Kerobiak 'Hurrengo maiatza' singlea aurkeztu dau

Bizkaie! 2022-01-21 09:24   Musikea

Iñigo Chalezquer eta Leire Estebanek zuzendutako bideoklip eta guzti dator abestia.

Argazkia: Silvia Catalan/Lokalizazinoak: Leire de Esteban | Ikusi handiago | Argazki originala

Kerobiaren disko barria, Hilak, ezusteko gozoa izan zan zaleentzat, eten luze baten osteko lanaren emoitzea dalako. Oraingo honetan, Hurrengo maiatza abestiari jagokozan singlea eta bideoklipa aurkeztu ditu talde nafarrak, eta disko osoaren moduan, zientzia fikzinoan eta Lurretik kanpoko espazioan oinarritutako estetikea dau. 

Eguzki Sisteman zabaldutako globoetan jazoten diran zortzi istorio dakarz disko barriak, beste horrenbeste kantutan. Zientzia fikzinozko film bihurtzeko moduko albuma da, Kerobiakoen esanetan, eta horren erakusgarri da Hurrengo maiatza singlea. Arrate Rodriguezek diskorako egindako diseinuari eta kantuak kontetan dauen istorioari bizia emoteko ardurea izan dabe Iñigo Chalezquer eta Leire de Estebanek bideoklipean.

Ikusi eta entzun hemen.

Lurra eta maite dituanak abandonau ondoren unibersoaren edertasunari kantetan deutsan persona baten istorioa da Hurrengo maiatza, Kerobiakoen arabera. Autoritarismoa lankidetzeagaz, heroia umiltasunagaz, epikoa eta egunerokoa aurrez aurre jarteen dituan lana da.

Nafarroan grabau dabe bideoklipa, Esako urtegian, Cintruenigoko kultur etxean... Irati Esain eta Silvia Catalan laguntzaile zirala, egun frenetiko bi behar izan zituan grabazino osoa egiteko. Ondo pasau eta ahalik eta gauza politena egiten ahalegindu dirala dino Xabi Bandini taldekideak.  

Laster Kerobia zuzenean entzuteko modua izango dogu, Hilak aurkezteko bireari ekingo deutselako martian. Lehenengo hitzordua Bilboko Kafe Antzokian izango da, 12an. Hile horren 18an, Andoaingo Basteron joko dabe. Gaur egungo taldekideak Eneko Requetibate, Carlos Colina, Lur Larraza, Alberto Isaba eta Xabi Bandini dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu