Sopelako balearen begiak, sareetan protagonista

Bizkaie! 2022-01-26 13:10   Kulturea

Elena Vecino ikerlariak umeentzat aproposak diran azalpenak batu ditu bideoan.

Elena Vecino, balearen begiaren erreprodukzinoa eskuetan dauela (argazkia: Laura López/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

2019an Sopelako hondartzan hilda agertu zan baleari probetxu handia atera deutsie zientzialariek, ikerkuntzan zein dibulgazinoan erabili dabelako. EHUko Oftalmo Biologia Esperimentaleko ikertaldeak, Elena Vecino buru, balearen begiak hartu zituan hainbat esperimentu eta azterlan egiteko, eta orain hiru bideo plazaratu ditu Youtuben, horren guztiaren barri emoteko.

Aprende ciencia con Danio izeneko kanalagaz alkarlanean egin ditu bideoak Elena Vecinok. Umeen artean zientziaren dibulgazinoa egiteaz arduratzen da webgune hori. Hain zuzen be, umeek erraz ulertzeko moduan emon ditue azalpenak bideoetan, modu dibertigarri eta didaktikoan. 

Lehenengo bideoan azaltzen da zelan agertu zan balea Sopelan, eta itsasoko animalion begien inguruko jakingarriak be emoten dira. Adibidez, baleek ez daukiela betulerik.

Bigarren bideoan begiaren funtzionamenduaren hainbat berezitasun sakonago azaltzen ditue Elena Vecinok eta bere lantaldeak. 2020an balearen begiaz EHUk antolatutako erakusketearen barri be emoten dabe.

Hirugarren bideoan, 2020ko erakusketea ikusmen urritasuna dabenentzat zelan egokitu eben azaltzen dabe. Ikusmen desgaitasuna dabenen sentipenak ulertzeko jarduerak be sartu ditue. Bideo guztien amaieran, umeek egindako balearen begien irudikapenak ikusi leitekez.

Ume eta gaztetxuei ikerlarien lana hurreratzeko aproposak dira bideoak, baina 2019an Sopelan agertutako baleak beste onura asko be ekarri deutsaz zientziari. Elena Vecinok gidatzen dauen taldea, baleen begiaren funtzionamendua hobeto ulertzeko giltzarriak topeteaz gan, ikusmenagaz lotutako gaixotasunetan ikasitakoa zelan aplikau aztertzen dabil, adibidez, glaukoma kasuetan.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu