Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako bekea
2022-01-27 13:42 Euskerea berbagaiEpaimahaiak Intxaurra antzezlana saritu dau.
Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzeak eta UEMAk agerraldia egin dabe gaur Iruñean, Nafarroako Jauregian, Arnasguneak antzerki bekearen barri emon eta bekea jaso dauen Intxaurra antzezlanaren egitasmoa aurkezteko. Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolak idatziko dau testua eta, besteak beste, inguratzen gaituan ekosistemeak gugan dauen eragina islatuko dau antzezlanak. Sarasolak berak agerraldian nabarmendu dauenez, gaixorik dagoan intxaurrondoaren irudia ardatz hartuta, enborra bizibarritzearen beharra islatuko dau antzezlanak, gainerako adarrek be osasuntsu iraun deien. Holan, euskereararen arnasgune diran herrien ezaugarriak, ardurak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan, beti be sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsiz. Manex Fusch izango da antzezlanaren zuzendaria.
Prentsaurrean izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko Hartu-emonetarako kontseilaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Aitor Elexpuru UEMAko ordezkaria, Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolagaz batera.
Ana Ollok holako ekimen batek Nafarroan dauen garrantzia nabarmendu dau, arnasguneak euskerearen bizibarritzean ezinbestekoak dirala nabarmenduz eta ekimenaren aurrekariak gogoratuz. Olloren eretxiz, Nafarroako Gobernuaren Euskerearen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da euskerearen egoerea hobetzea, batez be udalerri euskaldunetan eta euskerearen arnasguneak diran eremuetan hizkuntza horren erabilerea indartuz. Nafarroako udalerri euskaldunetan normalean modu naturalean bizi daiteke euskeraz. Euskereararen arnasguneetan, belaunaldi batetik bestera transmitiduten da euskerea, hizkuntzea eten barik bizibarrituz eta herri honen aniztasunari eta kultureari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregaitik jagon, babestu eta indartu egin behar ditugu.
Ollok aitatu dauenez, badira urte batzuk hemen batu garen erakundeok alkarlanean Arnasa Gara kanpainea abiarazo genduanetik. Helburua, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da, euskereari egiten deutsen ekarpena autortzeko eta erakusteko. Horren barri emon gura deutsegu, bai udalerri euskaldunetako herritarrei, baita gainerakoei be, dogun aberastasunaren kontzientzia izan deien. Beka honi esker, aurten, antzezlan baten bidez zabalduko dogu batera eta bestera arnasguneen garrantzia, sorkuntzeari be leihoa edegita.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bekearen atontzaileek sorkuntzeari zabaldu gura izan deutsen leiho horri buruz egin dau berba. Zupiriaren eretxiz, lehendik be bidea egiten dagoan kanpaina baten jarraipena da beka hau, 2019. urtean hasi zan lehen urratsak egiten Arnasa Gara. Ordutik, euskerearen arnasguneen garrantzia azpimarratzen daben kanpainak egin ditugu, arnasguneetan bizi diran herritarren ahalduntzeari begira, baita arnasguneetakoak ez diran herritarren kontzientziazinoari begira be.
Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk beka formatua eta antzezlana zergaitik hobetsi daben be azaldu dau: Aurten plazan erakutsi eta sorkuntzea zabaldu gura izan dauen ekimenaren alde egin dogu. Horregaitik jarri genduan martxan gaur aurkezten gabizen antzerki beka deialdi hau, euskerazko antzerki taldeei eta konpainiei zuzendutakoa eta sorkuntzearen erdigunean arnasguneak izango zituana. Sare sozialetatik plazara edo antzokietara joango da euskerazko sormen lana, mezua eta ikus-entzuleen arteko alkarreragina bilatuz. Zupiriak adierazo dauenez, Horretara dator Arnasguneak antzerki bekea: Arnasa Gara ekimenaren helburu nagusietako bat da euskerearen arnasguneen garrantzia jendarteratzea eta mezu hori oholtza gainetik be zabaldu nahi dogu, sormenaren bitartez. Uriburuetatik herri handi eta txikietara. Ahalik eta plaza gehienetara heldu nahi dogu, izan be, askotarikoak baitira gure herriak eta plazak eta ahalik eta herri eta plaza gehienetara heldu nahi dogu ekimen honegaz. Hori be bada Arnasguneak antzerki bekearen helburua.
UEMAren izenean, Aitor Elexpuru zuzendaritza batzordekideak eta Berako alkateak adierazo dauenez, pozgarria da arnasguneen garrantzia jendarteratzeko erakundeen arteko alkarlanak etenik ez dauela ikustea, izan be, herritarren kontzientziazinoa giltzarri da hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta horreetan eragiteko. Hori bultzatu nahi dogu antzezlan honegaz, udalerri euskaldunetan berariaz aurkezteko moduko bitarteko oso erakargarria dala sinistuta.
Era berean, alkarlanaren garrantzia be nabarmendu dau Elexpuruk: Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzeak eta UEMAk alkarregaz landutako kanpainea eta bekea da honakoa eta Arnasguneen garrantzia nabarmentzeaz gan, antzezlan hau lau haizetara zabaltzeko asmoa be alkarregaz adostutakoa da; horretarako, Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunearen babesa be izan dogu: Batetik, antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinauko dalako, zemendian. Bestetik, Mairu Antzerki Tailerreko kideek Dinamoa Sormen Gunea erabilteko aukerea izango dabelako antzezlana sortzeko lanean dabizen bitartean. Amaitzeko, taldekideak zoriondu ditu, bekearen helburuak beteteko proiektu ederra aurkeztu dabelakoan: Seguru bikain egingo dabela, dakien lez, agertokian, antzerkia tarteko dala, herritarren bihotzetara heltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!