Chillida Lekuk 2022 urtarrilaren 27an edegiko ditu ateak

Bizkaie! 2022-01-27 09:08   Kulturea

Chillida LekuThe Big Draw atonduko dau bigarren urtez.

Artista donostiarrak Zabalaga baserrian egindako lanaren proposamen barria erakutsiko dabe. Urtarrilaren 10ean, Tàpies Zabalagan erakusketea amaitu ondoren aurkezten dan piezen aukeraketeak bere ibilbideko oinarrizko gaiak jorratzen ditu. Birkonfigurautako museografia honi esker, Eduardo Chillidaren ibilbidea hurrago izango dau jenteak. 1948an Parisen sortutako lehen igeltsu-lanetatik 90eko hamarkadako amaieran altzairuz eta hormigoiz egindako espazio publikorako proiektu monumentaletaraino.

Chillidaren lana sano aberatsa da espazioaren eta materialen arteko buztarketea ardatz, irakurketak eta gogoetak eskaintzeko orduan, dino Estela Solanak, museoko eraskusketa arduradunak eta horregaitik, baserriko museologia birmoldatzeak haren obran sakontzea eskatzen dau, begirada barriak emonez. Kontuak kontu, lehen ez egozan obrak ikusi ahal izango dira, bai alabastrozko eskulturea [Arkitektureari omenaldia II] eta altzairuzko piezak Mugan II], biak Chillidak espazioak eregiteko eta konfiguretako dauen interesaren adierazgarri.

Gainera, konfigurazino barri horrek aparteko garrantzia emoten deutse Grabitazinoei, orain baserriko 5. areto osoa hartzen dabelako. 80ko hamarkadatik aurrera egindako papelezko erliebeak dira. Horretarako, Chillidak ebagi, hariakaz lotu eta horman dingilizka jarten dituen artisau-papeletatik abiatzen da. Papelak ez dira josten, hariz estu lotuta dagoz. Dingilizka, masa horreek alkarregaz olgetan dabe, grabidadea dabe.

Erakusketeari jagokonez, Carmiña Dovale arkitekto eta irakasleak, Chillidaren obran espezialistea danak, tailer bi egingo ditu. Saioetan, parte-hartzaileek aukera infinituen mundua esplorau ahal izango dabe. Lehenengo saioa helduentzat baino ez da izango da eta martiaren 26an izango da. Familientzako bigarren tailerra, barriz, apirilaren 9an.

Ganerakoan, Basoan, gazteentzako esperimentazino artistikoko laborategiak, Nagore Legarreta erretratugilearen koordinazinopean 2021eko martitik abendura bitartean egindakoak, emoitzak jentaurrean aurkeztuko ditue urtarrilaren 28an, Museoko Pilar aretoan urtarrilaren 31ra arte ikusgai egongo dan erakusketeagaz bat eginez. Erakusketan honako honeek ikusi ahal izango dira: parte-hartzaileen autoerretratuen instalazino kolektiboa, museoan hartutako eta errebelautako erretratu analogikoak, Antoni Tàpiesen lanean inspirautako frottageak, argia euskarri lez aztertzen dauen diapositiben gaineko esku-hartzea, Saioa Ayala zeramikariagaz egindako buztingintzako pieza kolektiboa eta saio bakotxeko erretratu digitalak. Azken horreen artean, Myriam Pérez Cazabon jantzari eta koreografoak zuzendutako gorputz adierazpeneko lantegia nabarmentzen da.

The Big Draw

Chillida Lekuk The Big Draw atonduko dau bigarren urtez. Nazinoarteko jaialdi honek marrazkia dau ardatz eta zezeilean amaituko da: Egin eizu aldaketea dau izena eta hurrengo belaunaldientzat etorkizun hobea ziurtatuko daben planetan biziteko modu barriak aztertzeko gonbita egiten dau.

Eduardo Chillidaren Consejo al espacio izeneko eskultura-seriea be ezin ahaztu, personei, lekuari eta natureari buruz gogoetea egiteko eta parte hartzen dauenari artistearen lan-arlo horri beste begirada bat emoteko gonbita egiten deutso.

Jarduera dobakoa da, aldez aurretik izena emonda. Gainera, zezeilean, museoak ikastetxe guztiak animetan ditu jardueran parte hartu deien.

2021, sendotze-urtea

2021ean, Zabalaga baserrian, Leges Naturae eta Tàpies Zabalagan erakusketak egin ziran. Hau izan da Eduardo Chillida artista garaikide baten museoan izandako lehen erakusketea eta ikusle ugari eta kritikearen babesa izan ditu. Hori guztia, hezkuntza-programeagaz batera, oso emoitza onagaz amaitu zan, urte osoan jardueren funtzionamendua markau daben egoera berezien eta osasun-neurrien testuinguruan.

2021 oso urte positiboa izan da Chillida Lekurentzat. Guztion bizitza baldintzatu daben kanpo faktoreak gorabehera, bisitari gehiago lortu ditugu 2021eko udan 2019koan baino adierazo dau Mireia Massaguék museoko zuzendariak.

Bisitarien zifrek erakusten dabe Chillidaren obrearen aurrean interes handia izan dabela. Gainera, Tàpies Zabalagan erakusketeak Antoni Tàpiesen obrara hurreratzeko aukerea emon deusku, Chillidagaz dituan loturen bidez, erakusketa-bide barri emonkor bat edegiz.

Bestalde, bertako publikoak museoa bisitetan jarraitu du, zinemea, musikea, yogea edo operea barrubatu dituan kultur programa bati esker.

Chillida Leku

Eduardo Chillidak (Donostia, 1924ko urtarrilaren 10a - 2002ko abuztuaren 19a) sortu eban Chillida Leku eta bertan dago artistearen corpus zabal eta adierazgarriena. Hernaniren kanpoaldean dago (Donostiatik oso hur) eta aire zabaleko eskulturez osatutako paraje bat eta Zabalaga baserriaren barruko erakusketa-gune bat ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu