Zuloaga, Barrueta eta Guinearen obrak heldu dira Arte Eder Museora
2022-01-26 08:30 KultureaDohaintzan jaso ditu hiru pinturak.
Bilboko Arte Eder Museoak hiru pintura barri ditu bere bilduma zabalean, euskal artearen hiru ordezkari ezagunen obrak, hain zuzen. Museoaren Patronatuak onartu egin dau Plácido, Maite eta Francisco Arango García-Urtiagaren, Carmen de Icaza Zabalbururen eta Ignacio Marco-Gardoquiren dohaintza eskuzabalak.
Ignacio Zuloaga eibartarraren Pikatzaile ijitoa, Anselmo Guinea bilbotarraren Arto-jorratzea eta Benito Barrueta bermeotarraren Autoerretratua dira bildumako obra barriak. Museoak dauen hiru autoreon bildumea handitu eta balioa emoten deutsala azpimarratu dabe koadroen aurkezpenean.
Zuloagaren Pikatzaile ijitoa-k, esate baterako, zezenketen gaia ekarri dau lehenengoz museora, hau da, pintore eibartarra ezagun egin eban tematiketako bat. 1903an egina, Venezian salerosi zan obra hau, Frankfurt eta Madrilgo bildumetan hara eta hona ibili baino lehen, harik eta Plácido Arango bildumagileak erosi eban arte. Honen oinordekoek emon deutsie museoari.
Guinearen Arto-jorratzea (1893) dala eta, autoreak Parisera egindako lehenengo bidaiaren ondoren sortu ebala dino museoak, eta pintura garrantzitsua izan zala haren ibilbidean. Adolfo Guiard artisteak Guineagan izan eban eragina agirikoa da obra honetan, estetika inpresionistea lehenengoz ikusten dogulako Guinearen lan baten.
Benito Barruetaren autoerretratua 1905ekoa da, gitxi gorabehera, eta haren estiloan eta konposizinoan agirikoa da Velazquezi egindako omenaldia. Museoak lehendik izan dau bermeotarraren beste autoerretratu bat, baina askoz barriagoa, 1940ko hamarkadakoa. Euskal erretratugilerik nabarmenenetako bat dan Barruetaren bildumea osotu dau, beraz, Arte Eder Museoak.
Dohaintzan jasotako hiru obrak publikoari aurkeztu eta interesa dabenei azalpen zabalagoak emoteko, Bilboko Arte Eder Museoak hiru berbaldi antolatu ditu, martiko hiru eguenetan (danak 19:00etan). Hasteko, hil horren 3an, Anselmo Guinearen grina naturalista izeneko berbaldia emongo dau Mikel Lertxundi doktore eta arte-komisarioak.
Martiaren 10ean, museoko konserbazino arduradun Javier Novok egingo dau berba, Ijito, torero eta poeta artean. Figurak eta modeloak Ignacio Zuloagaren obran izeneko saioan. Azkenik, 17an, Benito Barruetaren obran aditua dan Andone Narváez konbidauko dabe, artista bermeotarraren bizitzea eta obrea jorratu deizan. Hiru berbaldiak doban dira, baina sarrerak hartu behar dira aurretiaz, museoko leihatilan (zezeilaren 1etik).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!