarako sarbide zuzenak izango ditu.

Eten barik hobetzen dabilen tresnea da Itzuli. Frantsesa-euskerea atala aberastuko dau EEP-gaz egindako akordioari esker. Laster ahotsaren sintesia eta ezagutzea gehitu ahal izateko lanean dabil Jaurlaritzea. 

Euskerearen erabilerea alor gehiagotara zabaltzeko ahaleginaren parte da EEP-ren eta Jaurlaritzearen arteko hitzarmena, lau urteko balioduna. Tresna honeek erabilita, euskereren erabilerea eta presentzia areagotuko da Iparraldean eta erabiltzaileek euskerea lanean edo eskolan erabilteko orduan konfiantzea bereganatuko dabe, azaldu dau Miren Dobaran sailburuordeak.

Antton Curutcharryk be hitzarmenaren balioa azpimarratu dau, mugaz gaindiko lankidetzearen garrantzia, ingurune digitalean euskerearen presentzia eta erabilpena sustatzeko. Ingurune digitala euskalduntzea ezinbestekoa dala uste dau. Behar hori argi dogu aspalditik eta Nola Erran hiztegi digitalak izan dauen eta oraindino dauen arrakasteak garbi ixten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu