22. Korrikaren ibilbidea ezagutarazo dau AEK-k

Bizkaie! 2022-01-19 12:38   Euskerea berbagai

Kilometroak erreserbetako aukerea zezeilaren 1ean zabalduko da.

Aurten, euskerearen aldeko ekimen erraldoia martiaren 31n hasiko da Amurrion eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean.

Aurreko Korrika amaitu zan herrialde berean hasiko da aurtengoa: Araban, hain zuzen be. Amurrio izan da urtekerea emoteko AEK-k aukeratutako herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daroan lekukoa martiaren 31n, arratsaldeko 16:30ean. Lehenengo arratsalde/iluntze horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da eta apirileko lehenengo egunakaz batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barrena hain zuzen be.

Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emongo dau Korrikak, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, Gipuzkoara sartzeko ondoren, Eibarretik. Hortik Debagoienera (Bergara, Arrasate, Leintz-Gatzaga) eta buelta Arabara, Legution barrena, arratsaldeko 17:00etan edizino honek egingo dauen lehenengo uriburua zeharkatzeko: Gasteiz.

Korrikak Lautadan emongo ditu apirilaren 1eko azken orduak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko. Zapatua izango da dagoeneko, apirilaren 2a. Korrikalariek Nafarroan emongo dabe astegoiena, Sakanatik Iruñerrira eta Iruñea uriburutik Elortzibarrera. Hortik Izarbeibarra, Tafallaldera eta eguna amaitzeko Erriberara.

Apirilaren 3ko azken orduak Zangozaldean emon ostean, Pirinioak, mendi eta haranetan ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4ko arratsaldeko 17:00etan edizino honek zapalduko dauen hirugarren uriburuan sartzeko: Donibanheltzea aurreikusi dau AEK-k. 22. Korrika erdia eginda egongo da ordurako. Apirilaren 5eko lehenengo orduak Zuberoan emongo ditu lekukoak, hortik barriro Nafarroa Beherera bueltau eta Baigorritik Erratzurako bidetik Nafarroa Garaiko hurrengo etapea egiteko. Baztan, Ultzama, Larraun, berriro Sakana eta Lizarraldeko biztanleek ikusiko ditue korrikalariak pasetan egun horretan.

Apirilaren 6an, barriz, Araban ibiliko dira korrikolariak. Mugatik Kanpezura eta Mendialdean ibiliko da lekukoa, eskuz esku. Hortik Trebiñu, Añana eta Gorbeialdera, azkenik Bizkaira sartzeko Arratiatik, 22. edizino honetan bigarren aldiz. Ondoren, egun bi emongo ditu Bizkaian Korrikak: Arratiatik Usansolora eta Txorierritik Bilbora, hurrengo uriburura.

Apirilaren 6ko iluntzean, Ezkerraldea eta Meatzaldetik ibiliko dira korrikalariak 7ko ordu txikietan eta goizaldea Uribe Kostan pasauko dabe. Hortik Uribe Butroe, Busturialdea eta Lea-Artibaira, eguna azkenik Mutrikun amaitzen ikusteko.

Apirilaren 8an Gipuzkoan ibiliko dira: Deba, Urola (Zestoa), Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, barriro Urola, Goierri eta barriro Tolosaldea, eguna bertan amaitzeko.

Zapatuan, korrikalariek Nafarroako azken etapeari ekingo deutse: Leitzaldea, Malerreka eta Bortzirietan, Lapurdira sartzeko geroago Ibardinetik.

Apirilaren 9a Lapurdiren txandea izango da eta lekukoa arratsaldeko 17:30ean helduko da Baionara.

Euskal Herriko herrialde guztietan ibiliko zan Korrika ordurako baina azken eguneko txanpea faltako jako oraindino, apirilaren 10ekoa: hegoaldera joko dau lehenengo eta barriro sartuko da Gipuzkoara Irundik. Bidasoa atzean itxita, Oarsoaldea zeharkatuko dabe, Hernanialdea atzean itxi eta, azkenik, Añorgatik sartuko dira korrikalariak Donostia Gipuzkoako uriburura, goizeko 7:30ak aldera.

Mezuaren irakurketea eta amaierako jai handiaren hasierea eguerdiko 12:30erako aurreikusita dago, Donostiako Boulevardean.

Korrika aplikazinoa

Ibilbidearen zehetasunak eta ekimenaren beraren egoerea konsultau ahal izango dira gailu adimendunetarako aplikazinoaren bidez. Aurten, programeak hainbat barrikuntza dakarz: bilatzaile hobetua eta estaldura arazoei aurre egiteko sistema barria. Aplikazinoa eskuragarri dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan. Osogarri moduan, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka be badago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

HitzEkin

Hizkuntza bat berbakaz osotzen da baina ekimenek eregiten dabe hizkuntza baten komunidadea. Euskereak aurrera egin nahi badau, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, salto egingo dabenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu