Mikel Urdangarin: 'Ilusinoa ez jat amatau'

Koldo Isusi Zuazo 2022-01-24 07:55   Barriketan

Abeslari zornotzarra.

Sekula bakarrik egon ez dan bakarlaria, abeslari zornotzarrak esandakoa da eta bakarlariaren bakardadea sentidu arren, bakardadeak, isiltasunak emon deutson esentzia erabili dau Urdangarinek kantuak sortzeko. Orain 25 urte musikea aukeratu eban Mikelek eta sekula ez da damutu, beti poztasunaren bila. Ibilbide horretan makinatxu bat disko eta proiektutan ibili da, 16 disko, Bar Puerto, Zaharregia, txikiegia agian, Jainko txiki eta jostalari hura, Hotza Da NY Is Cold eta beste batzuk. 2020. urtean plazaratutako Izurdeen Lekua diskoa aurkezten ibili da oraintsura arte eta laster ekingo deutso 25 Urte bireari Madrilen.

Zorionak Mikel 25. urtebetetzean, eutsi goiari!!!

1.- Orain 25 urte maisua zinan eta bertsotan be egiten zenduan. Gaur egun, barriz, euskal musikako bakarlari onenetakoa zara. Bizimodua ondo zehaztuta zeunkan eta, halan da be, pausua emon zenduan. Zerk eraginda?

Orain 25 urtetik hona hartutako erabagi danak asmo bategaz hartu dodaz, hau da, zoriontsu izateko asmoagaz. Orduan maisua nintzan, behin betiko egin behar ninduen eta dinozun moduan bizimodua zehaztuta izan arren, musikara pausua egitea otu jatan zoriontsuagoa izango nintzalakoan. Orain urte batzuk hartutako erabagia da, eten barik barritu behar izan dodana, urtero edo proiektu bakotxaren aurrean.

2.- 25 urteak arin ala astiro joan jatzuz?

Denporearen joan-etorriari ez deutsat erreparau, ez naz atzera begituten dabilen horreetakoa, danon antzean ibili nazela pentsetan dot baina 25. urteurrena be hor dago eta horrek eragin deust atzera begitutea, mugarriak zeintzuk izan diran eta hobetu daitekezanak hobetu ahal izateko. Arin ala astiro joan jatazan urteak dinostazu eta nik pentsetan dot bizirik gagozala eta ez da gitxi, antxinako amesak betetako ahaleginetan gabiz baina ni ez naz lehengoa eta aldaketak badagozan arren, ilusinoa ez jat amatau, kantetan segiduten dot, nori kantau badaukat eta pozgarria da hori.


3.- 1997an plazaratu zenduan lehenengo diskoa Haitzetan eta oraintsu etorri da berrargitalpena Haitzetan. 1997-2022, Su ñimiño bat, 2021eko udagoienean sortutako abestia be tartean dala, Bilboko Kafe Antzokian publiko barik grabautakoa...

Bai. Haitzetan atara behar izan genduan, nire lehenengoa zan eta aparteko ilusinoa neukalako. Kontua da ze asko eta asko, neu kantuan hasi eta geroago jaio zirala, 16, 17, 18 urteko jendarte bat dago Mikel Urdangarin ezagutu ebela nik dagoeneko urte batzuk musikan emonda nituanean. Baten batengandik ezagutu nabe askok, transmisinoa egon da eta zaharrak garela adierazoten dau horrek baina polita be bada ze gazteek buruz dakiez Haitzetan diskoko kantuak eta, atara kontuak, disko hori ez dago dendetan daborduko. Autoprodukzinoa izan zan eta gero diskoetxe batek plazaratu eban argitalpen bat baina nik berreskuratu gura neban eta Zart kolektiboari esker etorri zan. Oraintsuago pentsau genduan aukera ederra izango zala berrargitalpena egitea eta holan egin dogu, Haitzetan ha gogoratu eta 20022ra ekarteko eta hor dago Haitzetan 1997-2022 Mikel Urdangarin.

Su nimiño bat urteurrenagaz lotutako kantua da eta emozino handiz grabau genduan Bilboko Kafe Antzokian, publiko barik eta musikari-lagun askok. Autortzea da niretzako sano berezia dan lekuari, urtero Gabok jaion bueltan hortxe kantau izan dodalako eta maite dodan leku bat dalako.

4.- Gitarra akustikoa lagun, makinatxu bat kantaldi emon dozuz bazterrik ezezagunenetan, herri txiki bateko eleizan, ez dakit nongo frontoian... Zein izan da zuretzako gustokoena, bereziena, bihotzean ondo gordeta dozuna?

Erantzuna ez da erraza. 500 kontzertu baino gehiago izango dira eta bat aukeratzea sano gatza da, danetan egon da zeozertxu, persona bat, begirada bat, keinu bat, lekua bera eta zer esango deutsut. Askotan pentsau izan dot eta errazena izan daiteke Bilboko Kafe Antzokia nabarmentzea, sano berezia da leku hori,
hartu-emonak dodaz horko jenteagaz eta jakin arren hauskorrak izan daitekezala lotura horreek, musikearen mundua be hauskorra da eta horregaitik da han indartsua, maite dodan lekua da eta urtero Gabon bueltan hor kantetea, niretzako sano berezia da baina herri galdu bateko eleizan emondakoa be ez dot ahaztuten.

5.- Talde potoloa be erabili dozu askotan zuzenekoetan, Josu Zabala, Rafa Rueda, Koldo Uriarte, Jon Cañaveras, Ander Hurtado de Saratxo eta beste asko... Bakarlari ala taldearen babespean zabiz hobeto?

Bai, bakarlaria izan arren, beti batu naz musikari-sortzaile-lagun handiakaz, batzuk aitatzea gura badozu, Bingen Mendizabal, Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Josu Zabala, Nika Bitchiasvili, Jon Cañaveras, Ander Hurtado de Saratxo eta Alison Keable eta beste asko aitatuko neukez, parkatuko deuste aitatu barik geratu diranak...

6.- New Yorkera bueltak, Kirmen Rafa eta zeu, zelan gogoratzen dozuz esperientzioak? Gainera, AEBetara joateko amesa be badozu, antza...

2003an joan ginan lehenengoz Zaharregia, txikiegia agian horregaz eta oso pozik bueltau ginan; hortik aurrera, bost aldiz joan gara hara, Kirmenegaz, Rafagaz eta bateren baten neu bakarrik be bai, atrapau ninduan uriak eta ahal dodan guztietan hara eskapadea egiten dot; badakizu, New Yorken gainean esaten da maitasun-gorroto hartu-emonak sortzen dirala eta egia da, badagoz asko gorrotatzen dabenak eta beste batzuk, barriz maite dabenak. Esango deutsut, ezustekorik ez bada, birritan joateko gogoa dodala, maiatzean kontzertu bat emongo dot eta udagoienean Kirmenegaz, Izurdeen aurreku bizitza liburu barria
aurkezten. Akaso hirugarrenez be joango naz. Maite dodan uria da.

7.- Laboa, Lete, Lertxundi, Martikorena, Imanol eta Berzaitz, entzute handiko abeslariak. Zer izan dira zuretzako?

Eredu. Batzuk gehiago, beste batzuk gitxiago baina beti izan ditut gogoan. Danari zor deutset begirunea eta beti pentsau izan dot eurak ibili ziralako gagozala geu hemen. Ez gatoz ezerezetik. Hareek egindako bideetatik goaz eta espero dot geureetatik beste batzuk etortea. Katebegiotan etenik ez izatea espero dot eta oraintxe ikusten da jente gaztea, ahots ederrakaz, emakumeak asko, badatozela indartsu eta horreekaz lotuta sentiduten naz, mundu berezi baten parte nazela, euskeraz sortzen dogun sortzaileon mundua. Emakumeak kantuan beti ibili dira baina portzentajeari erreparau ezkero, pilo bat dira orain eta gazteak, oso gazteak, 19, 20 urtekoak. Esanguratsua da talentu handikoak dirala eta indar handiz datozela. Bakotxak bere bidea egiten dau eta bide horreek handiagoan batzen dira eta hori ederra da, itsasora doan ontziteria gara eta geu hor goaz txalupan.

8.- Beste artista batzuekaz batera, igaz Lauaxeta Ohorezko Saria irabazi zenduan...

Oso pozik hartu neban autortzea, estimadu daukat Lauaxeta eta ilusinoa egin eustan. Personaje esanguratsua begitantzen jat, fusilau eben personea. Lauaxetari lotutako autortzea da eta haren testuren bat be erabili dot kanturen bat egiteko eta niretzako ohorea izan da saria jasotea, beste lagun eta sortzaile
batzukaz konpartiduta.

9.- Ura bere bidean ekimenari esker, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Alkartea alboan dozuzala kantetea be zoragarria izango zan zuretzako...

Itzel pasau neban. Artistak dira nire esparrutik kanpokoak baina onak dira eta orkestreagaz batera lehenengoz kantetea sekulakoa izan da, ikaragarri gozau neban. Egitasmoa bera be gustetan jat eta holako orkestra eta koralagaz kantetea plazerra izan da. Fernando Velazquez zuzendariak nire kantuaren orkestra
sinfonikorako egindako konponketea edo moldaketea egin eban eta zoragarri geratu zan.

10.- Orain hiru bat urte estreinautako Oier Aranzabalen lehenengo film luzea Margolaria dokumentaleko protagonistea be bazara. Sortzailearen irudia da zeurea. Zelako momentua izan zan zeu pantailan ikusi zenduaneko momentua?

Ez ohikoa baina ederra, berezia. Oier Aranzabalek proponidu eustanean, di-da baiezkoa emon neutsan. Ia urte bi izan dira kamarea gainean eta uste baino hobea izan da esperientzia. Sortzailearen irudia izan naz. Gainera, beti eskertuko deutsat Oierri dokumental horretan bizi ez dan neure ama agertzen dalako eta
egia esan behar badeutsut horixe da nire amaren dokumentu bakarra, pantaila handian ikusteko erea eskertzen deutsat.

11.- 'Sekula bakarrik egon ez dan bakarlaria naz' esan dozu baina bakarlariaren bakardaderik ez dozu inoiz sentidu?

2015ean edo bota neban hori bakarkako birea hasteko nintzala eta taula gainean neu bakarrik sekula egon barik. Bakarlaria bai baina sekula ez naz bakarrik sentidu. Urte eta erdi ibili nintzan gitarra akustikoa lagun eta hortik aurrera be bakarlari ibili banaz be, ate bat edegi eta taldeagaz be ibilten naz.

Ganerakoan, edozein sortzailek esango deutsu sortzeko isiltasuna beharrezkoa dala, zarateagaz sortzea ez da erraza eta nire kasuan bakarrik egoten naz sortze prozesuan, giro baketsua behar izaten dot.

12.- 'Izurdeen lekua' lana aurkeztuko dozu Donostian, urtarrilaren 28an eta 25 Urte birea be badator, badozu ezustekorik, hitzordurik?

Donostiako kontzertua izango da Izurdeen lekua aurkezteko birearen amaierea eta 25 Urte Birea be badator eta hor be kontzertu partidea etorriko da. Madrilen hasiko gara, Caracol aretoan, zezeilaren 5ean, Bartzelonan be bai, New Yorken, Japoniara be joan gura neuke....

Horrezaz gan, Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz diskoa eta birea egingo dodaz. Euren ehun urteak eta neure 25 urteak buztartu gura doguz, 100 + 25 izeneko ekimena sortu da eta horregaz be ibiliko gara 2022 eta 2023 urteetan be.


- Erretratuak: Bapo Bapo Produkzinoak, Gaizka Peñafiel, Bilboko Kafe Antzokia eta Enrique Moreno Esquibel.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu