Euskerearen geroa irudikatzen Arantzazutik

Bizkaie! 2022-01-20 12:02   Euskerea berbagai

Orain arte eginikoaz eta eginkizun dagoanaz jardun dabe 49 adituk.

Adolfo Arejita eta Ander Urrutia | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak azken 50 urteetan euskerearen normatibizazinoaren arloan egindako lana batzen dauen gidaliburua plazaratu dau, Iberoamericana Vervuert argitaletxeagaz batera: Arantzazutik mundu zabalera. Euskerearen normatibizazinoa: 1968-2018. Hain zuzen be, 2018an, Akademiaren mendeurrenaren barruan egindako jardunaldian jasotakoak batu ditue argitalpen barrian, jatorri askotako 49 adituk hausnartu eta esandakoak, besteak beste, Eric Hoekstra, Jeroen Darquennes, Joan Martí, Manuel González, Battittu Coyos, Miren Azkarate, Miriam Urkia, Asier Larrinaga, Irene Arrarats, Ainhoa Arregi, Xabier Isasi, Elixabete Piñol, Maddi Etxebarria, Ander Irizar, Joxerra Garzia, Andres Alberdi eta Bernardo Atxagaren gogoetak jasota dagoz argitalpenean.

Mendeurrenaren barruan, Euskaltzaindiak mintegi berezia atondu eban 2018ko urrian, Arantzazun; bertan, euskerearen estandarizazino prozesuan eginiko aurrerapenak azaldu eta, horregaz batera, etorkizunean egin beharreko ahaleginak plazaratu zituen. Hori dana batzen dau Arantzazutik mundu zabalera gidaliburuak, baina ez hori bakarrik. Liburu honek corpusari buruzko gogoeta sakona dakar, hau da, Euskaltzaindiak hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan, ahoskeraren alorrean eginiko aurrerapenak azaltzen eta finkatzen ditu. Baina corpusa eta estatusa batera eroan behar diranez, liburuan argi ikusten da gure hizkuntzea administrazino publikoan, hezkuntzan edo itzulpengintzan erabilteko tresna fina izan dala eta badala. Horixe da, izatez, Euskaltzaindiaren zeregin nagusia: tresnak sortu eta gizarteratu, berari jagokozan alorretan, esan dau Urrutiak gaurko agerpenean.

Liburua sei ataletan banatu da (5+1) eta azken 50 urteotako ahaleginen lagin interesgarria eskaintzen dau, ondorio ugari azpimarratuz, Urrutiak adierazo dauen bezela: Liburuan ondorioztatzen da euskera batuak bere funtzinoa bete dauela, salto kualitatibo ikaragarria egin baitogu, esaterako, azken 25 urteotan. Euskera batua tresna eraginkorra da erabilera jasoaren ikuspuntutik; esangura horretan, gizarteak eskatzen dituan funtzino guztiak beteten ditu eta, gainera, euskerearen lurralde guztietara zabaldu da. Sasoia zanean, euskera batuaren auzia hil ala bizikoa izan zala nabarmendu dau euskaltzainburuak, baina hizkuntzearen ajeak be zehaztu ditu: Hizkuntzearena eten bako prozesua izanik, oraindino badago zer egin. Esaterako, tokian tokiko errealidade eta moldeak kontuan izan behar ditugu, euskerea errealidade barrietara egokitu behar da −digitalizazinoa, ikus-entzunezkoen aldaera barriak, adimen artifiziala...− eta euskalgintzan gabizanok erabili behar dogu batua koordinazino-tresna lez. Liburuan be asko dago kontu horreen inguruan, hau da, etorkizunari begira egin beharreko ahalegin barrien inguruan.

Liburuaren azken berbea Euskera Batuaren Adierazpena da, bertan berresten baitira Euskaltzaindiaren helburu nagusiak, oraindino be bizi-bizi dagozak.

Adierazpen hori Joan Mari Torrealdai euskaltzainak irakurri eban 2018an atondutako Arantzazuko mintegian.

Gida-liburua hemen eskura daiteke

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu