Adimen artifizialari lotutako akordioa egin dabe Elhuyar Fundazinoak eta lau unibersidadek
2022-01-21 10:19 Euskerea berbagaiEuskerearen, aragoierearen eta okzitanierearen aurrerabidea ekarriko dau teknologia barrietan.
Zaragozako Unibersidadeak Jakan dauen egoitzan batu dira Elhuyar Fundazinoko eta lau unibersidadetako ordezkariak, hizkuntzen adimen artifiziala lantzeko akordioa sinatzeko. Aitatutako Zaragozako Unibersidadeaz gan, Aturri-Paueko Unibersidadea, Nafarroako Unibersidade Publikoa eta Euskal Herriko Unibersidadea dira sinatzaileak.
Pirinioen inguruko hiru hizkuntzari eragingo deutse hitzarmenak, hau da, euskereari, aragoiereari eta okzitaniereari. Hizkuntzei aplikautako adimen artifiziala hizkuntza horreetara zabaltzeko lankidetzan jardungo dabe Elhuyarrek eta lau unibersidadeek, gaur egungo mundu digitalizaduan aurrera egiteko ezinbestekoa dabelako hizkuntza gitxituak be era horretako teknologietara egokitzea.
Zehatzago, akordioari esker, Linguatec proiektuan garatutako tresna eta aplikazino teknologikoak sustatuko ditue. Euskerearen, aragoierearen eta okzitanierearen digitalizazinoa hobetuko daben tresna, aplikazino eta baliabide teknologikoak sortu, erakutsi eta zabaltzeko konpromisoa hartu dabe sinatzaileek, eta hiru hizkuntzen arteko lankidetzarako atea zabaldu dau alor teknologikoan.
Lau urterako hitzarmenaren arabera, Elhuyar arduratuko da unibersidadeen esku jarteaz euskerarako, aragoierarako eta okzitanierarako dagozan tresna teknologikoak. Adimen artifizialean oinarritutako itzultzaile automatikoak, ahotsa sintetizau eta ezagutzeko teknologiak, audiogida eleanitzak eta sortu leitekezan bestelako baliabideak sartzen dira hor.
Unibersidadeek baliabideok erabiliko ditue, funtzionamenduaren ebaluazinoa eta proposamen barriak egiteaz gan. Ganera, euskerearen, aragoierearen eta okzitanierearen aurrerapen teknologikoan lagunduko daben adimen artifizialeko proiektuetan hartuko dabe parte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!