Manasluko trekkinga, Nepal lurralde magikoan

Amaia Larruzea 2022-01-27 09:12   Ibilian-ibilian

Bideari zapatiletan ekin arren, harri artean, egun gitxira edurteak heldu ziran.

Bizitzan zehar, hainbat eta hainbat bidaia egiten doguz, batzuk gure lurraldean bertan, beste batzuk gure herrialdean, eta bestelako batzuk nazinoartean. Danak berezi eta danak bakarrak. Baina bizitzan bidaia asko egin dodazan arren, bada bat gehien markau nauena, zein eta 2018ko zezeilean Nepalera egin nebana. Everesteko Behe Kanpalekuan izan ginan neguan eta esperientzia itzela izan zan. Une haretan, baina, lanean nenbilen bertan eta oporretan joateagaz konparauta oso bestelakoa da, momentu guztietan zagozalako pantailei pegauta, espedizino baten komunikazinoa eroaten.
 
Oraingo honetan, oporretan joateko aukerea neban eta ezin neure bizitzako bidaiarik aberasgarrienetako bati ezetzik esan. Nepal barruan daroat ordutik, Namaste esangurea neure bizitzako ardatzetako bat da eta gauza askotan lagundu deust, ikuspegi ezbardin bategaz egunerokoari eta inguruari begiratzen, akaso.
 
Khumbuko bailarea, Everestekoa, albo batera itxi, eta Manasluko konserbazino eremuan sartuko gara, Tibetetik oso hur eta ekatx eta edurte gehiago egoten diran zonaldea, zelanbait. Everestekoaren aldean askoz be birjinagoa da, eta baliabide gitxiago ditue hango herrixketan. Halan da be, udabarrian eta udazkenean badirudi jente dezente hurreratzen dala bertara; neguan, aldiz, lo egiteko eta jateko leku gehienak itxita dagoz. Beraz, abentura ederra izan zan egunik egun zabalik egozan lekuak bilatzea. Ganera, gugaz joiazan nepaldarrek sukaldari lanak be egiten zituen, zabalik egozan lekuetan persona edo familia bakarra egoten zalako,  hortaz, danek laguntzen deutse alkarri danean. Euren artean sortzen dan laguntasun mugabakoa ikusgarria dala azpimarratuko neuke. Hemen be alkarri laguntzen deutsagun arren, han, beharrak are gehiago laguntzera eroaten ditu.
 
Kathmandura heldu eta bertan egun osoa pasau ondoren, geure agentziagaz tramite guztiak egin eta hurrengo goizean jeep batean egin genduan bidean aurrera Macha Kholara heldu arte. Han konturatu ginan ez zala jente asko egongo trekkingean, hain zuzen be, japoniar bat baino ez egoan bere gideagaz, geroago gure lagun bihurtu zana. Egun haretatik aurrera, ez genduan konexinorik izango eta hotza bertan zan jada, bidean zehar bidelagun izango genduala ohartarazoz. Handik oinezean hasi genduan bidaia eta, zapatiletan ekin arren, harri artean, egun gitxira edurteak heldu ziran eta, horregaz batera, ekatxak eta edur jausiak. Halan da be, geure artean danon artean lagunduz aurrera egin genduan ondo, eta Samagaunera bidean, Behe Kanpalekuaren aurreko herrixkara heltzerako, eguzkiak urten eban. Edurra eguzkiagaz konbinazino ederra dan aldetik, asko gozau genduan bideaz.
 
Samagaun herri berezia da oso, handia zelanbait, heliportua dau eta horrek ematen deutsaz baliabideak, umeak neguan Kathmandura bidaltzeko aukerea, izan be, negua oso gogorra da bertan eta umeei arpegietan igarten jake sekulako hotza pasetan dabela. Yak txikiak be badagoz, animalion esneak eta zamalari lanek jaten emoten deutselako.
 
Bestalde, trekking osoan zehar, oiloak eta ortuak non-nahi ikusi doguz, beraz, negu hotzean, turistarik eta trekking-zororik ez dagoanean, ortuetan landatzen eta oiloen arrautzak jaten eta saltzen ditue. Dal bhat izenekoa jaten dabe egunero, hau da, arroza, lekaleen saltsea, ortuariak eta oilaskoa tarteka. Gosaltzeko, barriz, noodle zopak, esaterako. Eurek esan ohi ebenez, Dal bhat egunero janda, 24 orduko energia dogu eta behar be bai, lan gogorra dabelako baldintza gogorretan. Eurak, aldiz, pozik bizi dira, gitxigaz pozik, amalurrari eskerrak emonez momentu guztietan.
 
Behe Kanpalekua edurtuta egoan guztiz, bidean be edur gehiegi, eta suberte handia izan zan bertara igon ahal izatea. Han, Alex Txikon alpinistearen espedizinoagaz egin genduan bat. A ze taldea, a ze ingurua, a ze magia, a zeoparia. 4860 metrora kokatuta dagoan mundu txiki honetan dana masifiketan da, gatxa da loak hartzea, kozinetea, eta ura lortzeko be lan egin behar da. Edozein mobimentu egiteak kantsau egiten dau norbera, sekulako esfortzua egiten egongo bailitzan. Eta hotzak dana gatxago egiten dau, txiza egitera urtete hutsa birritan edota hirutan pentsetan duzu. 
 
Aldi berean, ostera, hartu-emonak estutu leitekez, mendiaz gozau, natureagaz liluratu eta aurten mendiak aukera gitxi eskaintzen dituala jaubetu, edurteakaitik eta goi mailako kanpalekuen egoerea ez dalako onena. Orokorrean, neguko espedizinoek aurten Himalaia guztian ez dabe aukera askorik izan, eta hemen be gatx dago. Halan da be, egin daben lana edur azpian dagoan arren eta ekipautako bidea arin desagertzen dan arren, mendiari apurka-apurka baimena eskatzen dabiz, eta errespetuz eta buruagaz berak eskatzen dauenari entzuten. Oraintxe bakarrik egotea behar dau eta leku magiko horretan benetan konturatzen zara zeinen garrantzitsua dan entzutea, han ez dago probetarako aukera askorik, arriskutsua da oso egoerea eta natureak dauka lehen berbea.
 
Gozau eizue argazkiakaz eta espero dot zuek be bertan sentiarazotea. Zeinen berezia zaren Nepal, zenbat beteten nauzun, zenbat ikasten dodan zutaz eta zenbateko energia helarazoten deustazun. Namaste.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu