Espazio pedagogiko eta esperimentalen bila Gasteizko Artiumen
2022-01-24 10:06 Kulturea1957 eta 1979 urteen arteko proiektu artistikoak batu ditue erakusketa baten.
Euskal arteak batzeko, gogoetea egiteko eta gizartea hezteko lekuak faltan zituala esan eban Jorge Oteizak Quousque tandem! liburuan (1963), eta hutsune horri emon jakon erantzuna batu dau Gasteizko Artium Museoak, Pentsetako leku bat, arte-eskola eta -praktika esperimentalak izenburupean. 1957 eta 1979. urteen artean martxan jarritako proiektuak, banakakoak zein taldekakoak, azaltzen dira, euskal jentearen hazkunde soziopolitiko, kultural eta intelektuala helburu ebenak.
Proiektu guztiak ekimen instituzional edo akademikotik apartekoak ziran, sasoi haretan euskal artea egituratzeko erakunderik ez egoalako. Halandabe, orduko giro sozialagaz bat eginez, gizartea eraldatzeko gogoz sortu ziran hainbat ekimen. Proposamen hetereogeneoak dira, ikuspegi eta formatu ugari batzen dira erakusketan.
Hori bai, Jorge Oteizak topaketarako, prestakuntzarako eta kultura-hazkunderako guneak izateko egin eban aldarrikapenagaz bat egiten dabe aurkeztutako proiektu guztiek. Danetara, 19 kasu aztertu ditue Artiumeko erakusketan.
1957 eta 1979 urteen arteko epea aukeratu izana ez da kasualidadea. 1957-59aren bueltan hasi zan Jorge Oteiza artistearen eginkizun sozial eta politikoaren inguruko gogoetea egiten, ordura arteko bide teorikoa alboratuta. 1979an, ostera, Bilboko Arte Ederretako Goi Eskolea unibersidadadeko fakultade bihurtu zan, eta euskal artea egituratzeko erreferentziazko erakunde akademiko bihurtu.
Erakusketan aitatzen diran izenak eta lekuak ikusi ahala, artisten eta geografien arteko loturak agertzen dira, Euskal Herriko zein Espainiako arte-panoraman giltzarri izan ziran konpartidutako ardurak: abstrakzinoaren eta figurazinoaren arteko eztabaidak, arteen integrazinoaren auzia, arte-irakaskuntzea barritzeko premia eta artearen zeregin soziala autortzea.
Hortaz, euskal arte garaikidearen sorrerako jazoera hareetara hurreratzeko proposamena dakar erakusketeak, artistea hezitzaile bihurtzeko prozesuetatik eta arte-irakaskuntzatik abiatuta oraingo honetan, baina ardatz biok sasoi haretako testuinguru historiko-sozialetik jorratzea ahaztu barik.
Sergio Rubira, Mikel Onandia eta Rocío Robles Tardío dira erakusketearen komisarioak. Ganera, Jorge Oteiza Fundazinoaren laguntzinoa izan dabe. Bagilaren 12ra arte ikusi leiteke Artiumeko A3 aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!